Orain urtebete 50 emakume elkartu ziren, beteranoen taldea osatu eta arraun egiteko asmoz. 50. Trainerua uretara atera asmo zuten, eta, are, hilabetetan entrenatzen aritu eta gero, beteranoen ligan parte hartzen ari dira horietako 35. Traineru bakarra osatu dute, baina ia hiru bete zitzaketen parte hartzaile guztiekin. Emakumeak soilik lehiatzen diren traineru bakarra da, beteranoen ligan, betiere. Bakarra, eta lehenengoa.
Eskifaia hori sortzeko ideia Olatz Hermo arraunlariak proposatu zuen, semea arraunean aritzen zelako, eta haren inbidiatan. «Hainbeste elkartu gara ez dagoelako emakumezko beteranoen beste trainerurik», ziurtatu du. Ez da ohikoa izaten beteranoen traineruak emakumezkoz soilik osatuta egotea: gehien-gehienetan, gizonezkoek osatutakoak aritzen dira, eta, bestetan, talde mistoak. «Uste dut kirol gogorra dela, oso maskulinoa eta oso matxista, eta ez digutela uzten emakumeoi guk soilik osatutako traineru bat ateratzen; eta Trintxerpeko Illunbe elkarteak utzi digu», adierazi du Hermok. Urdinez egin dituzte estropadak, Trintxerpe Pasaiako (Gipuzkoa) taldeak erraztu zielako bidea.
«Etorri izan naiz etxeko kontuekin goraino, eta denak pasatu zaizkit hemen; emozionalki, orain urtebete baino askoz ere hobeto nago»
CRISTINA RIBEIROTrintxerpeko arraunlari beteranoa
Talde kirola izateak erakarri zuen arraunera Laida Bastida: «45 urtetik gora, kirola egiteko aukerak indibidualak izaten dira: aerobik, zumba, korrika egitea... Askok lehendik egin dugu kirola taldean, eta horrelakoetan jarraitu nahi izan dugu, baina ia ez dago aukerarik». Cristina Ribeirori ere antzera gertatu zitzaion: «Talde kirola zelako motibatu nintzen ni ere. Nire bizitzako garai honetan ondo zetorkidan, kirolarekin apur bat serioago hasi nahi nuelako, eta, entrenatzera etortzean, konpromisoa hartzen dugu geure buruarekin eta taldearekin». Eider Ostolazaren aita arraunlaria zen, eta txikitatik erreparatu diote etxean arraunari. Behin, itsasoan ikusi zituen entrenatzen, eta, batean eta bestean galdetuz, topatu egin zituen. «Erabat asmatu dut hona etortzen».
Teresa Fernandezek bazekien arraunean egin nahi zuela, lehenik egona baitzen Arraun Lagunak-en, antzerako proiektu batean. Horretan ari ziren zenbait taldekide ere joan ziren Trintxerpera. Fernandez da lehendik arraunean zekiten gutxietako bat: gainerako guztiek ikasi egin behar izan dute, eta onartu dute arraunketa teknika espero baino zailagoa dela: «Polita ikusten da kanpotik, eta erraza zirudien, baina ez da», erantsi du Ribeirok.
Arraunaren alde txarra sufritzen dutela nabarmendu dute: «Horrela dago gure ipurdia…», esan du barrez Bastidak. Serioago, aldiz, Nekane Abalek: «Eguraldi txarrarekin uretara ateratzen gara, errieta egiten digute uretan... Batzuetan goibel joaten gara etxera, eskatutako teknika ondo egiteko gai ez garelako». Ribeirok segi du: «Emozionalki uste baino gogorragoa egin zait: batzuetan etorri izan naiz ilusioz beteta, eta lur jota itzuli etxera. Eman dezakeguna baino gehiago exijitzen diogu geure buruari askotan». Astean hirutan entrenatzen dute, oro har, eta Bastidak ere esan du asteburuetan ez dutela lehen bezainbeste askatasun.
«Gustatuko litzaiguke emakumezko beteranoen liga osatzea eta gizonezkoen kontra lehiatu beharrik ez izatea»
OLATZ HERMOTrintxerpeko arraunlari beteranoa
Halere, «milaka» omen dira alde onak. «Gure artean oso harreman ona daukagu. Etorri izan naiz etxeko kontuekin goraino, eta denak pasatu zaizkit hemen; emozionalki, orain urtebete baino askoz ere hobeto nago», aitortu du Ribeirok. «Traineruarekin itsasora ateratzen garenean, gozatua da. Eguneko kontu guztiak ahazten zaizkit; horretan bakarrik aritzen naiz, oso zentratuta». Asko daude Fernandezekin ados.
Ribeirok taldekide guztien konpromisoa azpimarratu du: «Lan txandetan inoiz egin ditudan aldaketa gehien egin ditut urtebetean. Nabari da konprometituta gaudela: berebiziko ahalegina egiten dugu uztartzeko familia, lana eta entrenamendua». Taldekide bati begiratu diote denek.
Uste baino hobeto aritu dira
Azken txanpan daude: hilabete erdi geratzen zaie beteranoen liga amaitzeko. Larunbatean Sestaon (Bizkaia) egin zuten estropada, eta lehen aldiz izan zuten bandera bat lortzeko aukera. Lutxanako (Bizkaia) arraun elkarteak emakumezko gazteen traineru bat atera zuen. Ez zuten banderarik lortu, baina aukera edukitze soilak motibatu zituen.
Fernandezen esanetan, pozik daude denboraldian egindakoarekin: «Oso balorazio ona egiten dugu, batez ere jakinda nondik abiatu ginen; asko dugu hobetzeko fisikoan, eta baita arraunketa teknikari dagokionez ere, baina izugarri hobetu dugu». Lourdes Castillok talde izaerari eman dio garrantzi handiagoa: «Egiten dugun estropada bakoitzaren ondoren, batuago gaude: urduritasuna, emozioak... Heltzen garenean, poz aurpegia izaten dugu denok».
Denetarik gertatzen zaiela erantsi du Ribeirok: «Deskalifikatzen gaituzte zerbait gaizki egin dugulako, ez genekielako nola utzi pasatzen aurrea hartzen zigutenei…». Castillok segi du: «Gaizki ateratzen zaigula? Ondo? Bada, esperientzia handiagoa lortzen dugu. Horregatik, gogoz egoten gara hurrengoa egiteko». Baietz diote denek. «Talde bat gara, talde indartsu bat».

Lehiatzeko liga bat nahi dute, ondo bidean bandera bat baino gehiago lortzeko aukera izateko. Hermok ziur dio ezen beste elkarteetan halako traineruak ateratzeko aukerarik balego traineru gehiago egongo liratekeela: «Hori gustatuko litzaiguke, emakumezko beteranoen liga osatzea eta gizonezkoen kontra lehiatu beharrik ez izatea. San Juan, San Pedro, Hibaika... inguruan elkarte asko ditugu!».
Laguntza eskatu diete Pasaiako Portuari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari, baliteke-eta laster entrenatzeko tokirik gabe geratzea. «Oso proiektu polita daukagu, kirolaren kultura transmititzen ari gara, eta ez dago horretarako laguntzarik?». Bota dute galdera.