Iñaki Lizaso. Erremontista

«Lesioekin zorte txarra izan dut, baina indartu egin naute»

Azken urteetan txapelketetatik kanpo ibili ondoren, erremonteari agur esan dio doneztebarrak. Urte asko igaro ditu goi mailan, eta erremontera soilik dedikatu ezin izanak bultzatu du erabakia hartzera. Zesta tabernako barra atzeko lanagatik aldatu du.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Doneztebe
2013ko uztailaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Profesionaletan 21 urte igaro ondoren, Iñaki Lizasok (Doneztebe, Nafarroa, 1973) erremontea uzteko erabakia hartu du. Bilakaera oparoa eduki du profesionaletan, eta goi mailan aritu da urte askoan. Behin erremontea utzita, sorterrian egiten du lan, Donezteben (Nafarroa). Han du El Cafe taberna. Ehun urte baino gehiago ditu, eta Lizasok familiako negozioarekin jarraituko du. Hirugarren belaunaldia da harena. Han egin du hitzordua BERRIArekin. Korrika batean erantzun ditu galderak, pintxo eta zuritoak ateratzeari utzi dion momentua baliatuz. Tabernaren izkin batean, Julian Retegi dago, egunkaria irakurtzen hamaiketakoa jaten duen bitartean. «Laguntza behar al duzu?», galdetu dio Lizasori irri artean. Ez du horrelakorik behar, berezkoa baitu Lizasok jarioa.

Noiz eta zergatik erabaki zenuen erremontea uzteko ordua iritsi zela?

Bost urte daramatzat egunero meditazioa lantzen, eta hainbat arrazoirengatik, uzteko garaia dela ondorioztatu dut. Gainera, amak erretiroa hartu du, eta negozioaren kargu egin naiz. Bestalde, sorbaldako ebakuntzetatik ongi sendatu eta itxura txukuna ematen banenbilen ere, ezin nion erabateko dedikazioa eskaini, entrenamenduetarako ez nuen astirik, eta gero hori pilotalekuan nabaritu egiten nuen. 40 urte ditut, eta har nezakeen erabaki onena zen, ez nuen arrastaka ibili nahi pilotalekuan.

Zer eman dizu erremonteak?

Dena eman dit, eta, horregatik, beti eskertuta egongo natzaio. Pertsona gisa heldu egin nau, eta lagun asko egin ditut.

Eta zer eman diozu erremonteari?

Profesionaltasuna eta erabateko dedikazioa. Pilotalekura irten naizen bakoitzean ehuneko ehuna eman dut, gorputz eta arima jokatu dut beti.

Uztailaren 7an omenaldia jaso zenuen.

Euskal pilotalekua berezia da nafarrontzat, eta hango zaleak beti oso fidelak izan dira. Agur umila baina hunkigarria izan zen. Inoiz ere ahaztuko ez dudan bizipena izan zen.

Zein da duzun oroitzapenik onena?

Ezingo nuke momentu bat esan. 2000. urtean irabazitako txapela garrantzitsua izan zen niretzat, adibidez. Denbora askoan oso ondo aritu izan naiz, eta horrekin gelditzen naiz.

Eta momenturik txarrena?

Lesioak. Zorte txarra eduki dut, lesio asko izan baititut. Baina indartsuago atera naiz lesio bakoitzetik kirolari gisa, baina are gehiago pertsona modura.

Zer sentitzen da pilotalekuan jokatzeari utzita?

Abuztuaren 10ean azken partida jokatuko dut, eta oraindik ez dut guztiz deskonektatu. Baina urte batzuk daramatzat erlaxatuago, banakako txapelketara aurkeztu gabe. Hala ere, pilotalekua zapaltzean beti irabazi nahi izaten da.

Nolakoa da zure egunerokoa?

Lan asko egiten dut. Sei eta erdietan jaiki, taberna ireki, eta ordu bata arte egoten naiz. Arratsaldean berdin, hiru eta erdietan sartu, eta gauera arte. Igandean atseden hartzen dut, eta familiarekin pasatzen dut eguna. Lan asko dago hemen egiteko, eta zezenari adarretatik heldu behar izan diot.

