Lau t'erdiko finala Gasteizen jokatuko da, eta, ahal bada, abenduaren 2an

Udalak diruz lagundu du erabakia, eta Bilboko frontoia eraiki zenetik han jokatuko ez den lehen finala izango da

Erredakzioa
Donostia
2012ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Lau t'erdiko txapelketako finala Gasteizko Ogeta frontoian jokatuko da, abenduaren 2an edo 9an. Bilboko pilotalekua eraiki zutenetik han jokatuko ez den lehen finala izango da, eta udalaren diru laguntza erabakigarria izan da horretarako. Hiriburu Berdearen proiektuaren barruan, udalak 90.000 euro eman zizkion Arabako Pilota Federazioari aurten Gasteizen zazpi jaialdi profesional joka zitezen: esku-huskako bost eta zesta-puntako bi. Bada, diru horren zati bat finala bertan jokatzeko erabili du. Era berean, aurrerantzean urtero final bat lortzen saiatuko direla esan du federazioak.

Bost urte pasatu dira lau t'erdiko finala azkenekoz Gasteizen jokatu zenetik, eta bi urte azken finaletik: 2010ean buruz burukoa jokatu zen bertan. Bizkaia pilotalekuko 3.000 eserlekuen diru irabaziak oso erakargarriak dira enpresentzat Ogetako 2.200ekin alderatuta, baina udalak aldearen zati bat jartzen badu, dena errazagoa da. Era berean, enpresek esana zuten begi onezikusiko luketela final batzuk Bilbotik ateratzea beste hirietako zaleak ere zaintzeko. Bizkaian, gainera, diru irabazien zati bat Bizkaiko Aldundiarekin banatu behar dute. Orain, eguna zehazteko dago. Enpresek abenduaren 2an jokatzea nahi dute, eta hala jakinarazi diete Irujo eta Olaizolari. Biharko irabazleak inolako arazorik gabe bukatzen badu, 2an jokatuko da ziurrenik. Izan ere, enpresek egutegi estua dute, eta abenduan bost eta erdiko torneoari tokia egin nahi diote binakakoaren aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.