Lesioei eta nekeari aurre egin beharko die bihar Realak

Aranburuk eta Tamudok Riazorren ezingo dute jokatu, eta Zurutuza arituko den ere ez dago garbi

Xabier Lopetegi.
Donostia
2011ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Maratoia bezalakoa da Liga futbol taldeentzat. Kilometroetan aurrera egin ahala, nekea agertzen da aurrena, eta oinazea gero. Realak bi horiei aurre egiteko gai dela frogatu nahi du bihar, Deportivoren aurka. Hirugarren norgehiagoka izango du astebetean, eta azken jardunaldian, Levanteren aurkakoan, freskotasuna eta intentsitatea falta izan zitzaizkion, zenbait jokalari kili-kolo zeudela jokatu zutelako neurri batean. Gaur ere lesioek nabarmen baldintzatuko dute Martin Lasarteren asmoa, hainbat jokalari minduta daudelako eta ezingo dutelako biharko partida garrantzitsua jokatu.

Tamudo eta Aranburu dira horietako bi. Beraz, besteak beste, Agirretxek aukera izango du denboraldi honetan aurreneko aldiz hasieratik aritzeko. Bigarren zatietan minutu apur batzuk baino ez ditu jokatu usurbildarrak, hori aukera izan duenean, eta kosta egin zaio nabarmentzea. Halere, Deportivori sartu zion, hain justu, Agirretxek aurtengo gol bakarra, eta ahaleginduko da bihar ere hori egiten. Ifran deialdian da, eta gerta daiteke bigarren zatian pixka bat jokatzea.

Zelai erdia ere berregin beharko du Lasartek, Aranburu eta Elustondoren lesioen eraginez. Ezin da baztertu Zurutuzak faltako direnen zerrenda handitzea, belauna bihurritu baitu, baina garaiz osatuko dela dirudi. Illarramendi deialdian sartuko da, beste behin. Aurreko jardunaldian bezala, bere helburu nagusia lortzeko aurrerapauso erraldoia emateko aukera du Realak. Garaipenak salbazioaren atarian jarriko luke, 38 punturekin. Egia da beheko taldeak ez daudela hondoratuta, eta langa beste denboraldi batzuetan baina gorago egon daitekeela, baina hondamendia beharko luke, hainbeste jardunaldiren faltan, kopuru horrekin Lehen Mailan ez jarraitzeko.

Estuago dabil Deportivo, gertu baititu jaisteko postuak. Beraz, etxean batik bat baina kanpoan ere tarteka erakutsi duen tentsioa berreskuratu beharko duRealak, kontrarioa bezain motibatuta egoteko. Taktika aldetik ondo landutako talde bat da Deportivo. Badirudi defentsan zuen arazoa konpontzeko bidean dela: azken lau partidetan ez du galdu. Baina horietatik, bakarra irabazi du, eta bi gol baino ez sartu. Erasoan dauka gainditu gabeko irakasgaia, baina kalitate handiko jokalaririk ez zaio falta erdialdetik aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.