Oraindik ere ez da pole-a erabaki, baina Jorge Lorenzok nagusien moduan gidatu zuen atzo -tarteka euritan, tarteka eguzkitan- Australiako Sari Nagusiko entrenamendu ofizialetan. Liderra da 250 cc-etan, eta 36 puntu kentzen dizkio bigarrenari, Doviziosori, Munduko Txapelketa amaitzeko hiru lasterketaren faltan. Aldea ederra izan arren, Lorenzo ez dago eustera irteteko prest. Ahal badu, bihar bertan irabazi nahi du titulua, bigarren urtez segidan. Horretarako, 14 puntu atera beharko lizkioke Doviziosori. Ez litzateke normalena izango, baina...
Entrenamenduetan, behintzat, dezente arriskatu zen kataluniarra. Bera izan zen 1.34tik behera egin zuen bakarra. Hori bai, eguraldiak dezente baldintzatu zuen gidarien jarduna: batzuetan euritan, besteetan eguzkitan... Bihar ere hala ibiliko da, iragarpenen arabera. Lorenzoren atzetik, Barbera, De Angelis eta Dovizioso sailkatu ziren.
125 cc-etan, berriz, aurreneko bi sailkatu Talmacsi eta Faubelen arteko aldea bederatzi puntu eskasekoa da. Biak parean dabiltza, baina atzoko entrenamendu ofizialetan Talmacsik azkarrago gidatu zuen, bitan lurrera erori arren. Faubel sailkatu zen, hain zuzen, liderraren atzetik.
Stonerrek, berriz, ez zuen gupidarik eduki Moto GP mailan. Munduko txapelduna da jada, baina garaipena nahi du, titulua bere zaleekin batera ospatzeko. Erori egin zen, baina, halere, azkarrena, Melandriren eta Pedrosaren aurretik.
Lorenzo, ausart antzean
Kataluniarrak 250 cc-ko Munduko Txapelketa irabaz dezake bihar, Doviziosori 14 puntu ateratzen badizkio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu