Jon Vazquez-Eguskiza. Fernando Garcia Makuaren hautagaitzako kidea

«Lau urtean finkatutako oinarri sendoak dira gure proiektuaren gakoa»

Orain lau urte Athleticeko presidente aukeratu zuten Fernando Garcia Makua, eta ordutik eginiko lana nabarmendu du. Kluba «sendotu» duela dio, eta hori duela «makulu nagusia» hauteskundeak irabazteko.

BERRIA.
2011ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Fernando Garcia Makuaren hautagaitzako kideak lanez gainezka dabiltza azken egunetan, uztailaren 7a hortxe baitago. Halere, Jon Vazquez-Eguskizak (Bilbo, 1976) tarte bat eskaini dio BERRIAri, eta adeitasunez erantzun ditu irakurleek eginiko galderak.

Kaixo, Jon. Zuen hautagaitza ez al da jarraitutasunaren aldekoa? Bego.

Makuaren eta bere taldearena ez da jarraitutasunaren hautagaitza. Lau urte hauetan oinarri sendo batzuk finkatu dira, eta orain gehiago nahi dugu. Gehiago egin ahal da, hori da gure proiektuaren gakoa. Kirol arloan, Europan egon nahi dugu urtero; horretarako, jokalari berriak ditugu (Ander Herrera), eta jokalari berriak edukiko ditugu Lezamatik.

Egia al da Makuak hauteskundeak irabaziz gero ez duela jokalaririk fitxatuko? Kristian.

Athleticek, Makuak eta bere lan taldeko kideok ikusten badugu jokalari batek kirol arloan, ekonomia arloan eta gure balioak betetzen dituela, ez eduki inolako zalantzarik, fitxatu egingo dugu. Baina hiru ezaugarri horiek bete egin beharko ditu.

Nola azal daiteke Adurizen fitxaketari buruz aritzea? Bazkidea.

Oraindik ez dago argi Aduriz fitxatuko dugun edo ez, argi dagoena da Fernando Llorentek ez zeukala lekurik une horietan jokalari moduan hazteko eta, gainera, Zubiaurreren zorrari aurre egiteko prozesuan geundela. Beraz, ikuspuntu horretatik, ez zegoen beste aukerarik; orain ezberdina da. Baina Aduriz fitxatzeko kirol arloa eta ekonomia arloa kontuan eduki behar dira, eta hori ikusita hartuko da erabakia.

Zeresan ugari sortzen du Athleticen jokatzeko lurralde irizpideak. Batzuetan, badirudi ez dagoela oso garbi. Zein izan beharko luke zehatz esanda? Asier.

Zuk aipatu duzun gaia oso garrantzitsua da, baina erabaki hori bazkide guztiek hartu behar dute bozketa batean. Horregatik da Athletic guztiona.

San Mames Barriaren eraikuntza bera premiazkoa al da egungo krisi egoeran? Zenbat diru jarriko du Athleticek lan horretan, eta zenbat erakunde publikoek? Joseba.

Egungo krisi egoeran, ados gaude diru kopuru handia dela, baina lana emango die hainbat langileri. Gainera, aukeran, guztioi gustatuko litzaiguke proiektu hauek krisi egoeran ez egitea, baina momentuak ezin dira aukeratu batzuetan, eta oso garrantzitsua da gure taldearentzat San Mames Barria. Gizartean harrera ona izango du, eta hori ere kontuan izan behar dugu. Diru kopuruari buruz esan diezazuket banaketa proportzionala izango dela.

Zure ustez, garrantzitsua da Athleticeko presidentea elebiduna izatea? Jon Bilbo.

Garrantzitsua da, baina are gehiago, edo behintzat, maila berean finantzan ondo prestatuta egotea, legez jakitea, negoziazioetan trebea izatea, komunikabideetan hitz egiterakoan trebea izatea eta lidergoa edukitzea.

Makua auzi batean nahastuta ikusi dugu. Hautagaitzaren barruan zer iritzi daukazue? Bazirudien Makuak esan nahi zuela joko zikina ari direla erabiltzen bere kontra. Potx.

Hautagaitzaren barruan aurrera begiratzen dugu indar gehiagorekin eta gogo gehiagorekin, uste dugulako Athleticentzat onena dela. Bestalde, egia da arraroa dela justu orain honelako albisteak agertzea.

Zergatik ez duzue argi esaten zer egin nahi duzuen filosofiarekin?Ez al duzue Athletic espainiarrizatu nahi. Piru.

Makuak eta bere taldeak ez du aldatuko Athleticen filosofia. Argi geldi dadila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.