Inter 0-0 Reala

Lehen postua balio duen berdinketa

Realak 0-0 berdindu du Milanen. Etxekoek estutu egin dute, baina txuri-urdinek ondo eutsi diote, talde heldua eta egina direla erakutsiz. Astelehenean egingo dute final-zortzirenetakok zozketa.

(ID_13423126) ITALY SOCCER
Interreko Cerbi eta Realeko Sadiq lehian. MATTEO BAZZI / EFE
ainara arratibel gascon
2023ko abenduaren 12a
23:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Berdinketak balio zion, baita lortu ere. Realak 0-0 berdindu du Inter Milanen zelaian, eta lehen postuan amaitu du Txapeldunen Ligako bere multzoan. Espero bezala, Interrek estutu egin du partidako hainbat unetan. Baina talde heldua eta egina dela erakutsiz, txuri-urdinek ondo eutsi diote, patxadaz jokatuz. Lehen postuan amaituta, ustez aurkaririk gogorrenak saihestu dituzte gipuzkoarrek final-zortzirenei begira. Astelehen eguerdian egingo dute zozketa, Nyonen, Suitzan

Hamaikakoari dagokionez, Igor Zubeldia zalantza izan zen azkenera arte, bizkarreko minez. Azkenerako, azkoitiarra zelaian izan da. Brais Mendezen hutsunea ere bazuen Imanol Alguacilek, eta Zakharianek jokatu du haren ordez. Sadiq eta Oiartzabal, berriz, hasieratik aritu dira. Erritmo bizia izan du partidak hasieratik. Realak izan du baloiaren jabetza eta kontrola. Interrek, berriz, baloia atzetik ateratzen uzten zion Realari, baina zelai erdira iritsi aurretik hura lapurtu eta erasora bizkor irtetea bilatu du, aurrean dituen jokalarien abiadura baliatuz. Sakon eta zuzen jokatu dute italiarrek, ohi bezala. Hala iritsi da partidako lehen txartel horia. Zubeldiari atera diote, 21. minutuan. Zelai erdian baloia galdu du Sadiqek. Thuramek hartu du, eta bizi atera da. Zubeldiak falta egin behar izan dio geratzeko.

Jokaldi horrek suspertu egin du etxeko taldea, eta pare bat gerturatze izan ditu Remiroren atera, baina abagune argirik sortu gabe. Realari ere hori falta izan zaio, baloi jabetza aukeretan islatzea Lehen zati horretako aukera argiena Interrek izan du, 38. minutuan. Berriro ere baloi bat hustu, eta Thuramek ondo zabaldu dio baloia Alexisi. Haren jaurtiketa Zubeldiak atera du, baina aldaratzea Txileko jokalariari ailegatu zaio, eta errematea Traorek atera du ozta-ozta. Epaileak, gainera, baloirik gabe utzi du jokaldia, ustez baloia kanpora atera delako. Hortik eta atsedenaldira bitarte italiarrek estutu egin dute, eta txuri-urdinei hortzak estutzea tokatu zaie. Hortik eta atsedenaldira bitarte, italiarrek estutu egin dute, eta txuri-urdinei hortzak estutzea tokatu zaie. Baina aurrera egin dute, eta korner batean gertu izan dute gola. Merinok buruz egindako errematea gutxigatik joan da kanpora. Horrenbestez, golik gabe amaitu da lehen zatia.

Bigarren zatia, bide beretik

Bigarren zatiko lehen sustoa Realak hartu du, 49. minutuan. Baloi arriskutsua galdu du Merinok, Remiroren pase baten ostean, eta Interrek gertu izan du gola. Epaileak berriro ere balio gabe utzi du jokaldia, erdilari nafarrari falta egin ziotelakoan. Interrek presioa zertxobait handitu du, eta Reala pauso bat atzera ematera behartu du. Baloiaren jabe zen, baina ez zuen lehen zatiko argitasunarekin mugitzen. Zelai erdiari apur bat sendotasun gehiago emateko asmoz, Turrientes zelairatu du Imanolek, Sadiqen ordez. Beasaingoak ongi jokatu du. Imanol haserre zegoen, taldea norgehiagokaren aginte makila galtzen ari zelako. Interrek gola behar zuen, eta Inzaghik Lautaro eta Amautovic atera ditu. Baina txuri-urdinek ondo eutsi diete.

Hurrengo minutuetan, baloiaren jabe izanda, Reala hobeto aritu da, eta pare bat korner atera ditu. Bigarrenean, Oiartzabalek gutxigatik ez du gola sartu. J okaldian penaltia eskatu du txuri-urdinen kapitainak. Penaltia eskatu du handik gutxira Kubok ere, baina epaileak, VARean begiratu ostean, bere burua lurrera bota zuela ikusi du, eta txartel horia atera zion. 15 minutu eskas falta ziren neurketa amaitzeko.  Realak gertu zuen lehen postua, baina azken ahalegina falta zitzaion. Partida sei minutu luzatu du epaileak. Interrek azken erasoan ia gola sartu du, Lautarori esker. Baina epaileak txistua jo, eta Realak ginga jarri dio multzoen fase bikainari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.