Sadarren ateak itxita entrenatu ondoren, Taxoarera jo dute Osasunako jokalariek. Raul Garcia de Harok (Olesa de Montserrat, Herrialde Katalanak, 2000) bi egiteko ditu oraindik: gimnasioan saioa egin, eta lehenago, BERRIAren galderei erantzun.
Zalantzak piztu ditu Betisen zelaian eman zenuten irudiak. Ziurrenik, orain arteko neurketarik eskasena izan zen Osasunaren aldetik. Zer analisi egin duzue talde barruan?
Bai, uste dut orain arte jokatu dugun partidarik txarrena izan dela. Lehen zatian lehia asko galdu genituen, eta huts batzuk egin genituen defentsan eta erasoan. Bigarren zatian, ordea, taldea beste mentalitate batekin zelairatu zen. Gol bat sartzea falta izan zitzaigun partidan berriro sartzeko, baina uste dut taldeak nabarmen egin zuela hobera.
Etxetik kanpo puntu bakar bat ere ez duzue bildu, eta joan zen sasoian ere makal aritu zineten bisitari moduan. Zer gertatzen zaizue Iruñetik urrun?
Sasoi honi dagokionez, aurkari zailak izan ditugu etxetik urrun, eta, Betisen aurkako partida alde batera utzita, uste dut merezi izan dugula punturen bat lortzea. Alabaina, zenbait xehetasun direla medio, galdu egin ditugu neurketa guztiak. Atzera begiratuta, aurreko denboraldiko emaitzak ere hor daude. Zerbait sarri errepikatzen denean, aztertu beharrekoa da. Orokorrean, uste dut huts horiek garesti ordaindu ditugula.
Etxean sasoi honetan jokatu dituzuen hiru partidei erreparatuta, tarteka zaleak gozaraztea lortu duzue, joko bizi eta oldarkorra eginda. Horrek izan behar du abiapuntua?
Bai. Esango nuke batez ere lehen zatietan egin dugula distira. Joko on hori neurketa osora hedatzea falta izan zaigu, eta gogor ari gara lanean hori lortzeko. Abantailak hobeto kudeatu behar ditugu, hutsik ez egin eta neurketak goizago erabaki. Alde horretatik, Getaferen aurka ondo jokatu eta irabazten saiatuko gara, geldialdira aldarte onean iristeko.
Ez da ahaztu behar proiektu berri bat hasi duzuela aurten, Alessio Lisciren esanetara. Aldaketa handia nabaritu duzue?
Jokatzeko modu ezberdina ekarri du talde tekniko berriak, eta prozesu bat behar dugu dena barneratzeko. Jokalariok garbi dugu teknikariak zer nahi duen. Momentu askotan gai izan gara Alessioren estiloa zelaian islatzeko, eta, esan bezala, erregularrago jarduteak izan behar du hurrengo urratsa.
«Abantailak hobeto kudeatu behar ditugu, hutsik ez egin eta neurketak goizago erabaki»
Taktikoki aberastasun handia duen entrenatzailea da Lisci. Sistema ezberdinak darabiltza, jokalarien kokapen aldaketa sustatzen du, eta partidetan esku hartzea gustatzen zaio. Horrek guztiak mesede egin diezaioke taldeari, baina, era berean, jokalarientzat zailagoa izan daiteke hasieran agindu guztiak barneratzea?
Izan liteke. Orain, nolabait esatearren, postu gehiagotan jokatzen jakin behar dugu, eta ikasten ari gara. Uste dut Alessioren estiloak asko emango digula. Oso teknikari langilea da, eta alor taktikoa asko lantzen du. Jokalarioi baliabide asko eman nahi dizkigu, askotariko egoerei erantzun egokia eman dezagun.
Aurrelari gisa, zer zentzutan aldatu da zure jarduna Lisciren aginduetara?
Baloiarekin joko landuagoa ari gara egiten aurten, eta, horri horrela, baloi bila erdilariengana hurbiltzeko eta taldekideei baloia abantailan emateko eskatzen dit. Horrekin batera, espaziora korrika egin eta erdiraketak egin ditzadan ere nahi du Alessiok. Esango nuke oso jokamolde egokia dela niretzat, eta, alde horretatik, nire bertsiorik onena azaleratzen lagun diezadake.
Zure postu berean jokatzen du Budimirrek, klubaren historiako aurrelaririk onenetako batek. Nolakoa da hura taldekide izatea, zu zeu ere aurrelaria zaren heinean?
Eredutzat daukat. Egunerokoan langile petoa da, eta beti dabil hobetu nahian. Horrez gain, golak sartzeko duen erraztasuna miresten dut gehien. Asko erreparatzen diet area barruan egiten dituen mugimenduei. Toki egokian dago beti, eta espazioak maisuki sortzen ditu golak sartu ahal izateko.
Haren alboan asko ikas dezakezu, baina, era berean, ez duzu zelaian izateko aukera handirik.
Klubarentzat zorte handia da Budimir izatea, baina niretzat, agian, ez horrenbeste [barrezka]. Egoera naturaltasunez hartzen saiatzen naiz. Haren gol kopuruari begiratuta, normala da beti hamaikakoan izatea. Nire egitekoa da ditudan aukerak baliatzea. Lehen denboraldian, egoera zailean egon nintzen, eta iazko sasoian ere bolada txar batzuk izan nituen. Baina beste ikuskera bat dut orain. Gainera, teknikariak konfiantza handia erakutsi dit hasieratik.
«Bizpahiru astean behin joaten naiz terapiara. Buruz ondo egonda, askoz ere gehiago gozatzen da zelaian»
Aurrelarientzat beste jokalari batzuentzat baino zailagoa da partiden amaieran zelaira atera eta minutuei etekina ateratzea?
Ordezko izatea, orokorrean, ez da erraza. Hegalean beroketa lanak egin arren, kosta egiten da partidaren erritmoari neurria hartzea. Eta aurrelari gisa, are eta zailagoa izan daiteke. Adibidez, taldea atzean sar daiteke partida irabazten ari bada, eta gerta liteke aurrelariak baloia ia ukitu ere ez egitea. Dena den, uste dut geroz eta hobeto egokitzen naizela neurketa bakoitzak eskatzen duenera.
Futbola, oinekin ez ezik, buruarekin ere jokatzen da. Eta zuk alor psikologikoa ere landu duzu Osasunara iritsi zinenetik.
Hala da. Osasunara iritsi aurretik, talde guztietan ezinbestekoa izan nintzen, eta Mirandesen gol asko sartuta heldu nintzen Iruñera. Kontraste handia izan nuen hemen. Ez nengoen ohituta gutxi jokatzera. Gaizki pasatu nuen, eta laguntza eskatzea erabaki. Zorionez, geroz eta errazago mintzatzen gara denok buru osasunaz.
Futbolarien artean ere hala gertatzen da? Edo zaila da oraindik taldekideen aurrean sentimendu intimoak bistaratzea?
Osasunan oso zorionekoak gara: lagunak gara taldekideak baino gehiago. Konfiantza giroa sortu dugu, eta elkar babesten saiatzen gara. Gero, bakoitzak bere modura kudeatzen du alor psikologikoa. Ni, adibidez, bizpahiru astean behin joaten naiz terapiara. Buruz ondo egonda, askoz ere gehiago gozatzen da zelaian.