Lointek Gernika atzo sailkatu zen Eurokopako ligaxkarako, PAS Giannina Greziako taldea kanporatuta. Ligaxka horretan hiru talde izango ditu aurkari: Hungariako NKA Universitas Pecs, Portugalgo Union Deportiva eta Israelgo Elitzur Ramla. Baina ikusteko dago Gernikako taldeak Israelgo talde horren aurka jokatuko duen. Gaur-gaurkoz, badirudi uko egingo diola.
Gerardo Candina Lointek Gernikako presidenteak argi utzi du bere iritzia gaur SER irratian egin dioten elkarrizketa batean. «Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aurka gaude, erabat. Mundu guztiak konturatu behar du horretaz. FIBAk [Europako Saskibaloi Federazioak] egin beharrekoa egin behar du. Guk egingo dugu, eta ez ditugu jokatuko bi partida horiek», esan du. Candinak, hala ere, zehaztu du bere iritzia dela: hurrengo egunetan aztertuko dutela gaia zuzendaritzan, eta ondoren hartuko dutela erabakia.
Hasiera batean, Lointek Gernikak urriaren 23an jokatu beharko luke Israelen, eta azaroaren 27an Malosten. Hala ere, Israelgo taldea prest azaldu da ligaxkako partida guztiak etxetik kanpo jokatzeko. Are gehiago, prest azaldu da bitan jokatzeko aurkarien pistan.
Ikusteko dago zer egingo duen FIBAk Israelgo taldeei dagokienez aintzat hartuta haien parte hartzeak izan ditzakeen ondorioak. 2013an, Israelgo taldeek jokatzen zituzten partidak bertan behera geratu ziren segurtasun arrazoiengatik. 2023an, berriz, Gernikak Ramat Hasharon Israelgo taldearen aurka jokatu behar zuen Eurokopako ligaxkan, baina klub hori erretiratu egin zen, orduan ere segurtasun arrazoiengatik.
Gernikaz gain, Baskonia ere ariko da denboraldi honetan Europako lehiaketa batean. Hain zuzen, txapelketa nagusian parte hartuko du, Euroligan, eta horretan Israelgo bi taldek jokatuko dute: Hapoel Tel Avivek eta Maccabi Tel Avivek. Arabako taldeko arduradunek ez dute ezer esan horri buruz. Maccabi Gasteizen aritu den azken aldietan Israelen aurkako eta Palestinaren aldeko protestak egon dira.