Realak puntu bakarra bildu du, amaieran penalti inozo bat eginda

Txuri-urdinek bana berdindu dute Levanteren zelaian. Kubok aurretik jarri du Reala, baina, partida amaitzear zela Mariezkurrenak penaltia egin, eta etxekoek ez dute barkatu. Biharko emaitzen arabera, baliteke Realak jaitsiera postuetan amaitzea urtea.

Raleko jokalariak Arkaitz Mariezkurrenari adore ematen partidaren amaieran. ANA ESCOBAR / EFE
Raleko jokalariak Arkaitz Mariezkurrenari adore ematen partidaren amaieran. ANA ESCOBAR / EFE
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2025eko abenduaren 20a
19:39
Entzun 00:00:00 00:00:00

Neurketa amaiera krudelegia izan du Realak, gaur, Levanteren zelaian. Esku-eskura izan du garaipena Ion Ansotegik zuzentzen duen taldeak, lehen zatiaren hondarrean Take Kubok sartutako golari esker (46. min). 0-1 zihoan aurretik markagailuan, eta bi minutu eskas falta ziren neurketa amaitzeko. Bada, orduan hartu dute kolpea txuri-urdinek. Arkaitz Mariezkurrenak, zelairatu berria zela, penalti inozoa egin dio Carlos Alvarezi. Harrobikoak gorputzean ipini dizkio eskuak aurkariari, eta hori nahikoa izan da epaileak penaltia adierazteko. Adrian Delak, Levanteren kapitainak, ez du huts egin. Puntu bakarra batuta itzuliko da Reala Donostiara. Hala amaituko du ahazteko moduko urte hau. Gabonak ez dira gozoak izango.

Ion Ansotegik zelairatu duen hamaikakoan, Mikel Oiartzabal, Luka Sucic, eta Pablo Marin sartzea izan da aldaketa nagusia. Kroaziako eta Espainiako erdilariak hasieratik aritzea izan da ezustekorik handiena. Carlos Soler eta Brais Mendez geratu dira aulkian. Gainerakoan, zalantza bakarra zen nork jokatuko ote zuen atzealdeko eskuin hegalean, Jon Mikel Aramburu zigortuta baitzegoen. Ansotegik Aritz Elustondoren alde egin du.

Lehen zatiak ez du aparteko distirarik izan. Bi taldeak sailkapenaren behealdean daude, eta puntu beharrean ziren. Bada, antzeman da. Nahiko geldo jokatu baitute Levantek eta Realak. Gainera, apenas sortu duten aukerarik. Ion Ansotegiren taldeak nekez egin du aurrera baloiarekin. Sucici eta Marini kosta egin zaie jokaldiak abiatzea. Lehen zatian, Jon Gorrotxategi izan da txuri-urdinen jokalaririk onena, nahiz eta partida osoa aintzat hartuz Oiartzabal eta Kubo gehiago nabarmendu diren. 

Hain justu ere, Kuboren eta Oiartzabalen arteko jokaldi bat izan da txuri-urdinen lehen jokaldi arriskutsua, eta 22. minutuan egin dute. Eibartarrak arean kontrolatu du baloia, baina ez du lortu Ryan gainditzea. Eskuinez egin du errematea, baina gehiegi gurutzatu du baloia. Ondorengo jokaldian, etxekoek eskura izan dute gola. Victor Garciak jaso du baloia Realaren arean, baina kanpora joan zaio errematea. Jon Martinek ere erremate ona egin du korner batean, buruz, baina ez du asmatu.

Bazirudien lehen zatia husna amaituko zela. Baina ez da hala izan. Aurrena, etxekoak izan dira aurrea hartzear egon direnak, Remirok huts egin baitu baloia oinetan zuela. Atezainak ondo zuzendu du hutsegitea, ordea, eta Romerok ez du aprobetxatu. Are, ia segidan, aurretik jarri da Reala, 46. minutuan. Oiartzabal fin ibili da presioan, eta Guedesi eman dio pasea. Portugaldarrak ezker hegaletik izkin egin dio aurkari bati, eta eskuinaz erdiraketa itxia egin. Hantxe agertu da Kubo, eta buruz sartu du gola, baloia gurutzatuz. Bikain egin du errematea, futbolaren arauek markatzen duten bezala egin ere. Japoniarrak barkamen keinua egin die korner horretan zeuden zale txuri-urdinei, eta elastiko bat atera du Jon Gomez Realeko nutrizionistari babesa emateko. Jokalariak partida amaieran azaldu duenez, «garai zaila» du hark.

Amaieran, penalti krudela

Lehen zatiarekin alderatuta, bigarrena oso bestelakoa izan da. Bi taldeek biziago jokatu dute, eta hutsuneak agertu dira bai etxekoen bai bisitarien atzeko lerroan. Horrek modua eman die bi taldeei aurkariaren atera gerturatzeko. Bigarren zatiaren hasieran, Levante hobeto zelairatu da, eta bizpahiru aldiz gerturatu Remiroren atera. Hortik aurrera, ordea, txuri-urdinek hobeto jokatu dute. Kubok eta Oiartzabalek lanak jarri dizkiote Ryan Levanteko atezainari, behin baino gehiagotan behartu baitute geldiketak egitera. 

Minutuak aurrera joan ahala, bi taldeetako jokalariek nekea antzeman dute, eta bazirudien Realak eskura zuela garaipena. Baina, markagailuan 0-1ekoa izanda, garesti ordaintzen da edozein hanka sartze. Hala gertatu zaie txuri-urdinei. Ansotegik Kubo eta Oiartzabal kendu ditu, oso nekatuta baitzeuden, eta Mariezkurrena eta Lander Astiazaran zelairatu. 93. minutuan izan da penaltia, eta etxekoen gola. Lasaitzear zegoen soka estutu egin da berriro. Ansotegik hasperen egin du. Izan ere, Valentziak eta Gironak zer egiten duten, baliteke Reala jaitsiera postuetan sartzea bihar. Etorriko den entrenatzaileak nahiko lan izango du egoera iraultzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.