Reala ez da lortzen ari denboraldi hasieran espero zituen emaitzak, eta zaleek neurriak hartzeko eskatu zioten, herenegun, Jokin Aperribai presidenteari. Getaferen kontra 1-2 galdu ostean, Lorenek kargua uztea galdegin zuten Anoetako harmailetan ziren zale askok. Lorenek berak aurkeztu du dimisioa, eta onartu egin dio Aperribaik.
Halaber, Eusebioren kontratua etetea erabaki du klubak, liga amaitzeko bederatzi jardunaldi falta direla. Denboraldia amaitu artean, Imanol Alguacil Realeko jokalari ohiak gidatuko du taldea. Realaren bigarren taldeko entrenatzaile lanetan aritu da Imanol atzo arte.
Realak egindako lana eskertu dio Eusebiori. Entrenatzailearen "ekarpena, profesionaltasuna eta ardura" nabarmendu ditu, eta "onena" opa dio bere ibilbide profesionalean. Eusebio 2015eko azaroan heldu zen Donostiara, David Moyes entrenatzailearen ordezko. Iazko denboraldian, taldea Europa ligarako sailkatzea lortu zuen, baina aurtengo emaitzak ez dira izan Realarengandik espero zirenak. Eusebiok beste urte baterako kontratua zuen sinatua taldearekin.
Realak esker ona adierazi dio Loreni ere. Azken bederatzi urteetan izan da kirol zuzendari. Reala bigarren mailan zegoenean hartu zuen taldea diseinatzeko ardura, eta azken bost urteetan hirutan lortu du Realak Europako txapelketetarako sailkatzea.