Lasaitasuna dago jokoan

Ligako lehen laurdena oraindik bete ez duten arren, garaipena behar du Athleticek, dinamika txarra amaitzeko

haritz gallastegi
Bilbo
2009ko urriaren 31
00:00
Entzun
«Taldea pozik eta animatuta dago», esan zuen Joaquin Caparrosek atzo, Athleticek San Mamesen egin zuen lan saioa amaitu berritan. Zer esan ez dakien baten adierazpenak dirudite, inork ez baitzion sinetsi esan zuena. Jokatutako azken zortzi partidetatik sei galdu dituen taldeko kideak ezin dira pozik egon. Motibatuta edota egoera txarrari lehenbailehen buelta emateko gogoarekin egon daiteke, baina inolaz ere ez pozik.

Pozik ez, kezkatuta daude talde zuri-gorriko kideak. Taldea maldan behera doa, eta inork ez daki nola eten bolada txarra. Gaixorik dagoen talde baten sintoma guztiak azaltzen ditu talde bizkaitarrak. Defentsako gaitza Caparrosen Athletic jaio zenetik dauka -aurretik ere bai-. Entrenatzaile- ak ezin izan dio gaitz hori sendatu, eta badirudi dagoeneko amore eman duela. Edozer eginda ere ez diola sendabiderik aurkituko dirudi. Genetikoa omen da. «Joan den sasoiko huts berberak egiten ditugu defentsan. Lan asko eginda ere, ezin ditugu konpondu. Banakako hutsak dira», esan zuen Caparrosek, «ezin baitugu ahaztu futbola futbolariena dela». Argi dauzka gauzak Utrerako (Espainia) entrenatzaileak. Errua jokalariena da. Athleticeko futbolariei kalitatea falta zaie, eta horren ondoiro dira hutsak.

Baina taldeari sekulako mina ematen dion gaitza nahikoa ez, eta bestelako kontuetan ere eragina izan dezakeela ikusi da. Izan ere, orain arteko gabezia guztiei erasoan eraginkor izanda egin die aurre Athleticek. Golek ezkutatu dute hein handi batean Athleticek defentsan eta talde jokoa egiterakoan erakutsi dituen hutsuneak. Jarraitzaile zuri-gorriek oso gutxitan ikusi dute talde sendo bat zelai gainean. Defentsan segurua eta orekatua balitz, Athletic sailkapenaren goiko aldera begira egongo litzateke. Izan ere, estrategia jokaldiak eta erasoko jokalariek euren kabuz egindako lanari esker, aukerak sortzeko gai izan da. Aukerak sortu eta golak sartu. Athleticek badaki-eta arriskua sortzen. Orain arte nahiko fin aritu da aurkariaren ate aurrean, baina beti ezin daiteke jokalarien inspiraziotik bizi. Eta asmatzen ez denean Kopan gertatu zena gerta daiteke; aurkariak ezer gutxi eginda irabaz dezakeela, alegia.

Beraz, zuri-gorriek badute kezkatuta egoteko arrazoi bat baino gehiago. Egiari zor, Caparrosek ere bai. Izan ere, txapelketako hurrengo atsedenaren aurretik lau neurketa jokatu beharko ditu Athleticek. Atletico Madril eta Racing Ligan, Madeirako Nacional Europako Ligan eta Rayo Vallecano Kopan, horiek izango dira kontrarioak. Bai taldeak eta bai entrenatzaileak asko izango dute jokoan hurrengo aste bietan. Jakinekoa da, makina bat aldiz erakutsi duelako Fernando Garcia Makua Athleticeko presidenteak konfiantza handia daukala entrenatzailearengan. Baina, era berean, futbola jarraitzen duenak badaki jarraitzaileak besaulkira begira hasi orduko irtenbide bat aurkitzen hasten direla presidenteak.

Bi taldeak, egoera latzean

Horregatik da garrantzitsua gaurko norgehiagoka. Athletic eta ingurukoak burumakur daude. Taldearen bolada txarra da, eta jokoak ere ez du ilusio handirik sortzen. Baina, oraingoz, lasai dago ingurua. Inork ez du Caparrosen burua eskatu -aspalditik eskatzen ari diren kazetari apur batzuk alde batera utzita-. Besteak beste, zuri-gorrien egoera ere ez delako txarra. Ligan jokoan egon diren azken hamabost puntuetatik bakarra lortu arren, jaitsiera lau puntura dauka Athleticek. Europako txartela ematen duen postua beste laura egonda, ezin esan egoera larria denik. Bestalde, Ligan baino hobeto dago Europako Kopan, eta orain arte Kopan baino ez du huts egin. Baina gaur irabazten ez badu, auskalo nola erreakzionatuko duen San Mamesek.

Athleticen egoera latza da, baina are eta behartuago zelairatuko da Atletico Madril. Taldeak arazoak dituela esatea ez da notizia berria. Talde horretan beti dabiltza istiluekin. Denboraldion ere ez dira ondo hasi. Ligan beheko postuetan daude, eta Txapeldunen Ligan hanka bat dute kanpoan. Ondorioz, errazena egin dute agintariek. Entrenatzailea aldatu dute. Abel kendu eta Quique Sanchez Flores fitxatu. Astebetean ez zuen taldea itxuraldatuko, baina litekeena da jokalariak lehen baino motibatuagoak egotea. Horri Agueroren eta Forlanen ekarpena gehituz gero, ezin esan Caparrosenek neurketa erraza izango dutenik. Asko hobetu beharko dute azken asteotan egin duten jokoa, garaipena eskuratu gura badute. Bestela, jai dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.