Futbola. Europako Ligako finalerdiak: Sporting Lisboa-Athletic

Lisboa, kolore zuri-gorriz

Athleticeko jarraitzaileek bete egin dituzte Lisboako kaleak. Errespetua aintzat hartuta, kantuan eta festan pasatu dute eguna. Guztiak baikor dira gaurko partidari begira.

Bilbotik Lisboara joandako jarraitzaile talde bat, aterki zuri-gorriekin, atzo arratsaldean, Rossio plazan. JON ESKUDERO.
jon eskudero
Lisboa
2012ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Ez krisirik, ez eguraldi txarrik, ez denbora faltarik... Athleticeko zaleek ez daukate etsairik denboraldi honetan. Taldea historia egiten ari da, gaur horretan jarraitu nahi du, eta jarraitzaileek gertutik segitu nahi dute balentria. Manchesterren lagun ugari bildu ziren, Gelsenkirchenen ere bai, eta atzo Lisboan ez ziren gutxiago izan. Bilbotarrak izanik, euren presentzia agerian utzi zuten hiriko kaleetan, eta zuri-gorriz koloreztatu zituzten bazterrak. Bazkari ederra egin ondoren, guztiei irribarrea antzeman zitzaien ezpainetan, eta baikor dira gaurko norgehiagokari begira.

«Joan den berrogei urtean Athleticeko bazkide naiz, eta gaur egun adina ez dut sekula gozatu. Taldea non, han nago ni». Josefina Berrojaetxebarria gernikarraren hitzak dira. Gazte sasoia atzean utzi arren, inoren inbidiarik gabe dabil atzera eta aurrera: «Nire senarrak eta nik hamar orduko bidaia egin dugu autoan, baina Athleticek hori eta askoz gehiago merezi du». Futbolaz, gainera, gero eta gehiago ulertzen duela esan zuen zaleak: «Badakit Sporting Lisboak ez duela etxean partidarik galdu; beraz, gol bat egin behar da».

Lisboara autoan joan diren bakanetakoak izango dira Jabier eta Josefina. Gehienek hegazkinean egin dute bidaia, baita Ana Mari Goikoetxeak eta Iñaki Olagoeneak ere: «320 lagun etorri ginen herenegun hegazkinean, eta denok hotel berean gaude. Guztion artean giro bikaina sortzen da, eta hori gauza ederra da. Talde batean atzean herri zabal bat dagoela ikusten da», zioen Olagoeneak. Haren ustez, «Athleticen aldagelan ere harreman ona dago, eta hori da arrakastaren giltza. Bestela, ezingo litzateke finalerdietaraino iritsi».

Emaitza batez galdetuta, ez du dudarik egiten etxera pozik itzuliko direnik: «Badakigu etxeko zaleek presio handia egingo dutela, baina gu ere asko gara, eta taldeari lagunduz, irabazi egingo dugu». Ez litzateke lehenengo aldia izango: «Errusian, Ingalaterran eta Alemanian izan nintzen, eta azken bietan garaipena lortu bagenuen, Lisboan ere bai. Inoizko talderik onena daukagu».

Harrotasuna nabari da bilbotarren artean, baina umiltasunetik abiatuta. Athleticeko zein Sporting Lisboako elastikoak zein jarraitzaileak edozein bazterretan ikus zitezkeen, baina bi zaleek errespetu handia diote elkarri. Bai zelai barruan, eta baita kanpoan ere: «Leku guztietan tratatu izan gaituzte ongi, eta hemen ere bai. Oraingoz, dena ongi doa», aitortu zuen bilbotarrak. Markel Susaetaren eta Ibai Gomezen gurasoak ere gora eta behera ibili ziren kaleetan, eta urduritasuna igarri zitzaien aurpegian. Ez da egunero gertatzen seme batek halako norgehiagoka garrantzitsu bat jokatzea.

Zallako zale sutsuak

Kolore zuri-gorria han eta hemen nagusitu zen hiriko kale ertzetan. Hori bai, Sporting Lisboako zaleekin harreman bikaina erakutsi zuten bilbotarrek. Zallako kuadrila eder bat izan zen horren adibide nagusia. Hiri erdiguneko taberna batean egonean pasatu zuten arratsa, bata eta bestea zirikatuz, baina umore ona alde batera utzi gabe: «Leku guztietara joaten ohituta gaude, eta garrantzitsua da jatorra izatea. Athleticeko jarraitzaileak toki denetan gaude ongi ikusita», aitortu zuen Florentino Berasaluzek.

Taldearen joko ikusgarriaz galdetuta, elkarren arteko solasari ekin zioten Berasaluzek, Joxemari Sagatsagak eta Iñaki Laisekak. Azken horrek zera nabarmentzen zuen: «Marcelo Bielsak ilusioa ekarri du Bilbora, eta gu haren atzetik gabiltza itsu-itsuan. Urte asko daramatzat futbola ikusten, baina argentinarraren jokoak maitemindu egin nau». Sagatsagak arrazoi zuela esaten zion: «Euskaldunok beti egiten ditugu gauzak behar den bezala, eta orain futbola ere bai. Zoragarria da Athletic egiten ari den jokoa». Emaitza zoragarria izango den, baina, ez dauka hain garbi Laisekak: «Konfiantza badaukat gure taldeaan, baina portugesak oso arriskutsuak dira, eta erne ibili beharko dugu».

Hiria olatu zuri-gorri bihurtu bazen atzo, gaur zer esanik ez. Izan ere, Athleticeko 4.000 zale inguru espero dira Lisboan. Hori bai, atzerapenarekin helduko dira, Portugalgo hegazkin kontroladoreek lan uztea egingo baitute goizean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.