Futbola

Lehor dabil Alaves ate aurrean; Reala, ordea, emankor

Golak sartzeko arazoak ditu Alavesek. Realak ere kamuts hasi zuen sasoia, baina idortea atzean utzi du azken partidetan. Bi taldeek derbia jokatuko dute gaur, Gasteizen.

Alaves-Reala. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Nahuel Tenaglia, falta bat jaurtitzen, aurreko denboraldian Alavesek eta Realak Mendizorrotzan jokatutako derbian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
enaut agirrebengoa
2025eko abenduaren 6a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eliteko taldeek oztopoz betetzen dute zelaia. Aurkarien jokoa deuseztatzeko estrategia geroz eta landuagoak garatzen dituzte, eta, gauzak hala, erronka zaila izaten da zelaian aurrera egin, kontrako arean barneratu, eta baloia sareetara bidaltzea. Areago, ezinezko misio ere bilaka daiteke batzuetan. Alavesek, adibidez, ligan sei neurketa amaitu ditu golik sartu gabe. Golak falta ditu, eta lehorteak puntu eskasia ekarri dio azken jardunaldietan. Realari, ordea, kontrakoa gertatu zaio: emaitza onak kateatu ditu ate aurrean asmatzen hasi ahala. Bada, bi taldeen joerak aurrez aurre ipiniko ditu gaur Mendizorrotzan jokatuko den derbiak (16:15, DAZN). 

Alavesek aspalditik ditu gabeziak golak sartzeko gaitasunari dagokionez. Iragan sasoian, azken hamar partidetatik bakar batean ere ez zuen sartu gol bat baino gehiago. Defentsako lan sendoak gol bakoitza errentagarri bilakatu zuen. 38 egin zituen; hots, bat partida bakoitzeko. Batezbestekoa are gehiago jaitsi da sasoi honetan, hamabi aldiz sareratu baitu baloia lehen hamalau jardunaldietan. Soilik hiru partidatan sartu dute gol bat baino gehiago: Levante, Elx eta Espanyolen aurka. Kontrara, sei aldiz geratu dira golik sartu gabe. 

Eta okerrena zera da, hobetu beharrean atzera egin duela. Azken sei partidetan lau puntu besterik ez du zakuratu, eta horrek zerikusi zuzena du aldeko golen kopuru eskasarekin: Valentziari, Rayori, Gironari eta Celtari golik sartu ez, eta puntu bakarra lortu zuen lau neurketak batuta. Espanyolen atea bi aldiz gainditu zuen, eta hain justu, hori da urritik irabazi duen partida bakarra. Bartzelonaren aurka, berriz, aurrea hartu zuen partida hasi berritan; hortik aurrera, ordea, dezentez eraginkorragoak izan ziren kataluniarrak.

Nolanahi ere, arazoa bere osotasunean aztertuz, sormena falta zaie arabarrei, eraginkortasuna baino gehiago. Golak sartu aurretik, aukera garbiak sortu behar dira, eta gehienetan, Alavesek ez du nahikoa argitasun izan azken metroetan. Aurrelariak ez dira asmatzen ari —Boyek, Toni Martinezek eta Marianok lau gol sartu dituzte ligan hiruren artean—, baina zaila da haiek emaitzan eraginik izatea, errematatzeko aukera garbirik ez badute. 

Kapitainak aliatuak ditu

Realari ere luzaroan buruhausteak eragin dizkio golen idorteak. Joan zen denboraldian 35 sartu zituen bakarrik; gutxien asmatu zuten taldeen artean hirugarrena izan zen. Eta zaharrak berritu zituen sasoi berriaren hastapenean, Sergio Franciscoren aginduetara: lehen bederatzi partidetatik bakarrean sartu zituen gol bat baino gehiago: Espanyolen kontra bina berdindu zuenean. Azken bost jardunaldietan, ordea, irauli egin du egoera, 11 gol sartuta. Bereziki fin aritu da derbietan, hiruna gol egin baitzizkien Athletici eta Osasunari. Horri esker, bi derbi horiek irabazi zituen. Sevillari, berriz, bi gol sartu zizkion, eta irabazi egin zuen partida hori ere. Vila-realen aurka, ordea, ez zen aski izan bi gol sartzea. 

Zale txuri-urdinen baikortasuna gol kopuruaz harago doa. Ez da bakarrik Realak zenbat gol sartu dituen, baizik eta zeinek sartu dituen. Askotan Oiartzabalen golen menpe egon da, eta, horren erakusgarri bezala, kapitainaren golei esker iritsi ziren lehen bi garaipenak ligan. Ordea, hurrengo bietan Oiartzabalek ez du golik sartu, Realak sei sartu arren: Athleticen aurka Brais, Guedes eta Gorrotxategi izan ziren golegileak, eta Osasunaren kontra, Brais, Guedes eta Barrenetxea. Galiziarrak eta portugaldarrak Oiartzabalen aliatu izan daitezkeela erakutsi dute, baita Barrenetxeak ere; osatu ostean, gol bana egin du azken bi partidetan. 

Txuri-urdinek badute zer hobetu eraginkortasun aldetik. Are zorrotzagoak lirateke, adibidez, Kubok aurrerako urratsa egingo balu. Aurrelari petoei dagokienez, ikusteko dago osatu ostean zer egiten duten Oskarssonek eta Karrikaburuk, baina ez dute berme handirik eskaintzen, ezta Sadiqek ere. Dena den, nigeriarra berriz titular izan liteke gaur. Golen iturritik edaten jarraitu nahi du Realak; Alaves, berriz, egarriak jota iritsiko da derbira. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.