Llanos, munduko txapeldunorde

Chris McCormackek eta Caroline Steffenek irabazi dute munduko distantzia luzeko triatloi txapelketa

Eneko Llanos, eskuak buruan dituela, Gasteizko helmugan. RAUL BOGAJO / ARP.
jon olano
Gasteiz
2012ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Etxean irabazi nahi, baina ezin. Eneko Llanos Gasteizko triatloilaria dena emanda ailegatu zen atzo Gasteizko Plaza Berriko helmugara, distantzia luzeko triatloilarien munduko txapelketan. Dena ematea ez zen nahikoa izan, ordea; Chris McCormack australiarrak erakustaldia eman zuen, eta merezimendu osoz lortu zuen txapela. Saio paregabea egin zuen Llanosek gizonezkoen txapelketan. Emakumezkoetan ere, bikain aritu ziren kirolari euskaldunak: laugarren izan zen Virginia Berasategi, eta bosgarren,Maider Gaztañaga. Carlonine Steffen suitzarra da munduko txapelduna.

Lau kilometro igerian, 120 bizikleta gainean eta 30 korrika egin zituzten milatik gora parte hartzailek. Eguraldia ere alde zuten: lainotuta eta fresko, baina errepidea baldintzatuko lukeen euri tantarik gabe. Llanos bosgarren irten zen Uribarriko lakuko uretatik, eta hirugarren atera zen bizikletatik korrikarako trantsizio gunetik. Danimarkako Emil Dalgaard zen artean lasterketa buru, baina aise harrapatu zituen Llanosek aurreko biak. Harrapatu eta gainditu. Kilometro ugari egin zituen lehen postuan Llanosek. Harik eta McCormack, Macca, agintzen hasi zen arte.

Seigarren ailegatu zen McCormack bigarren trantsiziora, igeri eta bizikletan hainbestean ibili eta gero. Korrika, ordea, ez zuen aurkaririk izan. Lasterkariak zortzi aldiz igaro ziren Plaza Berritik, eta aurreneko igaroaldian bertan txapeldunak argi utzi zuen erraz ari zela korrika. Bizikleta uzterakoan minutu eta erdiren aldea zuen Llanosek McCormackekiko, baina pixkanaka gerturatu zitzaion australiarra.

Elkarrekin egin zituzten kilometro batzuk, baina erasoa jo eta bakarrik egin zuen ospa aurrera australiarrak. Denbora eman zion hamar segundoko zigorra bete eta helmugara sartu aurretik Australiako bandera bat jasotzeko gelditzeko. Ia bi minutu atera zizkion Llanosi helmugan, zirkuitua bost ordu eta erdian eginda. Beste bi euskaldun ere helmugaratu ziren lehen hogeien artean: Raul Amatriain hamaikagarren izan zen, eta Mikel Elgezabal, hemeretzigarren.

Hasieratik aurrean

Berasategik eta Gaztañagak saio aparta egin zuten, eta hasiera-hasieratik izan ziren lehen postuetan. Uretatik seigarren atera zen Berasategi, eta postu horri eutsi zion bizikleta gainean. Korrika, zaleek erruz hauspotu zuten bilbotarra, eta indartsu egin zituen 30 kilometroak. Bi triatloilari aurreratu zituen, Gaztañaga tartean. Ordiziarra laugarren igo zen bizikletara, baina Berasategik hartuzion aurrea. Horiez gain, bederatzigarren helmugaratu zen Gurutze Frades bizkaitarra.

Denbora aldetik ez zuen gehiegi sufritu Caroline Steffenek txapela eskuratzeko; sei ordu eta bost minutuz aritu zen lanean, eta bost minuturen aldea atera zion bigarrenari, Camilla Pedersen danimarkarrari. Steffen ere atzetik aurrera joan zuen sailkapenean kilometroak egin ahala; hirugarren izan zen igerian, eta bizikletan jarri zen lasterketa buru. Lan handirik gabe iraunzuen lehen postuan korrika egindako 30 kilometroetan.

Podiumera ez igotzearen penaz zen Berasategi, igerian izandako arazo batek denbora galtzea eragin ziolako. Halere, pozik azaldu zen lortutako emaitzarekin, «izandako lesioak kontuan izanda». Llanosek hunkituta hitz egin zuen lasterketaren ondoren, etxean arituta ezin izan zielako zaleei garaipenik eskaini: «McCormack hobea izan da, lasterketa izugarria egin du». Dena den, proban «inoiz baino gehiago» gozatu zuela aitortu zuen Llanosek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.