Dominak lortzen segitzen du Alexandre Leautek. Laugarrena lortu du Paralinpiar Joko hauetan. Oraingo honetan brontzea irabazi du, errepideko proban. Bigarren brontzea du, eta zilar bat eta urre bat ere baditu. Oraingo honetan, zailtasun handiko domina izan da. Izan ere, C1,C2 eta C3 mailako txirrindulariekin lehiatu da, eta gainera hasieratik euria egin du.
79, 2 kilometroko ibilbidea osatu dute txirrindulariek. Ihesaldi erabakigarria 20. kilometrotik aurrera izan da. 11 txirrindularik egin dute aurrera, eta helmugan bizkorrena Benjamin Watson izan da. Harentzat izan da urrea; zilarra, berriz, Finlay Graham herrikidearentzat. Leaute hirugarren lekuan ailegatu da, irabazlearengandik 6.43ra.
Amaieran pozik zegoen: «20 urterekin lau olinpiar domina irabaztea izugarria da. Oso lasterketa zaila izan da, errepidea oso arriskutsua zegoelako euriarengatik, batez ere bihurgunea hartzerakoan. Gainera, karranpak izan ditut, eta gogorra izan da».
Aurretik Ahurtin (Lapurdi) bizi den txirrindulariak urrea lortu zuen C2 diziplinako 3.000 metroko bakarkakoan. Duela astebete izan zen. Hurrengo egunean zilarra eskuratu zuen pistako 1.000 metroko erlojupekoan; eta astearte honetan brontzea C2ko errepideko proban.