Indarkeria matxista

Lointek Gernikako kirol arduraduna ikertzen ari dira adingabe bati sexu abusuak egiteagatik

Klubak kargutik kendu du Mario Lopez. Salatutako erasoak 1998tik 2001era egin zituen. Gernikako Sare Feministak mobilizazio batera deitu du, eta gezurretan jardutea egotzi dio saskibaloi taldearen zuzendaritzari.

BALONCESTO COPA DE LA REINA
Mario Lopez, 2022. urtean, Lointek Gernikako entrenatzaile zenean.
Paulo Ostolaza.
2023ko abenduaren 17a
14:01
Entzun

Adingabe bati hainbat urtez sexu abusuak egiteagatik ikertzen ari dira Mario Lopez, 11 urtez Lointek Gernikako entrenatzaile izan zena. Klubean ardura postuak zituen oraindik, eta taldeko kirol arduraduna izan da gaur kargugabetu duten arte. Klubaren hitzetan, prestatzaile kargua osasun arazoengatik utzi zuen, iaz. El País egunkariak argitaratu duenaren arabera, egozten diote 1998. urtean 13 urte zituen neska bati sexu abusuak egitea hiru urtez. Instrukzio epailearen erabakiaren zain dago.

Lopezek garai hartan entrenatzen zuen saskibaloi taldeko kidea zen biktima, lehenik Allende Salazar ikastetxean eta geroago Lointek Gernikan. Erasoak hasi zirenean, erasotzaileak 31 urte zituen, neskak baino 18 gehiago. Iazko ekainean Gernikako (Bizkaia) epaitegiak jasotako salaketaren arabera, sexu abusuak jasan zituen, eta etengabeak izan ziren mehatxuak eta bere gaineko kontrola ere. Lehen erasoa 1998ko uztailean gertatu zen, Lopezek biktima saskibaloi partida bat ikustera gonbidatu eta bularrean eskua sartu zionean. Hortik aurrera, jarraituak izan ziren abusuak. Salaketak dio bortxatu egin zuela, eta felazioak egitera behartu.

Espainiako Saskibaloi Federazioak «aringarririk gabe» gaitzetsi ditu erasoak. Plazaratu duen oharrak dioenez, «kasuaren parte bat» urriaren 29an jakin zuen, Gernikaren aurkako salaketa bat jaso zuenean. Hark zioenaren arabera, Lopez ikertzen ari ziren ustezko sexu abusu batzuengatik. Federazioak berehala zabaldu zuen ikerketa txosten bat, eta hala jakinarazi zien Gernikari, Lopezi eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Saskibaloi Federazioari. Ordutik, lehiaketetan parte hartzea debekatua izan du Lopezek.

Gernika KESBk ere eman du bere bertsioa. Adierazi duenez, gaur izan du Espainiako Federazioaren ebazpenaren berri, eta hori da gertatutakoaren inguruan izan duen lehen albistea. «Orain arte, klubak ez du izan ikerketaren berri ofizialki. Orain, klubari gertakarien berri eman dion eragile bakarra Espainiako Federazioa da: hark ebazpen bat argitaratu berri du, eta Gernikak berehala onartu du». Gehitu du taldeak une oro errespetatu duela indarrean den legedia, eta halako kasuetan bete beharreko protokoloak betetzen dituela. Lopezengandik «bereizi» direla esanez amaitu dute oharra.

Feministak, kalera

Gernika-Lumoko Sare Feministak mobilizaziora deitu du astelehen iluntzerako, 19:00etan, Gernikako pasealekutik. Izan ere, sarearen eta klubaren bertsioa ez datoz bat. Argitaratu duten oharrean azaldu dutenez, uda hasieran izan zuten kasuaren berri, eta informazioa jaso bezain pronto hartu zuten lehen erabakia: biktimari sinestea.

Abisua jaso zutenean, Lopez umeen campus bateko arduraduna zen, eta, zuten informazioaren arabera, 2023-2024ko denboraldian Lointek Gernikako lehen taldeko prestatzaile izendatzeko asmoa zuten. Hori jakinda, klubarekin harremanetan jarri ziren, eta beharrezko neurriak eskatu. «Eraso gehiagoren prebentzioa eta erasoa jasandakoaren prozesua ipar, erasotzailea prestigio postutik kentzeko neurriak hartzeko eskatu genion taldeari».

Azalpenekin jarraitu dute. Udan zenbait «bilera eta dei» izan zituzten Lointek Gernikako zuzendaritzarekin, «egoerari irtenbide bat emateko asmoz». Klubak, ordea, sareari azaldu zion zailtasunak izango zituela maila horretako entrenatzaile bat ordezkatzeko, «kontuan izan gabe maila hori bi hamarkadatan baino gehiagotan izandako inpunitateak ahalbidetu diola». Azkenean, feministei helarazi zieten ezen zuzendaritza, babesleak eta jokalariak ados zeudela Lopez entrenatzaile izatearekin, eta hori egingo zutela. Sareak, orduan, adierazi zien ez zegoela konforme erabakiarekin, eta erabaki zuen akordio bat egiteko prozesua amaitzea.

Klubaren hipokrisia salatu dute: «Harritzekoa da, tankera horretako erabakiak hartu ostean, klubak azaroaren 25aren harira egin duen kanpaina publikoa». Lopez prestigiozko kargu batetik bestera mugitu izana gaitzetsi dute, eta Lointek Gernikak sarearekin izandako «jarrera maltzurra» azaleratu ere bai, eurekin gezurretan ibili zirelako. Izan ere, esan dute Lopezek klubean jarraitzeko ustezko adostasuna ez zela benetakoa: «Gaur badakigu adostasun hori ez zela existitu, eta, gainera, kide batzuek taldea uztea ekarri duela».

Onartezina

Allende Salazar herri eskolak ere plazaratu du ohar bat gaiaren inguruan. Bertan, barkamena eskatu die euren komunitateko parte izan diren bitartean abusuak jasan dituztenei, bereziki Lopezen biktimari: «Ez genuen jakin behar bezala detektatzen eta behar zuen babesa ematen».

Gertatutakoa irmoki gaitzetsi dute, horrelakorik berriro ez gertatzeko protokoloak martxan dituztela azaldu, eta astelehenean egingo diren elkarretaratzeekin bat egiten dutela adierazi. Eskolan ere egingo dute bat, 16:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIA babestuz, harro herri! Martxoaren 14tik 24ra, ekarpenak saria du.