Iturginak ere sarrerak eskatuz gero, ezinezkoa izango da Espainiako Kopako finala albo batera utzi eta ligari buru-belarri heltzea. Normala da. Final bat ez da egunero jokatzen. Hortaz, arrisku handia dago, gura barik ere, arreta behar ez diren gauzetan jartzeko. Baina, beste gauza askoren artean, kalean albiste diren kontuak alde batera utzi eta taldeari komeni zaion norabidean lan egitea da futboleko profesional izatea. Hala ere, ez dago dudarik: askoz errazagoa da esatea egitea baino. Baina egin beharra dago.
Athleticek ez dauka kale egiteko tarterik. Ernesto Valverdek egindako kalkuluen arabera, jokoan dauden hemezortzi puntuetatik gutxienez hamabi irabazi beharko dituzte zazpigarren postua lortu ahal izateko. Zuri-gorriek gaur izango dute lehen aukera, Kordobaren aurka. Bada, galtzetik irabaztera sekulako aldea dago. «Guk kale egiten badugu eta aurkariak —Malagak— asmatu, erabakigarria izan daiteke. Garaipenaren bila zelairatu behar dugu, eta hala egingo dugu. Gure kontrarioek baino lehenago jokatzen dugu, eta aukera daukagu eurei presioa sartzeko», adierazi du asteon Athleticeko entrenatzaileak.
Kordoba, erabat ezinean
Arrazoi asko daude pentsatzeko Athleticek hiru puntuak irabazteko aukera ona duela. Egun, inor gutxik uste du Kordobak gorengo mailan jarraitzeko aukera duela. Salbazioa zortzi puntura dauka, eta, kontuan hartuta orain arte hogei puntu baino ez dituela eskuratu, miraria beharko luke onenen artean jarraitu ahal izateko. Gainera, bigarren itzulian bi puntu baino ez ditu eskuratu, eta hiru puntuen liga ezarri zutenetik talde batek inoiz egin duen itzulirik txarrena egiteko bidean da.
Baina zuhurtziaz jokatzeko arrazoiak ere badaude. Besteak beste, inor ez delako gutxietsi behar. Kordobak maila galduko du, baina litekeena da infernura bidean ezusteko bat edo beste ematea. Inork egon gura ez duen zerrenda horretan ez agertzea da Athleticen erronka. Taldeen egoera aztertzean, azken jardunaldian egin dutena gogoan hartzeko ohitura izaten da, denboran gertuen dagoen erreferentzia delako. Bada, azken jardunaldian puntu bat eskuratu zuen Kordobak Vila-realen etxean. Bada zerbait.
Aldaketaren bat edo beste izango da hasierako hamaikakoan. Jon Aurtenetxek atzealdeko ezker hegalean jarraituko du, eta eskuinean, berriz, De Marcosek jokatuko du, Iraola deialditik kanpo utzi zuelako atzo Valverdek. Ezusterik ezean, Rico ariko da erdi-punta lanetan, eta Susaeta izan daiteke berritasuna eskuin hegaletik.
Liga, besterik ez dago orain
Kopako kontuak alboratuta, Kordobari irabazi eta zazpigarren posturako lehian dabiltzan aurkariei presioa sartzea da Athleticen erronka

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu