Lehen garaipena nahi du

Bi partida berdindu eta bat galdu ondoren, Osasunak sasoiko lehen norgehiagoka irabazi nahi du gaur etxean Deportivoren aurka

2008ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Futbolean emaitza da garrantzitsuena. Ondo jokatu arren, puntuak batzen ez badira ez da gauza onik izaten futbolean, eta egoera horretan dago Osasuna une honetan. Lehendabiziko hiru jardunaldietan gorritxoak ez ziren aritu gaizki, baina jokoan zeuden bederatzi puntuetatik bi soilik eskuratu dituzte, eta, bide horretatik jarraituz gero, sailkapenaren postu garratzenetan mugitzera behartuta izango da Jose Angel Zigandaren taldea. Horrexegatik, futbol ikusgarria egin ez arren, gaur iluntzean, Deportivo Nafarroako Erresuman mendean hartzea oso garrantzitsua izango litzateke, eta helburu bakar horrekin zelairatuko dira nafarrak: irabaztea da garrantzitsuena, berdin da ongi edo gaizki jokatzea, nahiz eta irabazteko biderik motzena ongi jokatzea izan ohi den normalean.

Denboraldia hasi besterik ez da egin oraindik, eta puntu premia ez da, beraz, sasoi amaieran izaten den tamainakoa, baina, hala eta guztiz ere, talde guztiek lehenbailehen hasi nahi izaten dute puntuak biltzen. Osasuna ez da salbuespena. «Bai edo bai, irabazi beharra daukagu, eta lau egun barru Sorian beste partida garrantzitsu bat izan arren, ez dut horretan pentsatzen, Deportivoren aurkako partida da garrantzitsuena orain, eta irabazi nahi dugu. Aurkariarentzat partida deserosoa eta zaila egiten eta irabazten ahaleginduko gara. Jokatzeko erak konfiantza hartzeko balio izaten du, baina batik bat emaitzek ematen diote konfiantza futbol jokalariari. Orain artean txukun aritu gara, eta sentipen onak ditugu, baina sentipen on horiek emaitza onekin berresteko ordua da orain, irabazi beharra daukagu, kosta ahala kosta», adierazi zuen atzo Jose Angel Zigandak. Ozenago esan daiteke, baina ez argiago, garbiago.

Iragan sasoian aurkarien entrenatzaile askok izan zituzten Osasunaren jokoarentzat laudorioak, gorritxoei hiru puntuak lapurtu ostean. «Osasuna indartsu ikusi dut, eta ez dut uste mailari eusteko inolako arazorik izango dutenik», adierazi zuen Miguel Angel Lotinak, adibidez. Zalantza handiak eragin zituen penalti bati esker 0-1 irabazi zuen Deportivok Iruñean -gaur iluntzeko epaile bera zen lanean, Ramirez Dominguez-, eta Lotinak hitz gozoak erabili bazituen ere, Osasuna jaitsiera postuetatik bi puntura zen, Liga amaierarako bost jardunaldi falta zirela. Gaur iluntzeko partidaren ostean ere Osausnarentzat hitz txarrik ez du izango entrenatzaile meñakarrak, seguru. Baina oraingoan hiru puntuek ihes egin diotelako entzun nahi dituzte osasunazaleek nafarren entrenatzaile izandakoaren laudorioak. «Deportivo oso talde sendoa da, pazientzia handiz jokatzen du; atzealdea ondo zaintzen du, eta erasoan mina egiten ere badaki. Ez da erraza izango, baina etxean jokatzen dugu, eta guk ere pazientzia handiz jokatu beharko dugun arren, hiru puntuak eskuratzea da helburua», esan zuen Zigandak, iragan sasoikoa ahaztu ez duela argi utziz.

Masoud eta beste hamar

Gaur goizean azken lan saio bat egingo dute gorritxoek Taxoaren, eta entrenamendua amaitu ostean emango du Larraintzarko entrenatzaileak deialdiaren berri. Hala eta guztiz ere, atzoko prentsaurrekoan gauza bat argi utzi zuen: «Lehen hiru partidetan ordezkoen aulkitik zelairatu ostean egindako jokoarekin Masoudek hasieratik jokatzeko aukera irabazi du», esan zuen. Erdi punta irandarraren ordua iritsi dela dirudi. Kalitate tekniko ikaragarria dauka Masoudek. Osasunan inoiz inork erakutsi ez duen abilezia eta trebetasuna erakutsi ditu baloiarekin. Orain dotorezia ez ezik, eraginkortasuna ere izan dezakeela erakutsi behar du orain arteko jardunaldietan falta gehien jaso duen Ligako jokalariak. «Jendeak ez zuen ezagutzen, eta harritu egin dira bere jokoa ikusita. Guretzat ez da hainbesteko ezustekoa izan, ezagutzen baikenuen. Jokalari ikusgarria dela argi dago, eta eraginkorra izan daitekeela erakutsi behar du orain, aurkariei min handia egin baitiezaieke bere jokoarekin».

Irandarra hasieratik ariko dela dirudi, beraz. Baina haren ondoan izango diren beste hamar jokalariak aurreratzerik ez dago. Gaur goizeko lan saioan egingo ditu azken probak Zigandak. Hori bai, atzealdean buruhauste bat baino gehiago izango du entrenatzaile nafarrak: Josetxo sukarrarekin dago, eztarriko arazo batzuen erruz; Krutxagak orkatila bihurritu zuen atzoko lan saioan; Azpilikueta zigortuta dago, Mestallan bi txartel hori jaso baitzituen; eta haren ordezkoa izan daitekeena, Javier Flaño, ere kili-kolo dabil.



Irabazi beharra daukagu. Sentipen onakemaitza onekin berresteko ordua da»

«Lehen hiru partidetan eginiko jokoarekin irabazi du Masoudek hasieratik aritzeko aukera»

jose angel ziganda
Osasunako entrenatzailea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.