Lasterkarien ospakizuna

Euskal Herrian jokatzen den herri lasterketa garrantzitsuenak marka berria hautsiko du etzi, 14.600 korrikalari ariko baitira Behobia eta Donostia artean.

2007ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Behobia eta Donostia arteko errepideak zinez aldatuko du etzi jaiegunetako ohiko irudi lasaia, urtean behin gertatu ohi denez. Udazken goiza baliatu nahi duten auto goiztiarren joan-etorririk ez da egongo,autoek atseden hartuko dutelako ezinbestean Lapurdi ondotik Donostiara doan bidean. Urtean egun batez, oinezkoena izango da errepidea oso - osorik, espaloia eta autobidea. Kirolariak eta kirolzaleak nonahi, 60.000 pertsona inguru aurreikuspenen arabera. Euskal Herriko korrikalarien ospakizun gogoangarrienaren lekuko izango da 20 kilometro pasako ibilbidea, kirolari gehien elkartzen duen herri lasterketaren lehia eremua.

43.ekitaldia beteko du etzi Behobia-Donostia probak, eta urtetik urtera hazten badoa ere, irudiz, sabaia urruti du ekimenak. Hain zuzen, goiena jo gabe helmugara heltzea izango da goizean Behobiatik irtengo diren 14.600 kirolariek partekatuko duten helburu nabarmenena. Gutxi batzuk garaipenaren bila lastertuko dira, eta gehienek aurreko urteko marka hobetzea izango dute helburu. Beste hainbat helburu oldarkorrik gabe abiatuko dira, ahalegin duina egin eta Donostiako bulebarreko irudia, lausotu gabe, irribarrea ahoan, ikustearekin konforme izango dira. Askotariko asmoak buruan.

Lehia eta jai giroa uztartuko dira, beste behin ere errepide bazterrean txaloka eta korrikalariei gorazarre eginez elkartuko diren jarraitzaileen babesean. Begi bistan etengabe pasatzen diren ehunka kirolariak aupatu ohi ditu lasterketa maite duen jendeak, eta egindako ahaleginaren begirunea eskaintzen diete kirolari sufrituei.

Maiatzetik oroimenean itsatsita izan dute korrikalariek azaroaren 11ko data, eta askok egun horri begira egin dute urteko prestaketa. Berria.info webgunean esaterako, korrikalarien entrenatzearen adibidea ikus daiteke bertan dagoen bideoan. Antolatzaileek izena emateko epea aurreratu zuten lasterketan parte hartzeko zegoen irrika biziaz jabetuta, eta ondorioz korrikalariek udaberritik ziur zekiten Behobian aritzeko aukera izango zuten edo ez. Alegia, etzi nortasun adierazle izango den milaka zenbaki horietako baten jabe izango ziren edo ez. Kirolariak prestaketa une gorenean daudenean lehiatik at ez utzi behar izateko hartu zuten izen ematea aurreratzeko erabakia antolatzaileek. Halaber, dortsalik eta baimenik gabe korrika egitea uxatu nahi zuten.

Iazko ekitaldian 12.000 parte-hartzaileen langa gainditu zuen lehenengo aldiz Behobia-Donostiak eta 11.787 korrikalarik erdietsi zuten helmuga. Aldiro korrikalarien maila hobea dela diote antolatzaileek, «ez dira dagoeneko erabat lur jota heltzen hainbeste korrikalari», adierazi zuten aurkezpenean. Eta ia 3.000 lasterkari gehiagorekin segurtasuna eta kalitatea bermatzea da erronka. Euskotrenek, Renfek eta Pesak zerbitzu bereziak jarriko dituzte parte-hartzaileen eskura, eta lasterketan Gurutze Gorriko 150 profesional izango dira, 25 anbulantziarekin batera, korrikalariak zaintzeko. Elikatzeko guneak areagotu egingo dituzte aurten, era berean.



GAINTXURIZKETAN LANAK. Aulki gurpildun kirolariak 10:25ean abiatuko dira Behobiatik, eta, ohi denez, Gaintxurizketako mendatean aurkituko dute oztoporik gogorrena. Areago, Irun eta Errenteria arteko mendatean egiten ari diren lanengatik bihurgune itxiari aurre egin beharko diote elbarriek.

11:00 jota ekingo diote probari irabazteko faboritoek, Chema Martinez espainiarra buruan dutela. Aurreko urteetako markak aintzat hartuta eta dortsalen koloreen bidez banatuta, hiru minutu, zazpi minutu eta hamaika minutu geroago ekingo diote hurrenez hurren gainerakoek. Belgikako, Frantziako, Espainiako, Herrialde Katalanetako, Herbehereetako, AEBetako eta Irlandako korrikalariak izango dira besteak beste, euskal herritarren alboan. Etzi aberria kirola izango da, edonola ere, eta helmugan denek bat egingo duten lilura, parte-hartzaile nahiz jarraitzaile. Aurten 90 metro urrunago izango da Gaintxurizketa gaineko lanengatik.

