Ez da giro Athleticen, eta, bereziki, ez da giro Fernando Llorenteren inguruan. Egunero bada albisteren bat, eta atzo ere izan zen beste bat. Tamalgarria. Lehen taldeak entrenamendua zuen goizean, Lezaman, eta hamar bat lagun joan ziren bertara, pankarta batekin. Llorente joan hadi azkar irakur zitekeen bertan. Klubeko arduradunek kentzeko eskatu zieten berehala, eta liskarrik gabe kendu ondoren, Jose Maria Amorrortu eta Aitor Larrazabal klubeko ordezkariekin hitz egitera joan ziren.
Hori guztia gertatzen ari zen bitartean, jokalariarekin berarekin elkartu zen Marcelo Bielsa entrenatzailea, Llorente lasaitu eta animatze aldera. Entrenamenduari dagokionez, gainerakoak baino lehenxeago joan zen aldageletara Aymeric Laporte, minez.