Lau izan daitezke

Sebastian Vettelek (Red Bull) aurkari bat baino gehiago izango du hemendik aurrera Munduko Txapelketan

Laurentzi Garmendia
Donostia
2011ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Sebastian Vettelek (Red Bull) txapeldunen moduan ekin dio denboraldiari, eta Malaysian ondo landutako garaipenari esker, alde polita lortzen ari da. Herenegun ez zuen esku bakarrarekin irabazi, aurkariak ondo jardun zutelako, eguraldia zalantzazkoa zelako, eta bere autoa nolabait herren geratu zelako, KERSa galduta. Baina txapeldunak halako egoeretan nabarmentzen dira, eta Vettel, bere 23 urte eskasekin, txapelduna da.

Berezko aurkaria Hamilton da, nekaezina eta oso azkarra baita. Bi bertute horiek, ordea, kaltegarri dira aurten Pirelliren pneumatikoekin. Aurtengo gurpilak oso bigunak dira, eta gogorregi gidatuz gero, hustu egiten dira. Malaysian argi geratu zen hori.

Horregatik, ez da harritzekoa Jenson Button (McLaren) gidari finak horren sendo amaitu izana, eta Lewis Hamilton (McLaren) oldarkorrak pneumatikoak txikitu izana. Zirkuituak bere eragina izan zuen, ia 30 gradu baitzeuden. Higadura handitu zuen horrek. Hamiltonek eta McLarenek badute Vettel izutzeko talentua, eta badakite zertan hobetu behar duten. Bitartean, Buttonek hartu du Vettel jazartzen ari direnen agintea, eta pneumatikoen ezaugarriek halako garrantzia badute, sasoi ona izan dezake.

Taldeek oraindik badute pneumatikoen kudeaketan hobetzeko aukera, eta pentsatzekoa da aurrerantzean geldialdi gutxiago beharko dituztela. Ferrari ere berreskuratu zuen Malaysiak. Alonso gidari azkarra da, baina, aldi berean, ondo zaintzen ditu pneumatikoak. Maisua da, bereziki, autoa noiz zaindu eta erasoa noiz jo erabakitzen. Autoa ez dago Red Bull eta McLarenen mailan, baina espainiarrak gutxitu egiten du defizit hori askotan.

Malaysiak ikuskizuna berreskuratu zuela ere esan daiteke. Helmugako zuzengunea ezin hobea zen aleroi mugikorraren eraginkortasuna ikusteko. Helburua lortu zutela esan daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.