Alavesek ez dio berritu kontratua Juan Ramon Lopez Muñizi. Espainiako Ligako azken lau partidetarako sinatu zuen entrenatzaile espainiarrak, eta, behin txapelketa bukatuta, zuzendaritza taldeak erabaki du entrenatzaile kargutik kentzea bai Lopez Muñiz bera, bai bere entrenatzaile multzoa. Alavesek eskerrak eman dizkie, sare sozialetan zabaldutako komunikatu baten bidez.
Mailari eusteko ekarri zuen Arabako taldeak Lopez Muñiz. Salbazioa lortzeko, aurre egin behar izan die lau aurkari zaili: Real Madril, Getafe, Betis eta Bartzelona. Zinedine Zidanen taldearen kontra txukun aritu ostean, Getaferen aurka berdindu egin zuen Mendizorrotzan. Entrenatzaile berriarekin itxuraz hobeto ari bazen ere, puntuak behar zituen taldeak. Betisen zelaitik hiru puntuak eskuratu, eta Alavesek Lehen Mailari eustea lortu zuen, bosgarren urtez jarraian.
Liga sendo hasi bazuen ere, konfinamenduaz geroztik bolada txarrean zebilen Alaves, jaitsiera postuetatik gertu. Dinamika aldatu eta taldeari beste hauspo bat eman nahian kaleratu zuten Asier Garitano, eta txapelketa amaitzeko fitxatu zuten Lopez Muñiz.