'Lehoi eroaren' gose aseezina

Marcelo Bielsak itxuraldatu egin du Athletic. Talde on bati irabazle sena eman dio. Eta apustu ausarta egin du: dena gura duHelburua betetzeko bidean da taldea: bi final jokatuko ditu eta gertu du Txapeldunen Liga

Marcelo Bielsa, herenegun, San Mamesen, Sporting Lisboaren aurkako Europako Ligako finalerdietako itzuliko partida hasi aurretik. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
haritz gallastegi
Bilbo
2012ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
San Mames. 88. minutua. Tentsioa nabari da. Gol batek 114 urteko historia loriatsuan Europako lehiaketa batean bigarrenez finala jokatzeko aukera emango dio Athletici. Aurkariaren gol batek, ordea, kalean utziko du. Irabazteko ilusioak eta galtzeko beldurrak egin dute bat. Fernando Llorente eta Ibai Gomez agertu diren arte. Hasiberriak, gazteek duten ausardiaz eta lotsagabetasunaz, jokaldi ona egin du area barruan. Erdiraketa egin eta han agertu da beteranoa, izarra, lehoi nagusia. Erremate gaitza egin eta baloiak sarerako bidea hartu du zutoina jo ostean: gola, finalerako txartela. Lehertu da San Mames zaharra. Amaitu da lehia. Ereserkia bozgorailuetatik. 40.000 lagun kantuan, bufandak altxatuta. Oilo ipurdia berriz. Athleticek Europako Ligako finala jokatuko du, Atletico Madrilen kontra, Bukaresten, maiatzaren 9an.

Errumaniakoa denboraldiko lehen finala izango da. Bi aste geroago jokatuko du bigarrena —Espainiako Kopakoa—, gertuago, Madrilen, Bartzelona handiaren kontra. Baina benetan handia talde zuri-gorriak sasoion egin duen lana izan da. Pep Guardiolak, hiru egunen buruan Liga eta Txapeldunen Liga galdu aurretik, edozer pasatuta ere Bartzelonak dagoeneko «irabazi» egin zuela esan zuen. Bada, antzeko lerroburua jar dakioke Athletic egiten ari den lanari. Athleticek irabazi du. Balentria egin du. Eta bi final horietako bat edo biak irabazteko kapaz izan eta jokalariak itsasadarrean behera etortzeko modua lortzen badu, ametsik gozoenean posible ez zena lortuko du. Erre egingo da Bilbo.

Athletic Europan talde gutxi batzuen esku dagoena ari da lortzen. Bospasei talde dira euren txapelketetan zein Europako lehiaketetan nabarmentzeko aukera eta gaitasuna dutenak. Baina emaitzak lortzea prozesuaren amaiera da, finalak jokatzea aurrez hartutako bidearen ondorioa baita. Bistan da azken urtean hartutako erabaki guztiak zuzenak izan direla. Athletic arrakastara eraman dutenak, hain zuzen ere. Bazkideek Josu Urrutiaren alde egin zuten lehenengo. Bigarrenez, presidente berriak Marcelo Bielsa fitxatu zuen. Argentinarraren etorrera da, hain zuzen ere, Athleticen historiako mugarri nagusietako bat. Bielsak klubaren mentalitatea aldatu du. Bere buruari ikaragarri eskatzen dion entrenatzaile bat da. Eta berak bere buruari beste eskatzen die ingurukoei. Haren lantaldeak bazeukan horren berri, baina ez, ordea, Lezamako langileek, ezta jokalariek ere. Argentinarrak gehiago estutu ditu, zukutu, eta exijentzia horretara ohitzea kosta egin zaie askori. Baina, emaitzak lortzeko, behartuak egon dira entrenatzaileak bere buruari eskatzen dion beste ematera.

Gehiago eskatzea izan zen lehen pausoa. Bigarrena, jokatzeko era aldatzea. Estilo aldaketa erabakigarria izan da taldearen hazkundean. Jokalari gehienek aurrerapauso bat edo bieman dute jokoan. Euren onena ari dira ematen. Jokalari batzuk eurengandik espero zen baino gehiago ari dira ematen. Eta protagonista nagusien bilakaeran ikusten da, batez ere, entrenatzaile onen eta apartekoen arteko aldea. Zuzentzen eta irakasten entrenatzaile gehienen gainetik dagoela erakutsi du Bielsa eroak.

Eguneroko lanari eta dohain oneko jokalari talde bati irabazle sena gehituz gero, edozer gauza lor daiteke. Bada, garaipen gosea da Bielsaren ezaugarri nagusietako bat. Aseezina da. Era asko daude hori erakusteko. Bielsak partida guztiei garrantzi bera emanda erakusten du. Harentzat berdin-berdin da ligako partida bat edota Europako finalerdi bat. Horregatik, Sardineron ligan eta San Mamesen Sporting Lisboaren kontra hamaikako bertsua zelairatu zuen. Bi partidak irabaztea gura zuen. Ez da ohikoa gaur egungo futbolean, ez baita erraza lau egunen buruan gorengo mailako bi neurketatan ondo aritzea. Baina ikasgaia argia da: talde handia izateko, neurketa guztietan jokatu behar da ondo.

Hori guztia esanda, errazago ulertzen da Athleticek Nou Campen jokatu zuenean Guardiolak esandakoa: «Bielsa gaur egun dagoen entrenatzailerik onena da», esan zuen Bartzelona beste inork eraman ez duen mailara eraman duen entrenatzaileak. Bielsa da denen ahotan dagoen Athleticen sekretua, edabe magikoa, Bizkaiko kluba iraganean izan zuen lekua berreskuratzera eta punta-puntara eraman duena. Gozatzeko unea da, beharbada ez da sekula horrelakorik errepikatuko eta. Eta, esan bezala, gabarra mugiaraztea lortzen badu, dagoeneko zaleen biho-tzean dagoen entrenatzailea, Bielsa, lehoi eroa, jainko bilakatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.