Lehen pausoa eman nahi du

Itzulikorako aldea lortu nahi du Osasunak gaur Sevillaren aurka, UEFA Kopako finalerdietako joanekoan

2007ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Osasunako armarria daramaten ikurrinez josita dago Iruñea ostiralaz geroztik. Hiriko bazter guztiak gorritxoen arimaz zipriztindu nahi izan ditu klubak, aste honetan klubaren 87 urteetako partidarik handiena jokatu behar dutela badaki eta. Osasunak ez du inoiz nazioarteko lehiaketa bateko finala hain gertu izan, eta sasoi hasieran zale guztiek finalerdietaraino iristea sinatuko zuten arren, orain inork ez du nahi finalaren atarian geratu. Bere merituengatik iritsi da Osasuna finalerdietara. Bordeleko Girondins, Glasgow Rangers eta Leverkusengo Bayer utzi ditu bidean, besteak beste. Osasunak baino talde indartsuagoak ziren teorian. Baina amore eman behar izan zuten denek gorritxoen indar erakustaldien aurrean. Sevillarekin ere gauza bera egitea da orain helburua. Finalerako bidean azken harria da, eta ostikoz jo nahi dute gorritxoek harri hori, bidea garbi uzteko.

Nolanahi ere, Osasunak ez du lan samurra izango, txapela irabazteko faboritoetako bat izango baitu aurrean. Sevilla da UEFA Kopako txapelduna, eta orain arte ondo baino hobeto defendatu dutitulua -Shaktar Donetsk Ukrainako taldearen aurka estutasun ederrak igaro zituzten final zortzirenetan, dena dela-. Espainiako Kopako finaletik ere oso gertu da, finalerdietako joanekoan Deportivori 0-3 irabazi ostean. Ligan, Bartzelona liderrak baino puntu bat gutxiago du, eta UEFA Kopan finalerdietan dira. Postu bakoitzeko bi jokalari ditu Juande Ramosek, eta ez nolanahikoak, gainera. Poulsen, Renato, Maresca eta Marti Ligako euskarri laukoterik sendoenetakoa da. Hegaletan Alves etaNavas eskuinetik eta Puerta eta Adriano ezkerretik izatea luxua da. Eta aurrealdean ere aukera ugari dituzte; Kanoute -Ligako golegile nagusia-, Luis Fabiano, Chevanton eta Kerzhakov, esaterako. Ahuleziarik gabeko taldea dirudi.

«Espainiako Ligako talde onenetakoa bakarrik ez, Europako talderik sendoenetakoa ere badela erakutsi du Sevillak. Hargatik, gu nola aritzen garen da garrantzitsuena guretzat, ondo jokatuz gero edozein talde mendean hartzeko gai garela badakigu eta», adierazi zuen atzo Savo Milosevicek. Aurrelari serbiarra eskarmentu handiko jokalaria da, baina hasiberrien ilusioa erakutsi zuen atzo. «Nazioarteko lehiaketa bateko finalerdiak jokatuko ditudan lehen aldia da, nahiz eta urte asko egin ditudan futbolean, eta ilusioz gainezka nago. Osasunarekin izatea, gainera, are eta bereziagoa da, klubarentzat ere lehen aldia baita». Ilusioak aukera ez zapuztea espero du Milosevicek: «Hitzordu historikoa dela pentsatzen hasten bagara, akabo! Jokalariontzat beste partida bat da; guk ezin dugu lehia zaleen edo kazetarien ikuspegitik prestatu».

Milosevic hasieratik ariko da gaur, eta berak bezala Riazorren atseden izan zuten beste jokalariek ere izango dute tokia hasierako hamaikakoan -Soldadok eta Corralesek-, baita Puñalek eta Juanfranek ere -Deportivoren aurkako partidan azken minutuetan soilik jokatu zuten horiek-. Horiek izango dira Osasunaren berritasunak. Talde erasokorra zelairatuko du Zigandak.



ENTRENATZAILEAK, ZUHUR. Bi taldeetako entrenatzaileek zuhur hitz egin zuten atzo kazetarien aurrean. Zigandak gozatzen jarraitzearen garrantzia azpimarratu zuen. Orain arte Europako lehiaketan gehienetan erakutsitako mailari eutsi nahi dio: «Orain arte barruan daukagun indar guztia hustu izan dugu UEFA Kopako partidetan, eta berdin jarraitu behar dugu. Azken boladan gol gutxi sartu izanak ez nau kezkatzen, biharkoa ezberdina izango baita. Partida berezia da, eta ez da aitzakiarik izango, ez beroa, ez nekea eta ez beste ezer, badakit mailarik onenean ariko garela», esan zuen Zigandak

«Talde handiekin lehian ari da Sevilla lehiaketa guztietan, eta badakigu aurkari gogorra dela. Halere,guk begirunea diegu, eta eurek begirunea digute. Lehia orekatua izango dela uste dut, eta une honetan biok dugu aukera bera sailkatzeko. Gainera, joanekoa amaitu eta gero ere ez dut uste ezer erabakita egongo denik, Sevillak Iruñean irabazten badu ere Osasunak han ere irabazi dezakeela badakit eta», gaineratu zuen Osasunako entrenatzaileak.

Sevillako entrenatzaileak ere ez du faborito argirik ikusten: «Ligako sailkapena aintzat hartuta, faboritoa Sevilla dela esatea uler dezaket. Dena dela, lehia orekatua izango da. Bi partidetan erabakitzen diren kanporaketetan behin baino gehiagotan irabazi digu Osasunak, eta iaz Txapeldunen Ligarako txartelik gabe utzi zigun. Beraz, ezin gara lasaikerian erori; bestela, ustekabeko ederra hartuko dugu, seguru. Finalean izateko merituak egin ditu Osasunak. Agian, iragan sasoiko eskarmentua da gure abantaila bakarra».



«Itzulikoan erabakiko da kanporaketa. Sevillak Iruñean irabaz dezake,baina baita guk Sevillan ere»

JOSE ANGEL ZIGANDA
OSASUNAKO ENTRENATZAILEA
«Osasuna merezita iritsi da finalerdietara. Ezin gara lasaikerian erori; bestela, ezuste ederra hartuko dugu»

JUANDE RAMOS
SEVILLAKO ENTRENATZAILEA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.