Pilotaria

Liburu eta pilota artean bizi da

Ados Pilotako pilotaria eta arduradun nagusietako bat da Iera Agirre Iturriaga. Urte osoko egutegian tokia egin arren, zeregin horrek ez dio bizitzeko adina ematen, eta ikasketaburu lanetan aritzen da Etxarri-Aranatzen, haur txikiekin.

Iera Agirre Iturriaga pilotaria eta irakaslea Etxarri-Aranazko eskolan. IÑIGO RUIZ / FOKU
Iera Agirre Iturriaga pilotaria eta irakaslea Etxarri-Aranazko eskolan. IÑIGO RUIZ / FOKU
jon eskudero
2025eko abuztuaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri serie honetako artikulu guztiak

 

Egunak 24 ordu baino gehiago balitu, ez luke disgustu handirik hartuko Iera Agirre Iturriagak (Leitza, Nafarroa, 1987). Agenda aski betea izan ohi du, erantzukizun handiko karguak baititu bere gain. Besteak beste, bost urte daramatza ikasketaburu lanean Etxarri-Aranazko eskolan, eta horrek jaten dio eguneroko zatirik handiena. «Nire ogibidea irakasle lana da». Ados Pilotako pilotaria ez ezik, arduradun nagusietako bat ere bada, Maite Ruiz de Larramendirekin batera, eta ahalegin handia eskatzen dio karguak. Eta, gainera, ama ere bada. «Lan asko ditut, baina egiten dudan guztia gustatu egiten zait, eta garai kritiko batzuk izan arren, pozik bizi naiz», aitortu du. 

Ikasketaz irakaslea izaki, urte mordoa darama zeregin horretan Agirrek. Azken bost urteotan ikasketaburu izatea egokitu zaio. «Erantzukizun handiko lana da. Irakasle aritzeaz gain, zuzendaritzako kide ere banaiz, eta antolakuntza lanak denbora asko eskatzen du. Irakasle gehienak irailean hasiko dira berriz lanean, baina niri datorren astean jada lan egitea tokatuko zait. Ikasturte berria egoki antolatu eta prestatu beharra dago». Ez du kexurik, dena den. «Bokazioa dut haurrekin lan egiteko. Txikitatik nahiko argi nuen irakasle izan nahi nuela. Ogibidea horixe dut, eta berdin jarraitu nahi nuke luzaroan».

Hori bai, irakaslea izatea geroz eta zailagoa da. «Gure lanbidea asko ari da aldatzen denbora gutxian. Gaur egungo gurasook haurrak hezteko dugun modua aldatu egin da, eta uste dut gehiegi babesten ditugula». Horrek eragina du eskolan. «Orain denbora gehiago pasatzen dugu eskolan haurrak hezten haiei gauzak erakusten baino. Dena eginda ematen diegu, eta umeei ez zaie uzten gauzak euren gisara deskubritzen. Geroz eta zailagoa da klaseak aurrera eramatea. Halere, nire lanbideak asetzen nau».

«Pilota odolean daramagu, baina gustatuko litzaiguke Ados Pilota gure ogibidea izatea. Pentsa zenbat lan egiten dugun soldata txiki bat jasotzeko»

IERA AGIRRE ITURRIAGA Pilotaria eta irakaslea

Eskolan ordutegi finkoa du Agirrek. Goizeko bederatzietan ekiten dio lanari, eta arratsaldeko laurak izaten ditu bukatzerako. Ez du atsedenerako betarik izaten. Duela lau urtetik Ados Pilota kudeatzen dihardute Ruiz de Larramendi bere bikotekideak eta biek. «Maite arduratzen da oro har kudeaketaz, baina nire esku dago komunikazioaren alderdia, eta egunero ordu dezente dedikatzen dizkiot enpresari». Buruhauste ugari izaten dituzte. «Ez daukagu pilotari soil baten bizimodua. Erraza da frontoira joan, partida jokatu eta etxera itzultzea, baina gure esku dago antolakuntza guztia: udalak, babesleak... Guztia lotuta edukitzeko ordu asko eman behar dira ordenagailuaren aurrean eta telefonoari lotuta. Tentsioa sortzen du gure ardurak. Hamabi pilotari ditugu enpresan, eta denei urte guztiko egutegi bat bermatu nahi diegu, ahalik eta baldintza duinenetan; horrek karga handia dakar. Kanpotik ematen duen baino lan gehiago da».

Sekretu bakarra zera da: lana gustuz egitea. «Pilota odolean daramagu, baina gustatuko litzaiguke Ados Pilota gure ogibidea izatea. Pentsa zenbat lan egiten dugun soldata txiki bat jasotzeko. Buru-belarri ari gara lanean egitura sendo bat eraikitzeko, baina oraingoz ezinezkoa zaigu horretatik bizitzea, bai guri, baita enpresako pilotariei ere». Enpresa profesionalaz gain, pilota eskolak ere antolatzen ditu Ados Pilotak. «Argi dugu profesional mailarik ez litzatekeela egongo atzetik haurrik ez balego. Oinarria pilota eskola da, eta gaur-gaurkoz berrogei bat neskatoren entrenamenduak kudeatzen ditugu. Gure helburua da haiek aukera izatea pilotan jarduteko, nahi duten arte. Gero eta zailagoa zaigu beste kirol batzuekin lehiatzea, baina gustura gaude sortzen ari garen oinarriarekin».

Zailena, fisikoa lantzea

Hainbeste zereginen tartean, ez da ahaztu behar pilotan lehiatzen dela Agirre. Oso maila onean, gainera. «Gutxieneko prestakuntza bat behar da pilotan aritzeko, eta horixe ari zait gehien kostatzen azkenaldian. Kantxako entrenamenduetan deskonektatu ohi dut, baina fisikoa lantzea nekeza egiten zait. Buruhauste asko izaten ditut egunean zehar, eta ez da erraza fisikoa ongi lantzeko denbora hartzea. Gainera, beste pilotariak zorrotz prestatu ohi dira, eta haien parean egotea gero eta zailagoa zait». 38 urte ditu leitzarrak, eta egunen batean atzekoei tokia egin beharko balie, ez luke arazorik izango. «Gerra emateko moduan sentitzen naiz oraindik, baina, atzetik jendea maila onean datorrela ikusiko banu, pozik erretiratuko nintzateke. Oraingoz lehiatzen segituko dut».

Noiz arte ez daki, baina Agirrek egungo bizimoduari eutsiko dio beste puska batean. «Sanferminen ondoren astebetetxo bat izaten dugu atseden hartzeko, eta orain pilak kargatuta nago. Uda betea izaten dugu, eta pozik gabiltza frontoirik frontoi Euskal Herrian barrena». Kezka bakarra semeak sortzen dio. «Pilota asko gustatzen zaio, eta eskerrak. Sarritan beste konturik ez du entzuten etxean, eta irudipen hori badaukat, halabeharrez pilotaren inguruan murgilduta dagoela». Ruiz de Larramendi eta Agirre elkarrekin bizi dira, eta telebista gutxi ikusi ohi dute. «Nahiko lan izaten dugu enpresa kudeatzen. Elkarrekin bizitzeak abantaila hori badu, edozer gauza momentuan bertan konpon dezakegula. Baina tentsioa ere sortzen du. Errazago haserretzen gara elkarren artean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.