Txirrindularitza

Lehen aukeran astindu du Tourra Pogacarrek

Hautacam hasieran eraso bortitza jo du, eta bi minututik gorako aldea atera dio Vingegaardi; Frantziako Tourra laugarrenez irabazteko lanak ederki bideratu ditu esloveniarrak. Podiumari dagokionez, Evenepoelek kostata eutsi dio hirugarren postuari.

Tadej Pogacar helmugan, Hautacam mendatean. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Tadej Pogacar helmugan, Hautacam mendatean. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
jon eskudero
2025eko uztailaren 17a
18:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Pirinioetako estreinako etapan kolpe galanta jo du Tadej Pogacarrek (UAE). Une erabakigarria ailegatu orduko ez du hutsik egin, eta Hautacam gainean bi minututik gorako aldea atera dio Jonas Vingegaardi (Visma). Nahiz eta bezperan erori egin zen, ondoriorik ez du pairatu munduko txapeldunak, eta egun handietako erakustaldia eman du. Taldekideen babesean eroso aritu da lasterketa osoan, eta Hautacam mendateari ekin orduko piztu du sua. Helmugarako hamabi kilometro falta zirela jo du eraso bortitza, eta inork ez du gaitasunik izan haren gurpilean joateko. Ezta Vingegaardek ere. Gorputzaldi txarra izan du danimarkarrak, eta bi faboritoen arteko buruz burukoa ikusi gabe geratu dira zaleak. Garaipenari esker, Frantziako Tourra laugarrenez irabazteko lanak ederki bideratu ditu esloveniarrak, eta zakua puztuz jarraitzen du. Tourrean hogeigarren etapa garaipena erdietsi du, eta, soilik 26 urte izan arren, jada 102 lortu ditu bere ibilbidean.  

Hitz batean, gaur-gaurkoz parekorik ez duela berretsi du Pogacarrek. Mendiko lehen etapa izaki, ikusmina apartekoa zen, baina hitzik gabe utzi ditu denak. Kolpe batez arantza bat baino gehiago atera ditu gainera, etapa amaieran aitortu duen moduan. «2022an Vingegaardek minutu pasako aldea atera zidan Hautacam gainean, eta egun hura gogoan izan dut lasterketa osoan zehar. Arantza barruan neukan iltzatuta, baina gaur irabazi izanak lasaitu nau. Gorputzaldi bikaina izan dut, oso ongi ibili naiz bizikleta gainean, eta pozik nago Tourra irabazteko pauso handia eman dudalako». Vingegaardi ez ezik, Visma taldeari ere kolpea eman dio Pogacarrek. Aurrez aitortua zuen ez zegoela konforme Visma erabiltzen ari zen estrategiarekin, eta indartsuenaren legea ezarri du munduko txapeldunak. Zeruak eta lurrak bat egiten ez badute, berea izango du Tourra.

Gogotsu eta ilusioz abiatu du hamabigarren etapa tropelak. Mendiko lehen lasterketa zenez, tentsio berezia sumatu da txirrindularien artean, eta berehala osatu da eguneko ihesaldia. 51 laguneko taldea sortu da aurrean, eta abiadura bizian egin dute etaparen lehen erdia. Zehazki, ikaragarria izan da abiadura: orduko 50 kilometrotik gorakoa. Kasik talde guztiek sartu dute ihesaldian ordezkariren bat, eta Jon Izagirre (Cofidis) ere bertan izan da. Dena den, Soulor mendateari ekin orduko atzean geratu da. Ineos taldeak jardun du tiraka itsu-itsuan, eta aldapari ekin bezain pronto ziklista ugari geratu dira atzean. Sakabanaketa handia eragin du Ineosen lanak iheslarien artean, eta bost laguneko taldetxo batek igaro du gaina elkarrekin.

Hots, guztiak tropelari begira egon dira Soulor mendatearen igoeran, sailkapen nagusiko ziklista bat baino gehiago ibili baita estu eta larri. Remco Evenepoel (Soudal) izan da horietako bat. Soulor erdialdean atzean geratu da, eta zailtasunak izan ditu bere taldekideen erritmoari eusteko ere. Bazirudien txakalaldi handia zuela eta denbora asko galduko zuela helmugan. Dena den, behetik gora egin du nabarmen etapan zehar, eta talde nagusitik gertu ibili da oro har. Mendatean hustuta geratu da, ostera, Ben Healy (Education), ordura arteko liderra. Bazuen Pirinioetako lehen etapan maillot horiari eusteko itxaropena, baina berehala geratu da horretarako aukerarik gabe.

Jorgensson, jokoz kanpo

Behin Souler igarota, hauxe izan da etaparen egoera: bost lagun ihes eginda bi minuturen tartearekin, eta tropelean Pogacar eta Vingegaard elkarren ondoan, taldekideak lagun. Iheslarien artean, Bruno Armirail izan da urrutien heldu den ziklista. Bakar-bakarrik egin du aurrera Barderes bigarren mailako mendatean, eta luzaroan egon da buruan. Meritu handiko lana egin du. Tropelean, berriz, Vismak eguneko lehen kolpea jaso du Barderesen gora, Matteo Jorgensson jokoz kanpo geratu baitzaio. Talde nagusiaren erritmoari eutsi ezinda ibili da, eta, azkenerako, denbora asko galdu du. Nolanahi ere, Vismak oldarkor jarraitu du tropelaren buruan.

Hautacam hasieran ere Visma bera azaldu da talde nagusiaren buruan, baina ez luzerako. Ordura arte lan duina egin badu ere, une erabakigarrian UAE taldeak atera ditu babak eltzetik. Jhonatan Narvaezek egin du erritmo aldaketa bortitza, eta soilik Pogacarrek eta Vingegaardek eutsi diote haren gurpilari. Metro batzuk aurrerago ihes egin du munduko txapeldunak, eta pixkanaka aldea handituz joan da. Irribarretsu egin du gorako bidea, aise pasatu du Armirail bera, eta gozatu egin du. Vingegaardi, berriz, sufritzea egokitu zaio. Sailkapen nagusian hiru minututik gorako galera du orain Vismakoak liderrarekiko. Podiumeko postuei dagokienez, Evenepoelek ederki kostata eutsi dio hirugarren postuari, baina Florian Lipowitzek (Red Bull-Bora) bere hautagaitza aurkeztu du. Lasterketa handia egin du alemaniarrak.  

Pirinioetan izango dira bihar ere, eta 10,9 kilometroko kronoigoerari aurre egin beharko diete ziklistek, Loudenvielle eta Peyragudes artean. Bigarren zatia oso gogorra izango da, sarritan %16ko pendizez osatua baita. Lehenaz gain, baliteke aldeak handitzeko aukera izatea bihar Pogacarrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.