Lokatza badago

Euskal Herriko ziklo-kros denboraldia urrian hasi zen. Euskadiko Kopa eta Karrantzako nazioarteko lasterketa dira lehiarik garrantzitsuenak denboraldi honetan. Lau probatako antolatzaileek modalitatea nola dagoen azaldu dute. «Zaila» izan arren, «baikor» agertu dira».

Denboraldiko lehen proba izan zen Tolosakoa. LEYRE CARRASCO / TOLOSALDEKO HITZA.
Iñigo Lasa Fresneda.
2023ko azaroaren 7a
00:00
Entzun

Hasi da lokatz festa. Uda luze batekin batera iritsi da errepideko denboraldiaren amaiera. Bizikleta aldatu, takodun gurpilak jarri, eta baso eta belardietara joateko garaia iritsi da. Urriaren 22an hasi zen Euskal Herriko ziklo-kros sasoia, Tolosan (Gipuzkoa). Han jokatu zen III. Pablo Arsuagaren Oroimenezkoa. Hasiera emanda, ziklistek Euskal Herrian egiten diren hainbat probaz gozatzeko eta sufritzeko aukera izango dute datozen hilabeteetan.

Ikusi gehiago:Javier Ruiz de Larrinaga, Bertako Igogailuak-Spiukeko burua: «Gazteek ziklo-krosean aurrera egiteko aukerak izatea da helburua»

Azken urteotan proba berriak sortu dira, eta horietako bat da Tolosakoa. 2021ean egin zuten estreinakoa, eta aurtengoa hirugarren aldia izan da. 280 lagunen partaidetzarekin «oso gustura» da Aitor Aiertza Oriako txirrindularitza eskolako presidentea (Tolosa, Gipuzkoa, 1967): «Iaz Euskadiko Txapelketa egin genuen, eta ziklista gutxiago izan genituen, euskal herritarrek bakarrik zutelako ateratzeko aukera. Aurten, berriz, Burgostik eta kanpoko beste toki batzuetatik etorri dira».

Joan den larunbatean Iruñean izan ziren ziklo-kroslariak, eta, behin dena amaituta, dagoeneko Berako (Nafarroa) proban pentsatzen ari dira Iruña Kirolak taldeko antolatzaileak. Horko kidea da Cesar Irigoien (Iruñea, 1976). Bi proben ardurapean egon arren, onartu du nahi baino pertsona gutxiago aritzen direla dena prestatzen: «Lan handia da. Lau lagunen artean egiten dugu, eta azkenerako pasada handia hartzen dugu. Lagunei laguntzeko eskatu beharra ere izaten dugu, baina, azkenean, egindako esfortzuak saria izaten du».

Aitzakia asko dago proba bat antolatzen hasteko. Iruñerrian ikastolako lau gurasoren «beroaldi» bat besterik ez zuten behar; Tolosaldean, berriz, gazteena izan zen ekimena: «Gure eskolan errepiderako aritzen gara gehienbat, eta negu aldean neska-mutilei pistara, belodromora, joateko aukera ematen genien. Ziklo-krosaren aukera ere hor zegoen, baina zailagoa zen: bakoitzak bere bizikleta erosi... Baina orain dela lau urte kadete eta gazte mailako batzuk bertan hasi ziren; gurasoekin taldetxo bat sortu, eta azkenean proba bat antolatzea erabaki genuen».

Modalitatea berriro ere goranzko joeran dela uste du Irigoienek, eta horren atzean dauden balizko bi arrazoi eman ditu: «Ziklismoa asko aldatu da. Lehen txirrindulariek ez zuten korrikarik eta ziklo-krosik egiten, eta orain bai. Errepidea eta ziklo-krosa uztartzen dituzten sekulako ziklistak daude —Mathieu Van der Poel eta Wout Van Aert, besteak beste, eta telebistan eta sare sozialetan izarrak dira».

