Ainhoa Vicente eta Iraia Iturregi. Athleticeko jokalariak

«Lehiakor ez izatea litzateke porrota, ez kanpoan gelditzea»

Athleticen bigarren denboraldia osatzen ari da Ainhoa Vicente, eta hamabosgarrena du Iraia Iturregik. Fortuna Hjorring Danimarkako talde indartsuaren aurka jokatuko du gaur Athleticek, San Mamesen.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
Lezama
2016ko urriaren 5a
00:00
Entzun
31 urte dauzka Iraia Iturregik (Leioa, Bizkaia, 1985), eta lau aldiz jokatuta dago Txapeldunen Ligan. 21 besterik ez dauka Ainhoa Vicentek (Donostia, 1995), eta gaurkoa izango du debuta Europako lehiaketa nagusian. Fortuna Hjorringen aurkako partidaren atarian, esperientzia eta gaztetasuna parez pare jarri ditu BERRIAk.

Zenbateko indarra daukan Txapeldunen Ligak, Iraia Iturregiren erretiroa ere atzeratu egin du!

IRAIA ITURREGI: [Barrez] Bai... Bederatzi urte daramatzagu Txapeldunen Liga jokatu gabe, eta argi dago motibazio gehigarria dela hori. Edozein jokalariren ametsa da Txapeldunen Liga jokatzea. Bere garaian jokatu genuen guk, baina askoz oihartzun handiagoa dauka orain. Chelseak, adibidez, Stamford Bridge estadioan jokatuko du, eta pauso garrantzitsua da hori.

Txapeldunen Liga. Gauza handia da hori, Ainhoa.

AINHOA VICENTE: Handia da Txapeldunen Liga jokatzea. Beste esperientzia bat izango da, futbola beste modu batera bizitzeko aukera. Gauza berri asko bizi izaten ari naiz urte bakarrean: Athleticera iritsi, partida asko jokatu, liga irabazi, Txapeldunen Liga...

Aurreko denboraldiko lan zoragarriaren saria da Txapeldunen Liga.

I.I.: Bai... Espainiako Ligak, gainera, gora egin du sailkapenean, eta lehen kanporaketa ez dugu jokatu behar izan. Zuzenean sartu gara final-hamaseirenetan. Saria da, bai, baina ez dut ikusi nahi sari edo gozamen huts gisa; aurrera egiteko aukera daukagu. Bai, saria da Txapeldunen Liga jokatzea, baina ardura ere badaukagu; ondo lehiatzeko ardura.

Horrelakoetan gehiegitan aipatzen dira «saria», «esperientzia polita» eta horrelakoak?

A.V.: Saria da, argi dago, baina lehiatzera goaz. Helburua ez da kanporaketa bakarra jokatzea.

I.I.: Txapeldunen Ligarako sailkatu eta bi partida bakarrik jokatzea... Hainbesteko ahaleginaren ondoren, pena litzateke lehen kanporaketan ezinean gelditzea. Eurak dira faboritoak, argi dago, baina Frantziako eta Alemaniako taldeak saihestu nahi genituen, eta lortu dugu. Fortuna bosgarren dago Txapeldunen Ligako sailkapenean, baina uste dut aurrera egiteko aukera izango dugula.

Iraia, zu lau aldiz jokatutakoa zara Txapeldunen Ligan. Zergatik da hain berezia bosgarren hau?

I.I.: Bederatzi urte igaro ditugulako jokatu gabe. Lehen hiru ligak irabazi eta Txapeldunen Liga jokatu genuen. Bat-batean iritsi zen dena. Hasiera hartan ere ez zen erraza izan, noski, baina, ahalegina egin, eta irabazi egiten genuen. Azken urteotan, berriz, ahalegin berbera eginda ere, are lan hobea egin duen talde bat eduki dugu parean. Gogoan daukat, adibidez, 90 puntu lortuta ere ihes egin zigula liga batek. Horregatik, orain benetan jabetu gara zenbat kostatzen den honaino iristea. Ondo kostata, baina heldu da azkenean!

