Lokatzetan jolasean

Ez dago Van der Poel geldi dezakeenik. Ziklo-kros sasoi aparta ari da osatzen, eta Yusek inoiz ez bezala ikusten du. «Beti ibili da punta-puntan, baina aurten are indartsuago dabil». Hurrena igande honetan lehiatuko da, Benidormen.

MATHIEU VAN DER POEL.
Mathieu van der Poel, ahalegin betean, Zonhovengo Munduko Kopako proban. UCI
enaut agirrebengoa
2024ko urtarrilaren 16a
05:10
Entzun

Ziklo-kros lasterketak jolas huts bihurtu dira Mathieu van der Poelentzat (Kapellen, Flandria, 1995). Orain arte jokatu dituen guztiak irabazi ditu denboraldi honetan: hamarretik hamar. Nahiko berandu hasi zuen sasoia, abendu erdialdean, baina berehala hartu dio neurria. Ukiezina da aurkarientzat; begiratu besterik ezin diote egin. Amorruz, baina baita miresmenez ere, herbeheretarra benetako artelanak ari baita egiten lokatzetan.

Urrunetik dator haren nagusitasuna: hamar sasoi daramatza elite mailan lehiatzen, eta 159 garaipen lortu ditu tarte horretan; horietatik bost, Munduko Txapelketan. Emaitza aldetik, 2018-2019ko denboraldian jo zuen goia: 34 lasterketa jokatu, eta 32 irabazi zituen. Hala ere, maila aldetik, sekula ez da egon orain bezain indartsu. Hala uste du Unai Yus txirrindulari ohiak (Gasteiz, 1974): «Ez ditut haren errendimendu datuak, baina esan daiteke bere bizitzako garairik onenean dagoela ziklo-krosean. Beti ibili da punta-puntan, baina aurtengo lasterketetan are indartsuago ikusten dut».

Paradoxikoa dirudi, baina ziklo-krosa apur bat alboratu eta arreta errepidean jarri duenean hobetu da Van der Poel lokatzetan. «Errepidean diru laguntza eta bitarteko gehiago dago ziklo-krosean baino, eta exijentzia ere bestelakoa da lan karga aldetik. Horren ondorioz, aurrerapauso handia eman du bai berak, baita Wout van Aertek ere. Berez, besteen gainetik zeuden lehen ere; eta orain, are eta gehiago». Hausnarketa hori garatzen jarraitu du Yusek: «Izugarria da klasiko bat edo hiru asteko itzuli bat prestatzeak exijitzen dizuna, eta egindako lan guztia hor gelditzen da, eta pilatuz doa denborarekin».

«Mentalki helduagoa da orain. Lasaitasunari eusten dio arazoak izan arren, eta, nahi duenean, lasterketa burura iritsi eta eskapo egiten du». Unai Yus Txirrindulari ohia

Van der Poel eta Van Aert. Bi txirrindulari elkarri atxikita. Bata aipatu, eta berehala agertzen da bestearen izena. Dagoeneko mitikotzat jo daiteke bien arteko lehia. Van Aertek, ordea, lasaiago hartu du aurten ziklo-krosa, eta, hartara, alfonbra gorria jarri dio herbeheretarrari. «Ez dago Van der Poelen maila berean, agerikoa da. Badirudi Giroan arituko dela, eta horregatik prestakuntza aldatu duela. Hala, Van der Poel aise ari zaio irabazten». Emaitzak bestelakoak lirateke flandriarra indar betean balego? «Ezin da jakin, baina argi dago Van der Poelen garapena itzela izan dela. Gainera, hark ukitu magikoa dauka. Dohain aldetik, bakarra da».

Olinpoan geroz eta gorago

Fisikoak bainoago, mentalak ziren lehen Van der Poelen ahuleziak. Presioak gainezka egiten zion batzuetan, eta hiru urtez izan zen ortzadar maillota irabazi ezinik, 2016tik 2019ra. Ordea, sendotzera egin du psikologikoki. «Heldutasunak asko aldatzen du presioa kudeatzeko eta lasterketei aurre egiteko duzun modua. Lehen, egun txarretan, uzkurtu egiten zen, eta Van Aertek aurre hartzen zion. Orain, ordea, ezberdina da: lasaitasunari eusten dio arazoak izan arren, eta, nahi duenean, lasterketa burura iritsi eta eskapo egiten du».

Egin beharreko galdera da: jada inoizko ziklo-kros txirrindularirik onena da Van der Poel? «Halakoek beldurra ematen didate. Asko aldatu da ziklo-krosa, Sven Nysen garaiarekin alderatuta, adibidez. Baina badaude ziklista batzuk aro bat markatzen dutenak, eta garbi dago Van der Poel horien artean dagoela, Van Aertekin batera». Yus Nysen garaikidea da, eta hark ziklo-krosa «irauli» zuela azpimarratu du. «Modalitate amateur bat hartu, eta profesional bilakatu zuen, beti ziklo-krosaren esentzia mantenduta». Oraingo bi ikurrek ere eragin handia izan dute. «Haiek gabe ezin da ulertu gaur egungo ziklo-krosa. Lehia itzela dute lokatzetan eta errepidean, eta, orain, lasterketa guztiak telebistaz ikus daitezke».

Van der Poelek urrun du oraindik Nysen garaipen marka: 291 lasterketa irabazi zituen hark hemezortzi urteko ibilbidean. Herbeheretarrak gertuago dakusa Munduko Txapelketetako errekorra: zazpi bider irabazi zuen Erik De Vlaeminckek, hots, datorren urtean berdindu egin lezake Van der Poelek, betiere hurrengo bi txapelketak irabazten baditu. Ez zaio beste erronka askorik gelditzen. «Motibazioa galdu egin du apur bat, eta zalantzak dituela esan izan du. Artista handi bat da, eta erronka berriak nahi eta behar ditu».

Errepideko monumentu guztiak irabaztea izan daiteke helburuetako bat. Lieja-Bastogne-Lieja eta Lombardiako Giroa falta zaizkio bakarrik. Horrez gain, Parisko Olinpiar Jokoak ere begiz jota dauzka. Lehenago, baina, jolasean jarraitu nahi du lokatzetan. Lau lasterketa gelditzen zaizkio. Denak irabaziko ditu? «Beti dago arriskua matxuraren edo erorialdiren bat izateko, baina, haren maila eta aurkariena ikusita, uste dut dena irabaziz bukatuko duela sasoia». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.