Andoni Iruretagoiena, 'Izeta VI.a'

Laugarrena nahi du

Hirugarrenez jarraian irabazi du banakako pentatloiaren txapela, eta, hala, Joxe Mari Olasagastiren eta Xabier Zalduaren pare jarri da. Bezperan, horrek baino ilusio handiagoa pizten zion bikotekideari eta seme jaioberriari txapela eskaintzeak, baina, orain, laugarrena janzteko grina du.

IHINTZA ELUSTONDO / UROLA KOSTAKO HITZA.
Julen Etxeberria.
2023ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Gorputzari sekulako egurra eman zion Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a-k (Aia, Gipuzkoa, 1993) larunbatean, Banakako Euskal Pentatloiko finalean. Baina hirugarren aldiz jarraian txapela irabazteak neke eta min guztiak arindu dizkio. «Sentipen ederra dut: hilabete askoko lanak balio izan du. Oso gogor entrenatu gara urte hasieratik Pablo eta biok [Cazalis, haren prestatzailea], hamaika sakrifizio egin behar izan ditut, eta horren guztiaren ordaina jaso dugu. Oso pozik gaude. Presio handia kendu dugu gainetik».

Igande goizaldeanikusi zuen finala telebistan, etxera itzuli bezain laster. Hutsei erreparatu die lehenbizi. «Sufritu egin nuen giza proban; harria ezin izan nuen mugitu nik mugitzen dudan bezala. Aizkoran, berriz, kosta egin zitzaidan hirugarren enborra moztea: lehen biak 2.15-2.30ean moztu nituen; hirugarrena mozteko, ordea, hiru minutu baino gehiago behar izan nuen. Denbora asko galdu nuen horretan, eta neure buruari esan nion ahaztu egin behar nuela Arrospideren marka hobetzeko helburua [onenetan bigarrena da: 30.15]».

Zailtasun horiek kenduta, «gozatu» egin zuela dio; «ume baten moduan», azpimarratu duenez. «Inoiz ez bezala altxatu nuen harria: gozo-gozo. Eta, gero, lan guztiak ondo egin nituen. Dena kontrolpean nuela sentitu nuen. Lan batetik besterako aldaketak ere oso ondo egin nituen, denborarik galdu gabe. Aldaketak landu genituen gehien, giharrek ez sufritzeko eta erritmoa ez galtzeko. Sinetsita geunden asmatu genuela prestaketan, eta finalean argi geratu zen arrazoi genuela».

Aurreko bi finaletan hasi eta buka nagusitu zen. Oraingoan, ordea, atzetik aurrera egin behar izan zuen. Harri jasotzailea izanik, Xabat Olaizolak oso azkar egin zituen aurreneko bi lanak: harri jasotzea eta giza proba. 25 segundo atera zizkion Izeta VI.ari. Balekotzat jo zuen. «Uste nuen tarte handiagoa aterako zidala, ikusgarri aritu baitzen harriarekin».

Baina aizkorarekin hasi, eta egoera irauli zuen aiarrak. Laguntzaileari egin zion kasu, Joxe Ramon osabari. «Hiru enborretatik bi kanporaketako sortakoak ziren, samurxeagoak; bestea, aldiz, gogorxeagoa zen. Osabak esan zidan samurragoekin hasteko. Xabat, ordea, gogorragoarekin hasi zen. Aurrenekoaren erdian jada harrapatu egin nuen, eta nik eman nuen lehendabizi buelta. Psikologikoki oso garrantzitsua da hori; zuri mesede egiten dizu; eta, kontrarioari, aldiz, kalte. Niri indar handia eman zidan. Orduan ikusi nuen oso zaila izango zela inork txapela kentzea».

'Baina' bakarra: denbora

Baina bakarra jarri dio egindako lanari: haren markarik onena hobetu ez izana. Hemeretzi segundo okerragoa egin zuen: 31.55. «Horrek eman zidan penarik handiena, eta hamar aldiz eskatu nion barkamena prestatzaileari, hori lortzeko entrenatu baikinen urte osoan. Baina kirol honetan dena ez dago gure menpe».

Olaizola sailkatu zen bigarren (34.05), Xabier Zaldua hirugarren (35.20), Aritz Irazabal laugarren (35.35), Ioritz Gisasola Zelai IV.a bosgarren (39.57), eta Julen Kañamares seigarren (41.49). Denen lana goraipatu du. «Irazabalek sekulako jauzia egin du, eta, prestatzen jarraitzen badu, zeresan handia emango du; Zelaik lan ona egin zuen, baina huts larria egin zuen harria altxatzen; Kañamaresek ere meritu handia du; Zaldua eta Xabat, berriz, makina hutsak dira: Zaldua erreferentea da, eta sekulakoa da haren parera iristea; eta Xabatekin kontuz ibili beharko dut. Asko hobetu du, eta pentsatzen dut orain kosta egingo zaiola askoz gehiago hobetzea, baina sekulako aurkaria izan daiteke: oso azkar egiten ditu aurreneko bi lanak, eta aizkoran aritzeko mutil handia da».

Hirugarren txapela irabazita,Joxe Mari Olasagastiren eta Xabier Zalduaren pare jarri da. Hirurak daude lehen postuan. Bezperan, ez zion garrantzirik eman horri. Beste motibazio bat zuen: bikotekideari eta seme jaioberriari txapela eskaintzea. «Plazan, bikotekideak eta biok ospatu genuen; babes handia izan da niretzat. Etxera iristean, berriz, txikiarekin ospatu genuen». Txapela jarri zion? «Badut kapritxo bat: semea txapelean sartzea, eta hari argazkia ateratzea. Ea gaur [atzo] egiten dudan».

Txapela haiei eskaintzea jarri zuen Olasagastirekin eta Zalduarekin palmaresean berdintzearen gainetik, baina aitortu du podiumera igo bezain pronto hasi zela laugarren txapelarekin amets egiten. «'Andoni, hik izan behar duk aurrena laugarrena irabazten', pentsatu nuen». Urtebete barru ikusiko da hori. Orain, Bigarren Mailako Aizkora Txapelketako finala du begiz jota; azaroaren 11n jokatuko da. «Txapela irabazteko lehian aritu nahiko nuke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.