DARIO 11-22 LASO

Lasok ia ziurtatua du finalerdietan aritzea

Baikokoak bigarren garaipena lortu du buruz burukoaren final-laurdenetako ligaxkan; oraingoan, Darioren aurka. Finalerdietarako sailkatuko da, baldin eta bihar Altuna III.ak Zabaletari irabazten badio Eibarren.

Unai Laso, sakatzen. Hamar tanto egin ditu horrela gaur. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Unai Laso, sakatzen. Hamar tanto egin ditu horrela gaur. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Julen Etxeberria.
2024ko apirilaren 27a
19:47
Entzun

Unai Lasok adi-adi ikusiko du bihar Jose Javier Zabaletak eta Jokin Altunak Eibarko Astelena frontoian (Gipuzkoa) jokatuko duten partida. Lana bikain egin izanak ematen duen lasaitasunarekin ikusiko du. Bi partida jokatu ditu Buruz Buruko Txapelketako final-laurdenetako ligaxkan, eta biak irabazi ditu nagusitasunez. Duela astebete, 22-7 hartu zuen mendean Altuna III.a, Bilbon, eta, gaur, beste horrenbeste egin du Iruñean, Dario Gomezekin: 22-11 gailendu zaio.

Bitik bi irabazita, bakarrik dago B multzoaren buruan. Hain ondo egin ditu lanak, non bihar bertan sailka daitekeen finalerdietarako. Hauxe behar du: Altuna III.ak Zabaletari irabaztea. Hori gertatzen bada, sailkatuta egongo da, eta Iñaki Artola enpresakideari batuko zaio finalerdietan. Zabaletak Altuna III.ari irabazten badio, berriz, bi astez itxaron beharko du, azken jardunaldira.

Hala ere, handia gertatu beharko luke Bizkarreta-Gerendiaingo (Nafarroa) aurrelaria kanpoan geratzeko. Inoiz ez da gertatu pilotari batek final-laurdenetako ligaxkako lehen bi partidak irabazi ondoren ez aritzea gero finalerdietan. Aurten, Artola sailkatu da horrela; iaz, Altuna III.a eta Dario; eta duela bi urte, Joseba Ezkurdia eta Laso bera. Gainera, Lasori hemezortzi tanto besterik ez dizkiote egin bi partidetan. Beraz, oso litekeena da azken neurketa galduta ere sailkatzea. Nagusi da.

Sakea, erabakigarria

Gaur, ordea, ez da aritu Altuna III.aren aurka bezain distiratsu. Zerbait ondo egin badu, sakatu egin du ondo: hamar tanto lortu ditu. Horrek bere onetik atera du Dario; batez ere, bigarren zatian, ordura arte berdinduta egon baitira: 9-9. Baina sakearekin Lasok izandako eraginkortasunak desorekatu egin du lehia.

Dariok ere adi-adi erreparatuko dio bihar gertatzen denari, itxuraz, irabazlearen aurka lehiatuko baita sailkatzeko. Galtzaileak, berriz, ia ez du aukerarik izango. Altuna III.a da faborito: batetik, nagusitasun handiz irabazi dio Zabaletari buruz buru aritu diren bi aldietan (22-8 eta 22-5); eta, bestetik, hamar partida daramatza Astelenan galdu gabe, bi urte pasatxo. Multzoko azken jardunaldian, Laso eta Zabaleta Labriten ariko dira, eta Dario eta Altuna III.a, Astelenan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.