Lointek Gernikak Israelgo Elitzur Ramlaren aurka jokatuko du hilaren 25ean eta 27an. Hasieran Malosten jokatzekoak ziren Eurokopako bi partida horiek, baina, Gernikako klubak ohar bidez jakinarazi duenez, Bulgarian jokatuko dituzte azkenean, «egoitza neutral batean». Ateak itxita eta ikuslerik gabe jokatuko dituzte. Aukerarik «arduratsu eta orekatuena» dela adierazi dute.
Irailean, Lointek Gernikako presidentea Israelgo taldearen aurka ez jokatzearen alde mintzatu zen, eta ikusteko zegoen azkenean klubak zer egingo zuen. Oharrean jaso dutenez, partida ez jokatzeak «klubaren iraupena arriskuan» jarriko luke, zigorrak jasoko lituzketelako arlo ekonomikoan eta kirol arloan. «Egoerak zeharkako biktima ere bihurtzen gaitu, batez ere kontuan hartzen badugu emakumeen kirolaren egiturazko hauskortasuna eta baliabideen eskuragarritasun mugatua».
Hortaz, «lehiaketaren arauzko betebeharrak betetzeko alternatiba bat» bilatu dute; hots, Sofian jokatzea. «Gernikak memoria du. Klubak uste du ez duela zentzurik Gernika-Lumon lehiatzeak, udalerriaren karga sinboliko eta historiko sakona eta gure gizartearen sentipen orokorra dela eta. Moralki inkoherentea litzateke bakearen eta sufrimendu zibilaren sinbolo unibertsala den hiri batean gaur egun sentsibilitate handia sortzen duen partida bat jokatzea». Horiek horrela, jokatu egingo dituzte partidak, baina Bulgarian.
Palestina jasaten ari den indarkeria gaitzetsi dute, eta egoera «bidegabea eta krudela» dela adierazi.
Gernikako saskibaloi klubaren arabera, Bulgarian jokatzeko ahalegin ekonomiko handia egin beharko dute, eta «kostu gehigarriei aurre egiteko» laguntza eskatu diete erakunde publikoei eta kirol erakundeei.
Partidari boikot egiteko protestak antolatuta zeuden. Palestinarekin Elkartasunak, esaterako, mobilizatzera deitu zuen, Israelgo taldeak, ez Gernikan ez inon lelopean.