Ia oharkabean igaro da datua, baina San Mamesen jokatuko duzue joaneko partida.

A.V.: Oso garrantzitsua da emakumeoi ere bultzada hori ematea. Xarma handia dauka Txapeldunen Ligak, eta San Mames ikur ona da emakumezkoen futbolari bultzada emateko.

I.I.: Askoz oihartzun handiagoa lortzen da partidak San Mamesen jokatuta.

A.V.: Jende gehiago joango da partida ikustera.

I.I.: Eta beste taldeentzat ere bultzada izan daiteke hori. Esan bezala, Chelseak Stamford Bridgen jokatuko du, guk San Mamesen... Eta ziur nago talde gehiago animatuko direla estadio handietan jokatzera.

Debuteko urtean, ligako titulua jokoan zeneukatela, 35.000 zale joan ziren San Mamesera. Zer giro espero duzue?

I.I.: Horrelako apustuak egin izan dituztenean, jendeak erantzun egin izan du.

A.V.: Eta Athleticen, are gehiago.

I.I.: Nik hamar bat aldiz jokatu dut San Mamesen, eta inoiz ez dira joan 10.000 zale baino gutxiago. Oraingoan ere ondo erantzungo dutela uste dut. Klubak garrantzia eman dio partidari, eta oso giro ona egongo da San Mamesen.

Fortuna Hjorring. Zer dakizue aurkariari buruz?

A.V.: Oso jokalari indartsuak dira fisikoki, eta oso kontuan eduki beharko dugu alor hori.

I.I.: Zozketaren egunean bertan hasi ginen begira, eta berehala ikusi genuen jokalari altuak, azkarrak eta indartsuak direla. Onak dira estrategia jokaldietan. Joko zuzenean, jauzietan, bigarren jokaldietan... Alor horietan abilak dira, eta gure jokoa egiten saiatu beharra daukagu.

A.V.: Baloia zelaira jaitsi eta jokatzea gustatzen zaigu guri, eta hori egiten saiatu beharko dugu.

I.I.: Defentsan indar handiarekin jokatu beharra daukagu, oso indartsuak direlako, eta baloiarekin ez dugu beldurrik izan behar. Presarik gabe jokatu behar dugu. San Mamesen, batzuetan, ez da erraza izaten baloia mugitzea, eta pazientziarekin jokatu behar dugu, burua hotz.

Arrisku bat dauka Txapeldunen Ligak: ligarako indarrak gastatuz joatea.

A.V.: Liga da gure lehiaketa nagusia, eta bigarrenez jarraian irabazteko borroka egingo dugu.

I.I.: Badakigu Bartzelonarekin eta Atletico Madrilekin liga irabazteko borrokan ibiltzeko moduko taldea daukagula, baina oraindik ere pauso batzuk falta zaizkigu Txapeldunen Liga irabazteko aukeraren bat izateko. Horregatik, liga eta kopa dira gure lehiaketak, baina oso polita litzateke Txapeldunen Ligan, gutxienez, kanporaketa bat igarotzea.

Zuretzat, Iraia, Athleticekin jokatuko duzun 384. partida izango da Fortunaren aurkakoa.

A.V.: A zer astakeria!

I.I.: [Barrez] Bai... Marka jakin batzuei begira egoten gara beti, eta 400. partidara iristea gustatuko litzaidake, noski. Athleticen oso jokalari gutxiren esku dago hori, eta polita litzateke, jokatzen ari naizela esan nahiko lukeelako. Eli Ibarrak jokatu du partida gehien Athleticen [397], eta Vanessa Gimbert uste dut 100era iritsiko dela Fortunaren aurka jokatzen badu [303 partida dauzka jokatuta Erika Vazquezek, 286 Irune Muruak eta 266 Ainhoa Tirapuk]. Zenbakiak dira, eta jokalariok ez ditugu edukitzen buruan, baina polita da gero idatzita ikustea.

Zure kasuan, Ainhoa, 32. partida izango da Fortunaren aurkakoa.

A.V.: Asko dira horiek ere! [Barrez]

Gazteenentzat zertan da eredu Iraiaren gisako jokalari bat?

