Binakako txapelketa galbahez jositako bide luzea da. Une garrantzitsu asko ditu, irabaztea ezinbestekoa den egun eta partida jakinak. Horietan ezin da kale egin; bidegurutzeak dira. Sailkatze fasean izaten dira lehenbizi, finalerdietan gero, eta, noski, finalean azkena. Gaur, Olaizola II.a-Begino eta Gonzalez-Laskurain ataka horretan egongo dira, Iruñeko Labriten (17:00, Nitro). Bi bikoteek finalerdietako lehen partidak galdu zituzten, eta binakakoan bizirik jarraitzea dute jokoan.
Matematikaren arabera, finalerdietako partida bakar bat irabazita posible da finalean sartzea, baina estatistika da itxaropen hori zapuzten duena. EPELen txapelketetan finalerdietarako lauko ligaxkak ezarri zituztenetik behin bakarrik baino ez da pasatu hori. Beraz, ia ziur esan daiteke gaur galtzen duen bikotea ez dela txapelketa horretan itzuliko Bilboko pilotaleku berrira.
Oso txapelketa desberdina egin duten bi bikote ariko dira Labriten. Olaizola II.ak eta Beginok lehen faseko lehen sei partidak irabazi zituzten, eta gero gorriak ikusi zituzten finalerdietan sartzeko. Gonzalezek eta Laskurainek, berriz, kontrako bidea egin zuten. Lehen lau partidak galdu ondoren, erritmoa hartu eta azken zazpi partidetatik sei irabazi zituzten.
Bi bikoteen boladek Zestoan izan zuten mugarria, otsailaren 18ko gauean elkarren aurka jokatu zutenean. Aspekoek bigarren garaipena lortu zuten (22-10), eta Asegarcekoak bolada txarrean murgildu ziren. Aurretik txapelketako lehen jardunaldian ere neurtu zituzten indarrak, eta orduan Olaizola II.ak eta Beginok irabazi zuten (22-19), Labriten. Partida hartan, baina, Aspekoak aurretik izan ziren, alde handiarekin, eta irabazleek azken txanpan eman zioten buelta. Gauzak hala, ez da erraza faborito bat aukeratzea. Izenez Olaizola II.ak eta Beginok beharko lukete, baina ez daude euren sasoirik onenean; are gutxiago iragan larunbatean azaleratu zituzten zalantzen ondoren. Era berean, Gonzalezek eta Laskurainek iazko txapelketan zerbait erakutsi zuten: une garrantzitsuetan ondo jokatzeko gaitasuna.
Kexak pilotekin
Labriteko harmailak bete egingo dira, partidak ikusmina sortu baitu, eta, hori gutxi balitz bezala, pilota aukeraketak, aspaldiko partez, gatz gehiago gehitu zion partidari. Gonzalez eta Laskurain haserre agertu ziren, saskian zeuden pilotak motelegiak zirelako, eta Olaizola II.ak erantzun egin zien: «Batzuek fronteniseko pilotekin jokatu nahi dute. Ezkerrez bederatzigarren koadrotik jo eta seigarren koadroan jarri nahi dute. Hori behin egitea posible da, baina ez etengabe. Eurak beste tankera bateko pilotekin jokatzera ohituta daude, eta, nire ustez, esku-huskarako beste pilota batzuk egokiagoak dira».
Lehen azken aukera
Olaizola II.a-Beginok eta Gonzalez-Laskurainek binakakoan bizirik jarraitzeko aukera daukate jokoan gaur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu