2016. urtean sortu zen Lapurdiko Arraun Taldea, eta, ordutik, urtero aritu da lehian gizonezkoen trainerua, KAE 1 eta KAE 2 ligetan. Azkar batzuetan, eta mantsoago beste batzuetan. 2023an Eusko Label ligara igotzear egon ziren, baina ez zuten lortu. Aurten, oso bestelako helburuak dituzte. Lehena bete dute: trainerua uretan izatea. Eta, orain, bigarrena lortzeko ari dira buru-belarri lanean: ontzia ahalik bizkorren aritzea eta beste denboraldi batez KAE 1 ligan segitzea.
Aldaketa dezente izan dituzte traineruan, baina esanguratsuena, hauxe: Battit Ondikola izango da entrenatzailea, Mikel Portularrume Paorra-ri lekukoa hartuta. «Urrian-edo hasi ginen entrenatzaile bila, baina ez genuen aurkitu. Ez da erraza, gainera jakinda jende gutxi ginela eta proiektu xumea izanen zela... Aukera bakarra zen ni jartzea», azaldu du lapurtarrak, eta aitortu du arduraz hartu duela postua: «Diferentea da, beste presio bat dut. Nahiz eta klubak ez didan jartzen, neuk jartzen diot neure buruari. Etengabe ari naiz horretan pentsatzen».
Eskarmentu handia du Ondikolak traineruan, eta, teknikari izateaz gain, arraun ere egingo du. Horri etekina atera ahal diola uste du, gainera: «Bakarrik entrenatzailea baldin bazara, ez duzu berdin antzematen egiten ari zarena: zenbateraino nekatuak garen, gehiegi ari garen entrenatzen... Egia da biak uztartzeak denbora gehiago eskatzen duela, baina nahiago dut. Gure proiektuan oso garrantzitsua iruditzen zait traineruaren barruan izatea. Talde oso gaztea da, eta behar du norbait hor barruan laguntzen, momentu zailetan gehienbat».
Lapurtarra lehen aldiz ariko da entrenatzaile lanetan, baina sona handiko teknikariak izan ditu bidean. Adibidez, Mikel Orbañanos, Hondarribian, bost urtez; baita iaz Paorra ere, Lapurdin. Urteotan ikasitakoa islatzen saiatuko da, beraz. Dena den, bakoitzak du bere egiteko modua. «Oraindik gaztea naiz, eta hemen inguruko arraunlari gehienak nirekin ibilitakoak dira. Saiatzen naiz hurbiltasun horretatik entrenatzen. Ez dut uste gogorregia naizenik, ezta behar ere. Saiatzen naiz gazteei beren tokia ematen, hobetzeaz gain, ahalik ondoen pasa dezaten».

Gustura ari dira lanean, baina ez dute hasiera samurra izan. Izan ere, kostatu egin zitzaien taldea osatzea; urte hasieran entrenamendu dezente egin zituzten trainerua bete ezinda. Martxoan, baina, Gipuzkoako bost arraunlari batu zitzaizkien taldera, eta beste patxada batez ekin zioten sasoia prestatzeari. Trainerua ahalik azkarren aritzea dute orain helburu: «Hasieran, helburua zen trainerua uretan izatea; hori zen aurtengo erronka nagusia. Eta, orain, kanporaketei izkin egitea izango da; ez jaistea hirugarren mailara».
Lehiakideei ere erreparatu die: «Nabaritu da Arkotek gehiago sufrituko duela lehengo urtearekin alderatuz, guk ere bai, eta San Pedrok ere bai. Besteak ondo ikusten ditut: Kaiku ongi ibiliko da, Zumaia oso ondo ari da, eta Deustu ere pentsatzen dut ondo ibiliko dela».
Proiektua, urtez urte
Kluba sendo dagoela nabarmendu du Ondikolak: «Ekonomikoki uste dut sano dela, eta giro oso ona da elkartean». Baina horrek ez du ezer bermatzen: «Gero, helburua, taldearen arabera izaten da. Aurten kostatu zaigu, eta ikusiko dugu aurrerantzean».
Haren ustez, zaila da jendea arraunari lotzea: «Talde bakarra dago Iparraldean. Arraunlari gutxi gara, eta bizpahiruk uzten dutelarik, asko nabaritzen da. Badugu arraun eskola bat, baina ttipia dena, eta trainerurako pausoa ematea zaila da».Â
«Bakarrik entrenatzailea baldin bazara, ez duzu berdin antzematen egiten ari zarena: zenbateraino nekatuak garen, gehiegi ari garen entrenatzen... Egia da biak uztartzeak denbora gehiago eskatzen duela, baina nahiago dut»
BATTIT ONDIKOLAÂ Lapurdiko entrenatzailea eta arraunlaria
Gainera, gazteek ez dute arraunerako joera: «Alde batetik, hemen arrauna ez da kirol ezaguna. Eta 18-19 urte dituztenek ez dute parada ikasketak bertan egiteko. Gehienak Bordelera joan behar izaten dira, Frantziara. Haientzat Hegoaldean baino zailagoa da ikasketak eta arrauna uztartzea, eta horrek eragin zuzena du. Lehengo urtean gazte kategoriakoak ziren bik segitzen dute aurten, eta beste hiruzpalau joan dira ikastera. Nahiz eta arrauna maite, ez dute aukera eduki segitzeko».
Hori horrela izanda ere, balio eta garrantzi handia ematen diote harrobiari: «Saiatzen gara gazteak aulki mugikorrean eta batelean ibil daitezen. Gainera, Gipuzkoan eta Bizkaian arraunlari dezente ibiltzen dira talde batetik bestera, baina gu urrunago gaude. Beraz, zailagoa da guretzat arraunlari batzuk erakartzea. Alde horretatik, guretzat inportantea da gure gazteak trainerukoekin lan egitea».

Bost urtez Hondarribian arraun egin ondoren, iaz itzuli zen «etxera» Ondikola. «Hiru urtez ibili nintzen hemen, proiektuaren hasieratik, eta gero nahi nuen ikusi noraino iristeko gai nintzen. Horregatik joan nintzen Hondarribira. Baina beti esan diet hemengoei Lapurdiko proiektua niretzat garrantzitsua dela, eta ikusten bazuten zalantzan zela proiektua, prest nintzela bueltatzeko. Horrela gertatu zen. Iaz urte hasieran zalantzak izan ziren, eta eskatu zidaten bueltatzea proiektuari arnasa emateko».
Hori jakinda, itzultzea erabaki zuen. Uste osoa du proiektuan, baina urtez urtez eta pausoz pauso joan behar dutela azaldu du: «Proiektu txikia izanda eta jende gutxi izanda, zaila da epe luzera begira zer gertatuko den jakitea». Oraingoz, uretan da trainerua, eta lehiarako gogoz eta ilusioz dira arraunlariak.