ATHLETIC-REALA DERBIA, GAUR. Eunate Arraiza. Athleticeko jokalaria

«Liga ez dago galduta, baina puntu askok ihes egin digute»

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
2016ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Bosgarren denboraldia du jada Eunate Arraizak (Biurrun, Nafarroa, 1991) Athleticen, eta oso ondo daki Realaren aurkako derbiek zenbateko garrantzia daukaten. Liga kaskar hasi arren, gaur «irabazteko irrika» daukatela azaldu du.

Denboraldiko partidarik berezienetako bat iritsi da astebeteko atsedenaren ondoren: Athletic-Reala. Zer moduz zaudete?

Oso gogotsu. Derbiak politak eta bereziak izaten dira beti, eta hiru puntuak lortzeko grina daukagu. Bi taldeok ondo ezagutzen dugu elkar. Bolada txarrean sartuta gaude, baina sailkapenean gora begira hasteko gogoa daukagu.

Joan den denboraldian liga irabazi ondoren, zer ari zaio gertatzen taldeari?

Bolada kontua dela uste dut, nahiz eta lesioek ere ez diguten lagundu; aurreko sasoian baino are gehiago izaten ari gara. Hiru jokalari, berriz, Espainiako selekzioarekin aritu dira, eta guztia nabaritzen da. Beti ezin da ibili goian borrokan, baina zorte pixka bat ere falta izan zaigu. Lau partida dauzkagu abenduan, eta hamabi puntuei eutsi nahi diegu, konfiantza berreskuratzen hasteko.

Bartzelona hamabost puntura dago jada, eta Atletico Madril eta Levante, hamahirura. Helburuak aldatzeko ordua da?

Liga ez dago galduta, baina puntu askok ihes egin digute. Gure helburua, hala ere, gora begiratzea da, partidaz partida ahalik eta puntu gehien lortzea. Goiko lehian sartu nahi dugu oraindik.

Fortuna Hjorring Txapeldunen Ligako final-laurdenetan da jada. Athletic hor egon zitekeen sentsazioa daukazue?

Egia esan, bai. San Mamesen 2-1 irabazi ondoren, oso gogotsu joan ginen Danimarkara, baina luzapeneko azken minutuan sartu ziguten gol erabakigarria. Bi partidak ikusita, aurrera egitea merezi genuela uste dut.

Hiru partidako astea izango da ondorengoa. Nola egiten zaio aurre hain erronka gogorrari?

Derbia besterik ez daukagu buruan orain. Lezaman jokatuko dugu, eta irabazi egin nahi dugu. Guretzat, lau partida izango dira ia jarraian, abenduaren 15ean jokatuko dugu-eta Oiartzunen aurkakoa, bere garaian atzeratutakoa. Gogorra izango da, baina hamabi puntu hauek behar ditugu Gabonak lasaiago igarotzeko.

Athleticen moduan, Reala ere sufritzen ari da denboraldi honetan. Zein izan daiteke gakoa derbirako?

Joan den denboralditik, behera egin dugu bi taldeek, baina jokalari bakoitzak barruan daukan guztia ematea, hori izango da derbirako gakoa.

Realaren zer azpimarratuko zenuke?

Behetik gora egin du azken urteotan, eta ez da batere talde samurra. Partida politak eta gogorrak izaten dira beti haien aurkakoak. Asko indartu dira, eta oso ondo jokatzen ari dira.

Derbirako emaitza bat?

Irabaztearekin aski dut, baina, zerbait esatearren... 3-0.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.