A.V.: Lehenik eta behin, pertsona gisa. Zelaian bakarrik ez, aldagelan ere eredu dira. Nolako harrera egiten duten, nola sentiarazten zaituzten gertuko, nola errazten duten dena... Hutsen bat egin, eta ondoan egoten dira, hurrengoan asmatuko dugula esateko. Ez zarela iristen? Bera joango da. Beti lagunduz, beti lana erraztuz. Asko eskertzen da.

Betisen aurka jokatu zenuten larunbatean, Fortunaren aurka gaur, Santa Teresaren aurka asteburuan, Badajozen, Danimarkara bidaia gero —asteazkenean da partida—, eta Valentzian jokatuko duzue urriaren 16an. Astakeria handia da hori.

I.I.: Medikuen hitzaldi bat izan genuen lehengo astean, elikadura nola zaindu behar dugun azaltzeko. Oso garrantzitsua da atsedena, baina hiru partida jarraian jokatuko ditugu etxetik kanpo, Santa Teresa, Fortuna eta Valentziaren aurka. Gaur, adibidez, elkarrekin afalduko dugu San Mamesen, errekuperaziorako oso garrantzitsua delako partidaren ondoren elikadura zaintzea. Oso adi daude taldeko medikuak.

Nola dauzkazue antolatuta bidaiak?

A.V.: Astelehenean iritsiko gara Badajoztik [igandean daukate partida Santa Teresaren aurka, 12:30ean], eta astelehenean bertan abiatuko gara Danimarkara. Oso luzea da bidaia, baina denbora dezenterekin joango gara. Ostegunean itzuliko gara, eta jarraian Valentziara bidaia egingo dugu.

I.I.: Etxean ez gaituzte asko ikusiko, baina ondo antolatu dituzte bidaiak, gure atsedenari lehentasuna emanda.

Zuen asmoen berri jakiteko: noiz eta non da Txapeldunen Ligako finala?

I.I.: Cardiffen da finala.

A.V.: Nik ideiarik ere ez neukan.

I.I.: Eta eguna... Maiatzean? [ekainaren 1ean da]

Porrota litzateke lehen kanporaketan huts egitea?

A.V.: Bai eta ez. Bai, gogorra litzatekeelako honaino iritsi eta lehen kanporaketan lehiaketatik kanpo gelditzea; eta ez, honaino ez delako iristen edozein talde.

I.I.: Lehiakor ez izatea litzateke porrota, ez kanpoan gelditzea. Hainbeste kosta zaigu honaino iristea, beste kanporaketaren bat jokatzeko ilusioa daukagu. Baina lehiakor izanda eurak hobeak badira, Txapeldunen Liga da hau; zoriondu eta aurrera. Europako 32 talde bakarrik ari gara lehian lehiaketa honetan.

Etxean jokatuko duzue joaneko partida, eta etxetik kanpo itzulikoa. Ona da hori?

A.V.: Nik uste dut hobea dela lehen partida etxean jokatzea.

I.I.: Niri berdin-berdin zait. Bi kasuek dauzkate aldeko eta kontrako gauzak.

A.V.: Etxeko partidan, jada, ondo ezagutuko dugu aurkaria, eta hobeto jakingo dugu itzuliko partida nola kudeatu.

I.I.: Emaitza ona lortuz gero, konfiantza eman diezaguke lehen partida etxean jokatzeak, berdinketaren kasuan balio bikoitza daukatelako etxetik kanpoko golek. Baina luzapena eta penaltiak egonez gero, indarrik gabe zaudenean, oso garrantzitsua izaten da zaleen babesa izatea.

Golen bat sartzea, edo, sartu gabe ere, aurkariak golik ez sartzea, zer da garrantzitsuagoa gaur?

I.I.: Aurkariak golik ez sartzea.

A.V.: Zalantzarik gabe.

I.I.: Oso arraroa delako guk partida batean golik ez sartzea. Oso partida gutxitan gelditzen gara golik sartu gabe. Horregatik, garrantzitsua izango da eurek San Mamesen golik ez sartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.