1919ko martxoaren 30ean irabazi zuen Juan Mugerza Elgoibargo korrikalariak estreinako Behobia-Donostia. 1.17.50 izan zen ezarri zuen denbora, eta beste hogei korrikalariri irabazi zien. Behinolako oroimenak dira. Izan ere, gaur egun ezagutzen dugun proba jendetsuak 1979. urtean egin zituen lehen urratsak. Mugerzaren marka ia mende bete geroago korrikalari askoren eskura dago, eta Alberto Juzdadok 1996.urtean lortutako 59.19ko denbora da oraindik ere apurtu beharreko mugarria.

Chema Martinez nagusitasunez gailendu da aurreko bi urteetan, baina, marka haustetik urrun. Antolatzaileen irudiz, Kamel Zianik lehia egin diezaioke Martinezi, bolada onean baitago. Emakumezkoetan Sarah Kerubo kenyarra parte-hartzaileen artean dago. 10.000 metrokoan iaioa da, eta berriki 1.13ko denboran egin du maratoi erdia Segovian (Espainian). Izar argirik gabeko proban faborito da.

Parte-hartzaileen lasterketa erritmoa gidatzeko bederatzi erbi irtengo dira igandean. 1.30, 1.40, 1.50, eta bi orduko denborak egingo dituzte kolore ezberdinekin nabarmenduta. Hasieratik gogor ez hastea gomendatzen dute adituek, norberaren gaitasunetik haratago ez saiatzeko. Prestakuntza amaituta, eguraldia lagun izatea desio dute denek. Iragarpenek lainotsu izango dela diote, hamar graduren bueltan, eta ipar-ekialdetik joko du haizeak.



Kamel zianiAtleta

«Nahiago dut Behobia irabaziEuropako Txapelketan aritu baino»

e.r.

Donostia

Chema Martinezek iaz agertutako nagusitasuna aurten ez da hain argia izango, dirudienez. Kamel Ziani oriotarrak sasoi betean dagoela azaldu du, eta argi utzi du Behobia irabazteko lehiatuko dela. Etziko, korrika saio bizia iragarri du.

Zer prestaketa egin duzu Behobia-Donostia lasterketari begira?

Garrantzitsuagoak diren lasterketak buruan izanda egin dut prestaketa. Hurrengo astean, Laudion, Europako kros txapelketara sailkatzeko proba izango da. Sasoiko nagoenez eta nire babeslea Gipuzkoakoa denez, Behobian parte hartzea erabaki dut, lehiatzeko asmoz.

Antolatzaileek esan duten moduan Chema Martinezi lanak ematea espero duzu?

Ez du iaz bezala kontrariorik gabe irabaziko eta 1.03ko denbora egingo. Orduaren inguruan eramaten saiatuko naiz, edo ordubetetik behera. Hori behintzat korrika egitea izango da. Gero irabazten banau, Chema Martinez da, Europako txapelduna 10.000 metrokoan.

Zer jokabide izango duzu lasterketan?

Chema Martinez ahalik eta gehien estutzen saiatuko naiz eta igoeran atzean uzten. Ez dakitzer maila emango duen, hurrengo astean biok Europako txapelketako sailkapenean lehiatu behar dugulako. Pasada handia hartzen badugu astebetean indarrak berreskuratzea zaila izango da. Hark erraz gailendu nahi zuen. Nik, ordea, nahiago dut Behobia irabazi Europako txapelketarako sailkatu baino.

Zer garrantzia dauka Behobia-Donostia lasterketak zuretzat?

Garrantzia du batez ere babesleagatik irabazten saiatzeko. Behobia irabaziko banu, Chema Martinez faboritoari gailenduta, eta etxean, handia izango litzateke. Beste batzuetan korritu izan dut, podiuma egin, eta 1.01ko denbora egin. Baita prestatu gabe ere. Hala ere, aurten udatik sasoian egoteko entrenatu naiz. Marka haustea zaila izango da, baina bizi-bizi irtengo garela ziur, biok irabazi nahi dugulako.

Urtero parte-hartzea handitzen da. Zein da herri lasterketa honen sekretua?

Ospakizuna da, baina, egia esan, Behobian irteera oso estua da. Mugarik jarriko ez balute 20.000 pertsona irtengo lirateke. Pixkanaka haztea nahi dute antolatzaileek.

Askorentzat izarrak falta dira Behobia-Donostia lasterketan. Zer iritzi duzu?

Antolatzaileek eliteko atletak ekarri nahi ez dituztelako gertatzen da hori. Nik babesleagatik hartuko dut parte eta Chema Martinezek berdin; babesleak behartzen du etortzera. Bestela, Behobiak ez luke izango eliteko korrikalaririk. Aurreko ekitaldietan, lasterketak beste babesle bat zuenean, Alberto Juzdado markaren egilea, Diego Garcia eta ni gentozen, era berean.

Profesionala ez den korrikalariak zenbat denbora beharko luke Behobiarako egoki prestatzeko?

Bi edo hiru hilabete gutxienez bai, erresistentzia lantzeko batik bat. Batzuek lagun bati ssapustua egin eta hiru asteko prestaketaz irten nahi dute. Arriskutsua izan daiteke gorputza mugaraino eramatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.