Gutxitan gertatu da halako jarraitutasuna denboraldi baten eta bestearen artean. Ia guztia aldatu dute 1 Formulan, eta lehengoan jarraitzen du. Ez da erabat egia, baina lehen begi kolpeak halako itxura ematen du. Sebastian Vettel (Red Bull) eta Lewis Hamilton (McLaren) lasterketa irabazteko lehian. Eta Fernando Alonso (Ferrari) Vitali Petroven atzetik (Renault), baina aurreratu ezinik. Osotasunean begiratuta, iaz lehen lasterketetan Ferrari oso gorabeheratsu aritu zen, taldeak zergatia oso ondo ulertu gabe. Hasi besterik ez da egin, eta orain jakinda zer datorren hurrena: aldagai asko.
Argi esan daiteke: hiru talde oso indartsu daude. Red Bull, McLaren eta Ferrari. Hori izan zen ordena herenegun Australiako Sari Nagusian, eta alda daiteke Malaysian, bi aste barru. Red Bullek uste du hor aurrean jarrai dezakeela. McLarenek uste du Red Bulli erasotzeko gertu dagoela. Eta Ferrarik ez daki zer gertatu zitzaion Australian, baina Malaysian hobeto ariko dela uste du. Lasterketan oso azkarra izan zen Alonso, baina oso atzean sailkatu zen larunbatean, bosgarren, eta irteeran postu gehiegi galdu zituen. Taldeak gora egingo du, iaz egin zuen bezala, baina puntuak galtzen hastea ez da modurik egokiena.
Red Bullen abiadura ez zen harritzekoa izan, iaztik ezaguna zelako eta aurten ere berdina gerta zitekeenaren aukera guztiek baitzuten present. Halaxe gertatu zen, inork ez baitzuen benetan estu hartu Vettel. Lehen itzulian 2,5 segundoren aldea atera zion bigarrenari, baina Vettel hamahirugarren itzulian boxetara sartu zenean tarte horri eusteko gai izan zen Hamilton. Larunbatean itzuli bakarrera Vettelek lortu zuen aldea ikusita, argi dago Red Bullen abantaila non dagoen: lehen itzuliko errendimenduan.
Funtsean, Vettelek inork baino azkarrago jartzen ditu tenperatura egokian pneumatikoak, eta horregatik lortzen du haiengandik itsaspen gehien. Besteek bi itzuli behar dituzte, baina Vettelek ia hasieratik erabiltzen ditu bete-betean. Hortik aurrera, eta behin guztien tenperatura berdinduta, McLarenek erraz jarrai zezakeen Red Bullen abiadura. Ferrarik itxuraz gauza bera egin zezakeen, baina Italiako taldeko gidariek lasterketa zailagoa izan zutenez, buruz buruko alderaketak egitea ez da hain bat-batekoa.
Mark Webberrek ezin izan zuen inondik inora bere taldekidearen abiadura berdindu. Horrek ere laguntzen du Red Bullen abantaila lehen itzulian datzala pentsatzen, gidatze estiloak hor asko eragiten baitu. Ez da hori bakarrik, gainerako itzulietan Webberrek ez baitzuen inoiz Vettelen itxura eman, baina ez da normala bien artean itzuli batean halako aldea izatea. Batez ere Webber historikoki sailkatze saioetan maisu izan baita, Jaguarren garaian hainbatean erakutsi zuen moduan. Red Bull indartsu den arlo horretan ahula da Ferrari.
Lehen itzuli horretan pneumatikoek dute erru guztia, eta haiek erabiltzen jakitea ezinbestekoa da. Gezurra dirudi lehen itzuliko errendimenduak nola eragin dezakeen hainbeste hirurogeitik gora itzuli dituen lasterketan. Baina hala da; horregatik, McLaren eta Ferrari buru-belarri ariko dira hori konpondu nahian. Oraingoz, estrategiaren laguntza bilatu beharko dute, Red Bulli irabazi ahal izateko.
Estrategia ezberdinak
Zorionez, estrategiak aukera asko emango ditu aurten. Australiakoa ikusi besterik ez dago. Lehen hiru sailkatuak bitan bakarrik gelditu ziren. Gehienak hiru aldiz, eta Sergio Perez (Sauber) behin bakarrik. Ederra da hori, gidari eta estratega ausartek bere saria jasoko baitute. Edo zigorra, noski. Taldeak oraindik pneumatikoei neurria hartzen ari dira, eta, horregatik, lehen lasterketetan oso estrategia desberdinak izango dira. Australian uste baino higadura txikiagoa izan zuten guztiek, baina hiri barneko zirkuitu batean hori espero daiteke.
Malaysian gauzak aldatuko dira, ziurrenik berdintze aldera, bigarren lasterketan aldeak txikitu egiten baitira. McLarenek eta Ferrarik badakite non egin behar duten lan. Lasterketako itzuli guztien artean, autoak goma berriak jartzen dituen itzuliak bakarrik zaindu behar dituzte. Eta Red Bullek hobera egin ez dezala.
Lehen itzuliaren garrantzia
Sebastian Vettelek erraz irabazi zuen Australiako Sari Nagusian, baina McLaren eta Ferrari ez daude urruti
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu