Euskotren liga

Berriz ere lider da Arraun Lagunak

'Lugañene' ontziak irabazi du Getxoko bandera, erakustaldia emanda eta mamuak uxatuta. Tolosaldea izan da bigarren, hamabi segundora.

Arraun Lagunak ziaboga ematen gaurko estropadan. MIGUEL TOÑA / EFE
Arraun Lagunak ziaboga ematen gaurko estropadan. MIGUEL TOÑA / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2025eko uztailaren 26a
18:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arraun Lagunak ez dabil aurreko denboraldian bezain aise, baina liga irabazteko faboritoa da oraindik, eta gaur argi utzi du zergatik. Erakustaldia emanda, hark astindu du Getxoko bandera, eta gogoz eta amorruz ospatu dute garaipena. Azken estropadan lidergoa galdu zuen Lugañene-k, Orioren mesederako, eta horrek lurrikara txiki bat eragin zuen ontzian. Fisikoki oso gogorra da arrauna, baina gaur, batez ere, proba psikologiko bat izan dute parean. Eta gainditu dute. Bandera eskuratzeaz gain, berriz ere lider da Donostiako taldea. Tolosaldea izan da bigarren, hamabi segundora, eta Orio hirugarren, hamalau segundora.

Ohorezko txandan zegoen ikusminik handiena, eta ikuskizuna eman dute traineruek. Batez ere, Lugañene ontziak. Estropada hasi orduko jarri da aurretik Arraun Lagunak, hasiera-hasieratik, nahiz eta gertu izan dituen Orio eta Tolosaldea. Berehala joan da aldea zabaltzen. Ia traineru bat atera die bigarren minuturako; hiru segundo, alegia. Ziaboga ematerako, zortzi segundoren aldea zuen Donostiako taldeak Oriorekiko eta Tolosaldearekiko. Bultza eta bultza segitu du, dotore, eta, hala, irabazi egin du, eta ondo merezitako garaipena lortu. «Maillotaren bila; goazen, txukun» egin du oihu Joana Halzuet patroiak, eta segidan, hauxe esan: «Gozatu». Halaxe egin dute.

Lehia bukatu aurretik ere zoriondu ditu arraunlariak Halzuetek, joan den asteko kolpearen ostean bikain aritu baitira. Halaxe esan du estropada amaitutakoan Ane Sanchez arraunlariak: «Igandean penaz amaitu genuen, ez ginen eta gustura aritu. Bazirudien Arraun Lagunak zuloan zegoela. Baina gaur Etxabek [Juan Mari, entrenatzailea] esan digu estropada hautsi behar genuela, eta halaxe egin dugu. Oso gustura gaude, sekulako taldea baikara, eta garai txarretan zeintzuk garen erakutsi baitugu. Oso batuta gaude».

Bigarren postua eskuratzeko, berriz, lehia estua izan dute Oriok eta Tolosaldeak. Elkarri mokoka aritu dira, puntu garrantzitsuak jokoan. Azkenean, Tolosaldeak irabazi du. Oriok orain arteko emaitzarik txarrena eskuratu du: hirugarren postua. Lehen bostetan bigarren izan zen, eta joan den igandean irabazi egin zuen, etxean.

Hibaika, berriz, atzean geratu da. Irabazlearengandik 27 segundora amaitu du estropada. Hala ere, Astillero lehen txandako irabazlea baino hiru segundo lehenago bukatu ditu lanak. Bihar, beraz, ohorezko txandan traineru berak arituko dira.

Lehen txandan, Astillero garaile

Lehen txandan ere estu hasi dute estropada: lau ontziak pare samarrean egin dute arraun tarte batez. Pixkanaka, Donostiarra eta Hondarribia atzean geratu dira, eta kantabriarrak jarri dira buruan. Ziaboga ez dute oso ondo eman, baina ez dute denbora askorik galdu. Donostiarrak, berriz, ondo aprobetxatu du ziaboga. Bantxa-k egin du ondoen maniobra, eta Zumaia harrapatu du. Bigarren luzean, lau segundoren aldeari eutsi dio Astillerok, eta ondo maneiatu du abantaila. Hura izan da azkarren lehen txandan, azkenean, bost segundoren aldearekin.

Donostiarrak, behetik gora eginda, lehia estua izan du bigarren luzean Zumaiarekin. Aurretik ere joan dira, baina, azkenean, Saregilea-k ontzia helmugaratu da lehenago.

Hondarribia ibili da kaskarren. Ez dira fin aritu, eta Astillero baino hamabost segundo gehiago behar izan dituzte lanak amaitzeko. Horiek horrela, kantabriarrek aurrea hartu diote sailkapen nagusian. Azken-aurreko postuan daude orain Iker Cortesek zuzendutakoak, eta azken postuan segitzen du Donostiarrak, gaur arraunean hobeto aritu diren arren.

Bihar Kantabriara joko dute Euskotren ligako ontziek: Castrora (Espainia). 11:25ean hasiko da estropada. Itsasoan jokatuko dute hori ere; estropada eremu horrek, gainera, olatuak poparean hartzeko aukera ematen du. Erakargarria izango da: bai zaleentzat, bai arraunlarientzat.

Arraun Lagunak-ek asteburua biribildu nahiko du, baina ez diote erraz jarriko. Berriro irabazteko gosez daude Orio eta Tolosaldea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.