Txirrindularitza

Lehen etapa Valverderentzat, esprinean

Fotofinisha ondo aztertu behar izan dute Euskal Herriko Itzuliko lehen etapa nork irabazi duen erabakitzeko, lehia estu-estuan amaitu baitute lasterketa Oscar Freire eta Alejandro Valverde txirrindulariek, baina, azkenean, epaileek Valverderi eman diote garaipena. Aurretik, Unai Etxebarriak eta Fedrigok ihesaldi luzea egin dute, baina Jaizkibelen harrapatu egin ditu tropelak. Azkenean, esprinean erabaki da etapa, eta Valverde izan da lehena Irungo (Gipuzkoa) Colon pasealekuko helmugan. Irunen hasi eta Irunen amaitu den gaurko etapak 130 kilometro zituen.

2006ko apirilaren 3a
19:27
Entzun
13:45ean abiatu da tropela Irundik, eta segituan Illes Ballears taldeko txirrindularien ekimenez hamasei korredoreko talde batek ihesaldi txikia egin du. Tropelak, ordea, laster harrapatu ditu. 14:20 aldera Unai Etxebarriak (Euskaltel), Vanottik (Milram) eta Fedrigok (Bouyagues) lortu dute alde egitea. Gurutze gainetik lasterketa buru igaro dira, tropelari minutu eta 10 segundoko abantaila aterata. Pixkanaka abantaila areagotu dute eta arratsaldeko hiruetan aldea 6 minutu eta 2 segundokoa zen. Xoxokako gaina pasatu dutenean aldea 5 minutu eta 24 segundokoa zen.

Gurutzerako gaina bigarren aldiz igo dutenean ihes eginda zihoazen hiru txirrindulariak ordena honetan pasatu dira: Vanotti (Milram), Etxebarria (Euskaltel) eta Fedrigo (Bouyagues). Lau minutuko aldea atera diote puntu horretan tropelari.

Erlaitz mendatea igotzen hasi aurretik Irungo tarteko helmugatik pasatu dira iheslariak eta 3 minutu eta 37 segundoko abantaila atera diote tropelari. Fedrigo (Bouyagues)izan da tarteko helmugatik pasatzen lehena eta atzetik Etxebarria (Euskaltel) eta Vanotti (Milram). Erlaiz mendatean gora abiatu direnean Vanottik (Milram) zailtasunak izan ditu beste bi iheslarien erritmoa jarraitzeko. Fedrigo pasa da lehenengo Erlaizko mendatetik eta Etxebarria bigarren eta orain lasterketa buruan bi txirrindulariak doaz Erlaitz mendatean behera Fedrigo (Bouyagues) eta Etxebarria (Euskaltel).

Jaizkibelen, ordea, bi iheslarienak egin du: faboritoek indarrak atera dituzte mendate horretan, eta haien ekimenez tropelak harrapatu egin ditu hainbeste denbora ihesean egin duten txirrindulari biak.

Tropelean zihoazela Gomez Marchantek (Saunier Duval) eta Bertagnollik (Cofidis)22 segundoko abantaila txikia hartu dute 112.kilometroan.Aitor Osak (Liberty Seguros) lasterketa buruan zihoazen bi txirrindulariekin bat egitea lortu du. Tropela bat eginda zela Iban Mayo (Euskaltel) saiatu da tropela hautsi eta abantaila hartzen baina ez du horrelakorik lortu. Jaizkibel igo ostean txirrindulari multzo bat jarri da lasterketa buruan. Maldan behera zihoazela, 123.kilometroan Euskaltel-Euskadiko Samuel Sanchezek abantaila txikia eskuratu du eta amaierarako helmugatik 3 kilometrora, baina, ezin izan dio abantailari eutsi eta tropelak irentsi egin du.

Taldean iritsi dira azken kilometrora eta esprin estuan erabaki da etapa. Fotofinishak egin ditu epaile lanak. Freire (Rabobank) ala Valverde (Illes Balears) horixe erabaki behar izan dute argazkiari begira. Azkenean Illes Balearsekoari eman diote garaipena. Hirugarren postuan Rebellin sailkatu da.

Nolanahi ere, lehen saioa aldapatasua izan da, bost mendate igaro baitituzte: Gurutze (3º), Xoxoka (2º), Gurutze (3º), Erlaitz (1º), Jaizkibel (1º).Aurtengoa 46. Euskal Herriko Itzulia. Lehen aldiz sei eguneko itzulia izango da. Guztira 31 mendate daude ibilbidean eta azken saioan 24 kilometroko erlojupekoa; honek ere izango ditu aldapak.

22 taldetako 175 txirrindularik hasi dute gaur Euskal Herriko Itzuliko 46.edizioa. Horien artean 25 izango dira euskaldunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.