Hirugarren jardunaldian jokatuko dute denboraldiko lehen derbia Espainiako Lehen Mailan. Reala eta Alaves elkarren aurka ariko dira gaur gauean, Anoetan (21:30, DAZN).
Bi taldeak indarberritu egin dira, aurreko asteburuan sasoiko aurreneko puntuak lortu baitzituzten biek: Realak 0-1 irabazi zion Espanyoli, larunbatean, eta, Alavesek hutsean berdindu zuen Betisekin Mendizorrotzan, igandean. Joera horri segida ematea da bien helburua.
Bai Imanol Alguacilek, bai Luis Garcia Plazak aldaketak egin beharko dituzte defentsan. Realean, ez da ariko Aritz Elustondo, min hartu baitzuen azken partidan. Jon Pachecok ere min hartu zuen, baina bete-betean ez bada ere, jokatzeko moduan dago. Hala ere, Imanolek albiste onak jaso berri ditu, Igor Zubeldia osatu egin baita, eta jokatu egingo baitu. Hala, litekeena da Pachecok jokatzen ez badu Zubeldia eta Jon Martin aritzea. Martinek 18 urte baino ez ditu, eta bigarrenez ariko da partida ofizial batean. Klubak itxaropen handia du harengan, baina, oso gaztea denez, klubak erdiko atzelari beterano bat fitxatu nahi du, eta Mats Hummels du gustukoen. Ez dena gehiago ariko Mikel Merino da, jada Arsenaleko jokalaria baita.
Alavesen, berriz, Aleksandar Sedlar ez da ariko, epaileak txartel gorria atera baitzion Mestallan. Ikusteko dago Garcia Plazak noren alde egingo duen hura ordezkatzeko. Bestalde, kluba buru-belarri ari da taldea indartzen. Atzo, bi jokalari fitxatu zituen: Toni Martinez aurrelari espainiarra, lau sasoirako, Portotik, eta Santiago Mouriño erdiko atzelari uruguaitarra, bost sasoirako, Atletico Madriletik.
Valentzia San Mamesen
Athleticek ere gaur jokatuko du, San Mamesen, Valentziaren aurka (19:00, DAZN). Zuri-gorriek lehen partida irabazi nahi dute, eta, horretarako, Ernesto Valverdek beste jokalari baten laguntza izango du: Alvaro Djalorena. Erasoko erdilariak ez ditu jokatu ligako lehen bi neurketak, min hartuta egon baita, baina, gaur, aurrenekoz ariko da norgehiagoka ofizial batean.