Apustua azpeitiko zezen-plazan

Larrañaga: "Ez zait iruditzen neure burua beldurtzeko zereraino joan zenik"

Asteburuan Azpeitiko zezen plazan jokatutako apustuaren harira, elkarrizketa egin dio Urola Kostako Hitza-k Mikel Larrañaga aizkolariari. Hark aitortu du bukaeran "narrastu" egin zela lehia, baina nabarmendu ordura arte ederki joan zela.

Mikel Larrañaga besoak goran dituela, apustuaren amaieran. UROLA KOSTAKO HITZA
2017ko uztailaren 4a
15:11
Entzun

Azpeitiko zezen plazan zen ekitaldia joan zen larunbatean, eta jendetza bildu zen ikuskizunaz gozatzera. Ordea, espero gabeko irudia ikusi zuten. Puntako bi kirolari, Mikel Larrañaga aizkolaria eta Alex Txikon alpinista, akituta eta balantzaka, 7,5 kilometroko lasterketa amaitu ezinean. Aurretik harri jasotzen eta aizkoran aritu ziren biak, eta ondoren egin behar zuten korrika. Indartsu irten zen Txikon, eta hura zen apustua irabazteko faboritoa ere —6.000 euro zituen bakoitzak jokoan—, baina, 40 itzuli baino gutxiago falta zitzaizkionean, lurrera erori zen, zorabiatuta. Erietxera eraman behar izan zuten.

Hautsak harrotu ditu bi kirolariek emandako irudiak, eta, alde horretatik, Larrañagak berak aitortu dio Urola Kostako Hitza-ri "narrastu" egin zela apustua. Aldi berean, ordea, garrantzia kendu dio askok gogorregitzat jo duten lehiari: "Bukatu nuenean, aldagelan etzan nintzen pixka batean, eta ondo errekuperatu nintzen. Pultsometroa eskuan neukan, eta ondo markatzen zizkidan pultsazioak. Nekatua hartu nuen, eta bolada batean zorabio bat-eta eduki nituen, baina ez zait iruditzen neure burua beldurtzeko zereraino joan zenik".

Txikonen egoeraz galdetuta, berriz, adierazi du entrenatzaileak esan ziola abiadura hartan alpinistak ez zuela lasterketa bukatuko, eta berak jarraitzeko bere erritmoan. Ordea, horretarako ere arazoak izan zituen Larrañagak: "Egun horretan gel horietakoa hartu genuen, ona zela eta. Sekula hartu gabe geunden, eta gorputzak ez ondo erreakzionatu-edo, ur gehiegi edan eta… Azkenerako, urdailak ez zizkidan onartu gauza horiek. Gero ja bota nuenean, hobera egin nuen".

Entrenatzeko epeak ere izan zuen ziurrenik zerikusia emaitzan. Izan ere, hiru hilabete lehenago adostu zituzten probak bi kirolariek, eta tarte hori "motz" geratu zela aitortu du aizkolariak. Hala ere, aurrerantzean antzeko lehietan parte hartzeko prest legoke Larrañaga. "Berriz ere freskatzen naizenean, zerbait irteten bada, ezezkorik ez dut esango".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.