Larunbatean hasiko da Munduko Atletismo Txapelketa, Tokion. Lehiaketa hori, ordea, aspaldi ari da zeresana ematen. Nazioarteko Atletismo Federazioak aldaketa garrantzitsu bat egin du araudian: emakumezkoen goi mailako probetan parte hartu nahi duten atletek test genetiko bat egin behar izatea onartu du. «Emakumezkoen maila babesteko» hartutako neurria dela esan du Nazioarteko Federazioak. Tokioko Munduko Txapelketan parte hartuko duten atletei egin dizkiete lehen aldiz test genetiko horiek.
Nazioarteko Federazioak azaldu duenez, «bizitzan behin bakarrik» egingo diete atletei proba hori. Listuaren zein odolaren bidez egingo zaie, eta, horren bidez, SRY genearen presentzia neurtuko dute. Gene hori Y kromosomarekin lotuta dago, eta testosterona mailaren adierazle gisa erabiltzen da. Nazioarteko Federazioak onartutakoaren ondorioz, goi mailako probetan atleta hauek soilik parte hartuko dute: batetik, sexu biologikoari dagokionez emakumezkoak direnek, eta, bestetik, sexu biologikoari dagokionez gizonezkoak izanda ere testosteronaren ondorio androgenikoekiko sentiberak ez direnek.
Araudi berria aurretik indarrean zegoena baino zorrotzagoa da. Aurreko araudian pertsona hauek soilik parte hartu zezaketen: hormonen tratamendua pubertaroa baino lehen edo 12 urte bete aurretik egin zuten transexualek eta testosterona maila litroko 2,5 nanomol baino baxuagoa zutenek. Halaber, probetan parte hartu zezaketen jaiotzean emakume sexua esleitu zieten baina barne barrabil erabat funtzionalak zituztenek. Araudi berriak, ordea, ez du kontuan hartuko ez testosterona kontzentrazioa, ezta hormonen tratamendua noiz egin zuten ere. Geneak eta testosteronarekiko sentiberatasun maila soilik hartuko ditu barne.
Sebastian Coe da gaur egun Nazioarteko Federazioko presidentea, eta beti agertu izan da neurriak zorroztearen alde. «Helburua ez da atleta baten sexu edo genero identitatea epaitzea edo auzitan jartzea, baizik eta lehiaketa justu bat bermatzea», esan izan dute haren zuzendaritza taldekoek.
«Ez naiz test genetikoaren aldekoa, baina egin behar izan dut lehiatzeko. Zoritxarrez, gero eta ohikoagoa izango da»
IRATI MITXELENA Atleta
Zientzialariek eta atletek kritikak egin dizkiote araudi berriari. «Test hau juridikoki eztabaidagarria, etikoki delikatua eta zientifikoki sinplista da», salatu du Malaika Mihambo atleta alemaniarrak. Luzerako jauziko Europako, munduko eta olinpiar txapelduna da Mihambo. Neurriaren aurka egon arren, testa egin du, eta Tokion ariko da, baina zehaztu du horri buruzko «galdera asko» daudela erantzuteko.
Iritzi berekoa da Irati Mitxelena (Donostia, 1998). «Ez naiz test genetikoaren aldekoa, baina egin behar izan dut, munduko txapelketan lehiatzeko. Gai delikatua da test genetikoena, eta, zoritxarrez, gero eta ohikoagoak izango dira. Ni lasai nago, negatibo eman baitut, baina ez dago argi zer egingo duten positibo ematen dutenekin».
Mihambok eta Mitxelenak bezala, atleta gehienek onartu dute test genetikoa egitea Tokion aritzeko. Nazioarteko Federazioaren arabera, atleten %95i egin diete testa, eta falta direnei Tokion bertan egingo diete.

Izarrak eta lau euskal atleta
Kirol lehiari dagokionez, izar gehienak ariko dira Tokioko Olinpiar Estadioan. Gizonezkoetan, bat nabarmentzen da: Armand Duplantis pertika jauzilari suediarra. Duplantisek hamahiru aldiz hobetu du munduko marka, azkenekoz duela hilabete eskas, Budapesten: 6,29 metroko jauzi ikusgarria egin zuen orduan. Sergei Bubka handiak gehienez 6,15 metro saltatu zuen, hau da, Duplantisek baino hamalau zentimetro gutxiago. Horrek agerian uzten du zein ikusgarria den suediarra egiten ari dena. Azken txapelketa garrantzitsuan, iazko Parisko Olinpiar Jokoetan, munduko marka lortu zuen. Tokion gauza bera egin nahi du. Duplantisek ez ezik, arreta bereganatuko dute Noah Lylesek, Grant Hollowayk, Karsten Warholmek, Jakob Ingebritsenek eta Afrikako iraupen atletek ere, besteak beste.
Emakumezkoetan, berriz, ez da nabarmentzen atleta bat beste guztien gainetik, eta atleta bikain asko ariko dira: Beatrice Chebet, Faith Kipyegon, Julien Alfred, Femke Bol, Gudaf Tsegay eta Sydney McLaughin-Levrone, besteak beste. Shelly-Ann Fraser-Pryce, berriz, azkenekoz lehiatuko da erretiroa hartu aurretik. 38 urteko esprinter horrek 11 domina irabazi ditu munduko txapelketetan —bederatzigarrenez ariko da—, horietatik bederatzi urrezkoak. Usain Bolt —hamalau, urrezkoak 11— eta Allyson Felix —hemezortzi, urrezkoak hamahiru— bakarrik ditu aurretik.
Lau euskal herritar ariko dira: Aitana Rodrigo, Asier Martinez, Markel Fernandez eta Mitxelena. Kopuru oso ona da, duela lau ekitaldi ez baitira lehiatuko horrenbeste euskal kirolari munduko txapelketa batean: 2017an, Londresen, lau aritu ziren; 2019an, Dohan, bakarra; 2022an, Eugenen (AEB), hiru; eta 2023an, Budapesten, bi.
Rodrigok, Fernandezek eta Mitxelenak lehen aldia dute maila nagusiko munduko txapelketan. Rodrigo 4x100 metro txandakako proban ariko da; Fernandez, 4x400 txandakako mistoan; eta, Mitxelena, luzerako jauzian. Martinez, ordea, bigarrenez ariko da munduko txapelketan. Duela hiru urte parte hartu zuen azkenekoz, Eugenen. Oroitzapen ederra du ordukoaz, brontzezko domina irabazi baitzuen 110 metroko hesidunean. Ordutik, gorabeheratsu aritu da, lesioak direla eta. Tokion suspertu egin nahi du.