Nola ikusten duzu erremontea?

Ni hasi nintzen garaiarekin alderatuta ez dauka zerikusirik. Erremontearen loraldia bizitu nuen, eta oraingoa egoera krisialdi ekonomikoaren barruan kokatu behar da. Orain pentsaera aldatu beharra dago, telebista eta publizitatearen aldeko apustua egin behar da, eta batez ere jendea pilotalekuetara bideratu, gazteak bereziki. Inoizko egoera larriena da, baina ez da inoiz hainbeste pilotari egon, bikainak gainera, eta ilusio handiarekin. Eskolak ere inoiz baino gehiago daude, eta enpresa egiten ari den kudeaketa ezin hobea da. Erremontean aritutako jendea da, kirola maite duena, eta enpresari bikainak, gizatasun handikoak, gainera. Ilusioarekin lan egiten dute. Erremontea izan zena izateko osagai guztiak daude. Aurrera aterako dela pentsatzen dut.

Zer du erremonteak beste kirolek ez dutena?

Ni hainbat kiroletan aritu nintzen, eta ondo gainera: futbolean, eskubaloian... Baina denetan zailena erremontea egiten zitzaidan. Jokoaren abiadura, pilota zestan sartzea... zailtasunak azkenean polita izatera eramaten du. Oso kirol ikusgarria da, eta jendeari gustatu egin behar zaio, bai ala bai.

Koteto Ezkurra ere Doneztebekoa da. Erremonteko bi mito herri berean.

Ni ez naiz mito kontsideratzen. Ezkurra bada mitoa, hogei urte baitaramatza ia dena irabazten. Nik pilotari ontzat dut neure burua. Egin dudan garrantzitsuena atzelariaren jokamoldea iraultzea izan da. Esaten didate atzelarietan ezohikoak diren gauzak egiten ditudala, eta horrek harrotasun berezia ematen dit.

Ba al duzue elkarrekiko lehiakortasun berezirik?

Hasieran lehia handiagoa zen, baina hainbeste partida jokatu ondoren, final ugari tartean, galdu egiten da lehiakortasun hori. Gainera, bizilagunak gara, garai berekoak eta oso lagun onak.

Zein izan da zuretzat aurkaririk gogorrena?

Ezkurra.

Bikotekiderik onena?

Ezingo nuke bakarra esan. Bitoria, Altuna anaiak, Ezkurra, Zeberio II.a...

Gehien harritu zaituena?

Zeberio II.a. Ez nuen pentsatzen iritsi den lekura iritsiko zenik. Inork baino gehiago aurreratu du, ikaragarria izan da. Ezkurra bezalako bati hasieratik nabaritzen zaio zerbait berezia duela eta pilotari handia izango dela. Zeberio II.aren kasua ez zen hori. Harrigarria izan da zein mailarekin hasi zen eta zer izatera iritsi den.

Pilotaleku gustukoena?

Galarreta.

Txapelketa bat?

2000. urtean irabazi nuen banakako txapelketa.

Izan al duzu inoiz pasarte barregarriren bat?

Ezkurraren aurkako partida batean berotzen ari nintzela beherakoarekin nengoela ohartu nintzen. Lagun bati esan nion berehala freskagarri bat ekartzeko. Hark, nire egoera ikusita, nire aurka apustu egin zuen. Erraz irabazi nuen, 40-21. Haren aurpegia ikustekoa izan zen, kar-kar.

Zein da aldagelako saltseroena?

Ez dakit. Baina giro ederra genuen Ezkurra, Etxeberria, Urriza eta Zeberio II.a biltzen ginenean. Azken finean, betikoak ginen, eta lagun talde bat osatu genuen.

Partida garrantzitsuen atarian zerbait berezia egiten al zenuen?

Pasta haragia eta tomatearekin jaten nuen beti partiden aurretik.

Zein izan da 21 urte profesionaletan mantentzearen sekretua?

Familia izan da hainbeste urtetan hor egotea ahalbidetu didana. Batez ere momentu zailenetan beti eduki dut beha izan dudan familiaren babesa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.