Etxeko pantailetatik adi-adi ikusten dituzte euskal ziklo-kroslari gazteek. Hainbestekoa ez, baina «maila handia» dago harrobian, Aiertzaren ustetan. Emakumezkoen egoera, berriz, orain dela urte gutxi batzuekin alderatuz gero, hobea da. Baina partaide kopuruan, gizonezkoak oraindik dezente gehiago dira. Halere, hori ez da ziklo-krosean bakarrik gertatzen. «Errepidean ere nesken lasterketa bat antolatzeko kategoria guztiak elkartu behar izaten dira. Tropela osatzeko zailtasunak izaten dira. Guk Tolosan, esaterako, kadete mutilak irten eta minutura abiatzen dira kadete neskak, eta, horrela, biak batera, errazagoa da».

Lasterketa gauzatzeko, baina, txirrindulariez gain, boluntarioak behar izaten dira, eta Irigoienek beratarren prestutasuna nabarmendu du: «Bera ziklo-kros munduko plaza garrantzitsu bat izan zen bere garaian, eta herritarrek asko bizi dute. Bertara hesolekin iritsi, eta baserritarrak laguntzeko prest agertzen dira, hamaiketakoa ematen digute… Izugarria da Bera». Datorren urtean, 2024an, 50 urte beteko dira Beran Munduko Txapelketa jokatu zenetik, eta museoa eta guzti izango duen «bi egunetako festa handi bat» antolatu nahi dute.

Igorre, 2024ra begira

Aurten nazioarte mailako lasterketa bakarra jokatuko da Euskal Herrian. Igandean izan zen, Karrantzan (Bizkaia). Azken urteotan Munduko Kopa Elorriora (Bizkaia) ekartzen saiatu dira Elorrioko txirrindularitza elkartekoak, baina erakunde publikoetan eta politikarietan interes handirik ez zegoela ikusita, amore eman, eta Euskadiko Kopan sartzea erabaki dute aurten.

Askok eta askok faltan sumatzen duten beste proba mitikoetako bat Igorrekoa da. 11 aldiz izan da Arratia ziklista onenen topagune Munduko Kopako egutegian. 2011n agurtu zuen kategoria gorena Igorrek, eta azken urteotan bi maila beherago dagoen C2 kategoriako proba jokatu da bertan. Aurten, baina, lasterketarik ez antolatzea erabaki dute. Honela arrazoitu du hartutako erabaki «gogorra» Leire Aurrekoetxea (Igorre, Bizkaia, 1973) Arratiako ziklista elkarteko presidenteak: «2021ean hartu genien erreleboa zuzendaritzan 40 urte baino gehiago eman dituzten Juan Mari Zurinaga eta enparauei. Iaz, C2 mailako proba bat antolatu genuen, eta aurten ere asmo bera genuen. Baina horrelako gauza bat antolatzeko denbora asko eta finantzaketa iturri indartsuak behar dituzu. Babesle aldaketa bat behar genuen, eta hori lortzea ez da batere erraza. Eta geu ere oso nekatuta geundenez, gelditzea erabaki genuen».

2023an ez, baina 2024an bai. Aurrekoetxeak onartu du dagoeneko badutela datorren urterako babesle berria, eta dagoeneko «buru-belarri» ari direla lanean 2024an C2 proba bat antolatzeko. Halere, nabarmendu du Arratiako ziklista elkartea ziklo-kros lasterketa bat baino gehiago dela: «Txirrindularitza eskola bat dugu, eta lasterketa gehiago ere antolatzen ditugu. Ziklo-kroseko proba urtero egin izan denez, albiste handia izan da ez ospatzea, baina deskantsatuta gaude, eta datorren urtekoa antolatzen ari gara». Euren ondorengoei bidea erraztu aldera, gida moduko bat ari dira idazten, lasterketa bat nola antolatzen den azaltzeko.

Igorrek, gainera, oso toki gutxik duten zerbait du: herriaren babesa. «Herriarengandik itzelezko laguntza jasotzen dugu. Berrehun boluntario baino gehiago, hori ez da inon gertatzen». Izan ere, historikoki lotura handia izan du modalitateak Arratia ibarrarekin; ongi gogoratzen du hori presidenteak: «Umea eta gaztea nintzenean gogoratzen naiz sekulako festa sortzen zela herrian. Ziklo-krosak jarri du Igorreko herria mapan. Eta orain ere hala da, Igorreko kirol festarik indartsuena da». Igorren ez ezik, argi dagoena da ziklo-krosa festa izan dela, festa dela eta aurrerantzean ere festa izango dela Euskal Herrian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.