Iñaki Lejarretak ez du parte hartuko Londresko Olinpiar Jokoetako mendi bizikletako proban, eta Asier Maeztuk eta Unai Elorriagak oso zail dute pistan lehiatzea, behintzat azken orduko aldaketarik ez badago, biak ala biak Espainiako Txirridularitza Federazioak atzo emandako deialditik kanpo gelditu baitira. Ordezko gisa sar daitezke, balitekeelako hautatzailea azken orduan erabakiz aldatzea, baina ez dute itxaropentsu izateko arrazoirik. Aldiz, Leire Olaberria, Hodei Mazkiaran eta Juan Peralta, espero zen bezala, pistako selekzioko aldez aurreko deialdian sartu dira. Errepideko selekzioetan, berriz, Jonathan Castroviejo ez duteaukeratu erlojupeko probarako.
Iñaki Lejarretak ezingo du Pekingo lan txukuna errepikatu. Ordukoan zortzigarren izan zen eta lau urte egin ditu prestatzen. Urteko helburu nagusia zuen, eta Espainiako selekzioko beste bost kiderekin zen lehian, hiru txarteletako bat lortzeko. Berrizkoa,baina, laugarren izan da federazioaren urteko sailkapenean, eta mendi bizikletako hautatzaileak lehen hiruren alde egin du.
Pistan, Maezturena da kasu- rik lazgarriena, azken orduko apendizitis batek utzi duelako kanpoan. Donostiarrak tokia ziurtatua zuen taldekako jazarpeneko laukotean, baina haren egoera aldatu egin da maiatzaren 23tik, ebakuntza egin ziotenetik. Lehen hautaketan ez dago, baina sasoia berreskuratuz gero —ez du izan peritonitisik— bi hilabete ditu hautatzaileren iritzia aldarazteko. Maeztuk brontzeko domina irabazi zuen 2004an, eta zazpigarren izan zen lau urte geroago.
Unai Elorriaga ere ez dute hautatu, jazarpen proban. Pekinen zazpigarren izan zen, eta litekeena da Londresen ez lehiatzea. Hala ere, federazioak gorputzeko neurriak hartu berri dizkio, bere materiala egokitzeko. Beraz, baliteke gutxienez ordezko gisa joatea. Ezaguna da Elorriagaren eta Juan Martinez hautatzailearen arteko harremana ez dela ona.
Castroviejo ere ez
Jonathan Castroviejo ez da arituko Londresko erlojupekoan. Espainiako errepide hautatatzaileak esan zuen aukerak bazituela, baina ez du hautatu. Errepideko probako bostekoan ere ez dago euskal txirrindularirik.
Lejarreta Jokoetatik kanpo gelditu da, eta Maeztuk eta Elorriagak zail dute joatea
Olaberria, Peralta eta Mazkiaran, berriz, Londreserako pistako Espainiako selekzioko lehen hautaketan daude
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu