Portugaleteren ametsarekin, Athleticek soilik jarraitzen du bizirik Espainiako Kopan. Zuri-gorriek 0-1 irabazi zuten joaneko partidan, Alcorconen aurka, eta atzo ere 1-0 irabazi zuten. Ez zen partida ikusgarria izan -Alcorconek aukera politak izan zituen bigarren zatian-, eta Gabilondoren gola iritsi arte (26. min.), Aurtenetxeren aukera argi bat bakarrik izan zen jokaldi aipagarri bakarra. Distirarik gabe, baina askorik sufritu gabe egin zuten aurrera bilbotarrek.
1-0ekoarekin Igor Martinezek bigarrena sartzeko aukera izan zuen 55. minutuan, baina Alcorcon lotsagabe aritu zen hortik aurrera. Bisitariek hiru aukera on eduki zituzten, eta etxeko zaleak haserretu ere egin ziren. Baina Orbaizek 2-0ekoa lortu zuen 91. minutuan, eta gaitz erdi.
Osasuna hamarrekin, ezinean
Golen bat sartu beharra zeukan atzo Osasunak aurrera egingo bazuen, eta sartu zuen berea. Baina Rikik 53. minutuan sartu zuen golak ezerezean utzi zuen iruindarren ametsa. Rikiren golak, eta Sergioren txartel gorriak. Erdiko atzelaria atzo itzuli zen zelaietara, eta bigarren zatiaren hasieran, bost minuturen bueltan, bi txartel hori atera zizkion epaileak. Deportivok 1-0ekoa sartu eta Sergiok txartel gorria ikustea, biak bat izan ziren.
Bitxia bada ere, itxuroso ekin zion partidari Osasunak, eta atzeko lerroa asko aurreratuta, sufritzen hasi zen Deportivo. Gorritxoek bost korner izan zituzten alde lehen ordu erdian, eta bederatzi lehen zati guztian. Lekicek gertu eduki zuen 0-1ekoa 15. minutuan, eta Monrealek ere bai hurrengo minutuan, areaz kanpo egindako jaurtiketa baten bidez. Baina ondoen jokatzen ari zenean ez zuen golik sartu Osasunak, eta bat gutxiagorekin geratu zenean banakoa lortzeko gai izan zen Lekic, 62. minutuan -Osasunarekin lehen gola sartu zuen atzo aurrelariak-.
Hori bai, pozak oso gutxi iraun zien iruindarrei, Lassadek gol ikusgarria sartu zuelako bi minutu geroago. Vadocz saiatu zen azken unera arte 2-2koa sartu eta final-zortzirenetako txartela lortzen, baina saiakeran geratu zen guztia.
Osasunaren moduan, Realak ere 2-1 galdu zuen, eta iruindarren moduan, donostiarrek ere hainbestean jokatu zuten. Txukun hasi eta txukun amaitu zuten partida Martin Lasarteren jokalariek, baina joanekoan galdu zuten kanporaketa (2-3). 0-1 aurretik jarri eta Almeria estutzea zen Realaren asmoa, baina etxekoak jarri ziren aurretik atzo, 20. minutuan, Goitomen golari esker. Griezmann eta Sarpong hegaletan jarrita, eta Xabi Prieto punta-erdi lanetan ari zela, aukera onak sortu zituen Realak. Griezmannek argi-argia eduki zuen 8. minutuan, eta Sarpongek zutoinera bidali zuen baloia 30.ean. Baina 1-0ekoarekin amaitu zen lehen zatia, eta bigarrena hastearekin batera sartu zuen Ulloak 2-0ekoa.
Hiru gol behar zituen Realak luzapena behartzeko, eta Agirretxek 2-1ekoa lortu bazuen ere (50. min.), beste behin ere, hasterako geratu dira donostiarrak Espainiako Kopatik kanpo.
Real Unionen ametsa, berriz, ondo hasi zen, baina amesgaizto itxuran amaitu zen. Joaneko partidan 0-4 galduta, gozatzera joan ziren irundarrak Sevilla aldera, eta gozatuz hasi zuten partida, Romok korner batean sartutako golari esker (12. min.). Erabat nagusi izanda, ordea, sei gol sartu zituen gero Sevillak. Alfaro (15. min., penaltiz), Rodri (27. min.), Bernardo (41. min.), Cigarini (57. min.), Jose Carlos (73. min.) eta Acosta (85. min.) izan ziren golegileak.
Final-hamaseirenak
Kanporaketa Joanekoa ItzulikoaRacing-Kordoba. 0-2. 3-1
Espanyol-Valladolid. 2-0. 1-1
Real Madril-Murtzia. 0-0. 5-1
Zaragoza-Betis. 1-0. 1-2
Sevilla-Real Union. 4-0. 6-1
Vila-real-Ejido. 1-1. 2-0
At. Madril-U. Las Palmas. 5-0. 1-1
Levante-Xerez. 3-2. 1-2
Deportivo-Osasuna. 1-1. 2-1
Almeria-Reala. 3-2. 2-1
Bartzelona-Ceuta. 2-0. 5-1
Athletic-Alcorcon. 1-0. 2-0
Getafe-Portugalete. 1-1. 20:00
Valentzia-Logroñes. 3-0. 21:00
Sporting-Mallorca. 1-3. 21:00
Malaga-Hercules. 0-0. 22:00