Liderraren maillota jantzita

Tropela elkarteak hamar urte bete zituen joan den martxoan, eta gizonezkoen Frantziako Tourrari eta emakumezkoen Italiako Giroari ekiteko prest daude, beste behin ere. Egoitz Lizaso Tropelako arduradunak aztertu ditu urteotan egindako lana eta etorkizunerako dauzkaten erronkak.

Tropelaren webguneko lau irudi; kinielak, blogak, denda... Aukera asko eskaintzen du atariak. BERRIA.
unai zubeldia
Donostia
2015eko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Alberto Contador eta Chris Froome? Baina Vincenzo Nibalik eta Nairo Quintanak erasora jotzen badute? Eta, Pauline Ferrand-Prevotekin, Anna van der Breggen edo Elisa Longo Borghini? Mara Abbott bestela? Azken astebete luzean galdera horiei erantzunik aurkitu ezinik dabil zale asko eta asko. Aldatu egin da txirrindularitza ikusteko modua. «Tropelan badaukat eta ez daukat». Onerako eta txarrerako, sailkapen hori kirol arloaren gainetik dago zale askoren buruetan. Tropela faktoreak erabat baldintzatu du txirrindularitza.

2005eko martxoraino joan beharra dago arrazoi bila hasita. «Euskara, teknologia berriak eta txirrindularitza uztartuta, hutsune bat nabaritu genuen, eta horregatik heldu genion proiektu honi», argitu du Egoitz Lizasok, Tropela elkarteko arduradunak (Zumaia, Gipuzkoa, 1978). Hiruzpalau lagun elkartu, eta egurrean hasi ziren orain hamar urte. «Lehen urtean ezerezetik sortu behar izan genuen dena, eta dezenteko lana egin behar izan genuen». Baina Tropelako kideek daukaten irrikaren eta pasioaren erakusgarri, hamar urteotan «hiruzpalau aldiz» berritu dute www.tropela.eus webgunea. «Gure egoeran egonda, beste batzuek ez zuten egingo halako apusturik».

Sortu, hiruzpalau lagunen artean sortu zuten proiektua. Baina Lizasok azpimarratu du «talde zabalago bat» dagoela inguruan. «Blogariak, kinielak egiteko podcast-ak egiten laguntzen diguten bizpahiru lagunak, emakumezkoen txirrindularitzaz arduratzen dena...». Euren txikitasunean, erritmo bizi-bizia jarrita liderraren maillotari begira lan egiten dute beti proiektuko kideek. Alde horretatik, eta urteotan izandako bilakaeraren ondorioz, Laboral Kutxaren babesa lortu berri dute, eta luxuzko gregarioek eta Tropelako hainbat produkturen salmentek ere laguntzen diete pauso txiki batzuk ematen. Hori bai, «proiektua bideragarri bihurtzeko lan zail horretan» ekarpen guztiak «gogotik» eskertuko dituztela argitu du Lizasok.

Baina, diruak agintzen duen errealitate honetan, non dago Tropelaren gisako proiektu baten arrakastaren sekretua? «Gure lanbideetatik kanpo eskaintzen dizkiogun orduetan». Berehalakoa izan da erantzuna. «Proiektua, izatez, ez da bideragarria; guk eskainitako orduen arabera egiten du egitasmo honek aurrera». Afizioz hasi zuten bidea, eta afizioz bihurtzen ari da erraldoi. «Nahiz eta enpresa ikuspegitik porrota den hau guztia». Zorionez, pasioak diruak baino indar handiagoa izaten du tarteka. «Eta, euskara, teknologia berriak eta txirrindularitza uztartuta, gu ez gara geldirik egongo».

Zumaiarrak onartu du «nolabaiteko obsesioarekin» aurre egiten diotela lehiaketa bakoitzari. «Aurreko urteko kopurua hobetu nahi horrekin». Iaz 17.000 kinielako kopurura iritsi ziren Tourrean. «Eta porrot txiki bat litzateke beherago geratzea. Baina iritsiko garela uste dugu —Tourrerako 13.408 eta Girorako 8.511 zeuden eginda atzo iluntzean—». Kiniela kopurutik harago doan apustua da, ordea, Tropelarena.

Ahoz ahoko zabalkundea

Horregatik ez dira mugatu euskarara, eta pasioaren atea ireki diote katalanari, ingelesari, asturierari eta gaztelaniari. «Mugatuak dira gure baliabideak, eta marketinean, esaterako, ezin izan dugu egin inbertsiorik». Baina ahoz ahoko zabalkundea izan du Tropelak. «Gu bila joan gabe, erabiltzaileak etorri zaizkigu beste ate batzuk ireki daitezkeela esanez».

Asturiaskoa da adibiderik argiena. «Eskaera egin ziguten, eta inolako arazorik gabe bidali genizkien itzuli beharreko testuak». Talde lana, azken batean. Erronka bila hasita, dagoeneko zehaztuta dauzkate gertueneko batzuk. «Galiziara eta Flandriara jauzia egin nahiko genuke, eta, noski, Tourra eta Giroa kontuan hartuta, frantsesez eta italieraz ere eskaini nahiko genuke webgunea». Pedalkada sendoen hurrengo urratsa izango da hizkuntzena, aurretik egindako askoren segida. «Twitter kontua sortu genuen lehenengo; bloga, denda txiki bat ere bai, luxuzko gregarioa, hamar urteren ondoren erlojuaren aurkako probak puntuagarri egin genituen behingoz, beste enpresa baten laguntzarekin sakelakoentzat aplikazioa osatu berri dugu...».

Pasioaren izenean, ordenagailuaren aurrean bizikleta gainean baino are gehiago sufritzea lortu du Tropelak. Giroa eta Tourra: hala nahi duena garaiz dabil, oraindik, apustuak egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.