Kontxako Bandera

Lortu dute arrauna maitatzea

San Juango arraunlaria da Mikel Etxabe, eta lehen aldiz ari da Kontxan lehiatzen. Arraun Lagunak-en dabil, berriz, Lorea Etxabe, eta bandera laugarrenez irabaztea du xede. «Berandu» hasi ziren biak arraunean, baina umetan gorroto zutena maitea dute orain.

Mikel eta Lorea Etxabe Etxeberria anai-arrebak Pasai Donibanen. ANDONI CANELLADA / FOKU
Mikel eta Lorea Etxabe Etxeberria anai-arrebak Pasai Donibanen. ANDONI CANELLADA / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
Pasai Donibane
2025eko irailaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arraunzalea da Lorea eta Mikel Etxabe Etxeberria anai-arreben familia. Ezaguna da haien aita, Juan Mari Etxabe. Arraunean ibilbide oparoa du, eta erreferentea da askorentzat —oraintxe, Arraun Lagunak-eko entrenatzailea da, eta hantxe egiten du arraun alabak—. Haien ama ere, Ines Etxeberria, aulki mugikorrean ibilitakoa da —Espainiako bi txapelketa ditu irabaziak—, eta, gaur egun, zale amorratua da. Anaia gazteago bat ere badute, Lander, eta hura ere aritzen da arraunean. Baina ez da beti horrela izan, ezta hurrik eman ere: orain maite duten arren, umetan «nazka» zioten arraunari.

«Arrauna ezagutzen duen mundu guztiak badaki zer sakrifikatua den. Hiru anai-arreba gara, eta hirurok txikitatik gorrotatu dugu arrauna. Ez dut esajeratzen: gorrotoa genion», esan du, barrezka, Lorea Etxabek, eta anaiak baietz egin du buruarekin: «Aitak denbora asko pasatzen zuen kanpoan, urruti... Eta guk ez genuen hori nahi. Kantabriako eta Galiziako hondartza guztiak ezagutzen ditugu aitaren estropadak ikustera joaten ginelako. Beti negarrez, borrokan... eta begira orain».

Bakoitzak bere bidetik probatu zuen halako batean arrauna: 18 urte zituela Loreak, eta 19 zituela Mikelek. Eta, ordutik, ez dute tiborta askatu. «Arraunak badauka zerbait, ez galdetu zer, baina harrapatu egiten zaitu. Bizi egin behar duzu ulertzeko nola sartzen zaren eromen honetan», adierazi du Loreak. Eta zera gehitu Mikelek: «Orain ulertzen dut aita».

Kontuak kontu, egun bereziak dira hauek bientzat. San Juan taldeko arraunlaria da Mikel, eta lehen aldiz ari da Kontxan lehiatzen. Lorea, berriz, Arraun Lagunak-en dabil, eskarmentu handia du, eta laugarrenez irabazi nahi du Donostiako bandera preziatua.

«Sailkatze estropada oso berezia izan zen. Gure helburua Kontxan sartzea zen, eta herria oso gainean genuen. Egunero ematen zizkidaten animoak. Taldean ere ilusio handia genuen, eta entrenatzaileak esan zigunean barruan geundela, irabazi bagenu bezala hasi ginen ospatzen. Guretzako lorpen handia da. Eta lehen igandean, berdin. Ilusioz atera ginen. Nork ez du amets egin Kontxan arraun egitearekin? Nik amets bat bete nuen. Ahaztezina izan zen; pentsatze hutsarekin ileak puntan jartzen zaizkit», kontatu du Mikelek.

Anaia entzutean, lehen aldi hori ekarri du gogora Loreak ere: «Lehenengo aldiak beti dira oso bereziak. Ni ere San Juanen nenbilen, herriko talde oso gaztea ginen. ETE ligan geunden, eta lortu genuen sailkatzea eta bigarren igandean ohorezko txandan arraun egitea». Biek nabarmendu dute goraipatzekoa dela San Juango afizioaren berotasuna: «Erraza da animatzea taldeak irabazten duenean edo borroka horretan dagoenean, baina hala ez denean ere hor egotea beste gauza bat da. Uste dut herri oso gutxik dutela hain afizio ona».

San Juan taldetik Arraun Lagunak-era egin zuen salto Loreak, eta palmares bete-betea eskuratu du han. «Gogoan dut Arraun Lagunak-ekin irabazi nuen lehenengo Kontxa. Hori ere berezia izan zen. Bereziki berezia koronabirus garaian izan zelako. Beste bandera bat nahi nuen Kontxa den bezala bizitzeko: arrapala beteta. Kolorez betetako arrapala hori behar da Kontxa zer den ulertzeko». Lortu zuen bigarren bandera, eta baita hirugarrena ere. Orain, laugarrena du jomugan: «Hasierako grina bera daukat. Niretzat, Kontxa Kontxa da. Betidanik hurbil izan dut, eta ilusio handia egiten dit hango estropadak. Badakit ligak askoz erregularragoa izatea eskatzen dizula, baina oraindik ere ilusio handiagoa egiten dit Kontxa irabazteak».

«Nork ez du amets egin Kontxan arraun egitearekin? Nik amets bat bete nuen. Ahaztezina izan zen»

MIKEL ETXABE ETXEBERRIA San Juango arraunlaria

Emozioz bizi dute biek arrauna, eta emozioz ari dira bizitzen uda hau ere. Barrutik zein kanpotik. Izan ere, pozten dira etxekoen lorpenengatik, eta adi daude besteak zer egingo. Lorea: «Oso polita izan zen iaz mailaz igo zirenean. Eta pena dut aurtengo Kontxarako sailkatze estropada ezin izan nuelako bertatik ikusi. Entrenamendua nuen, eta, azkenean, sakelako telefonoa piztu eta talde guztia elkartu ginen traineru ondoan. Bukatu zenean negar pixka bat egin nuen, eta uretara joan ginen».

Arraun Lagunak-ek ez zuen sailkatze estropada jokatu behar izan, hura izan baitzen ligan Donostiako talderik onena. Igandean, baina, erne zegoen Mikel ere. Aitortu duenez, urduriago jartzen da arrebaren eta aitaren estropadetan. «Aurrekoan ere estropada hasi behar zutenean uretara sartzen ari ginen gu. Ez nekien nola zihoazen, nola geratuko ziren: han nengoen begira, ea norbaiti informazioa ateratzen nion. Beti nabil galdezka eta begi bat han jarrita».

Loreak kontatu du Lugañene ontzian guztiek El bro deitzen diotela Mikeli, eta beti ari direla hura animatzen: «Taldean oso komentatua da Kontxa irabazi dugun bakoitzean nola egin duen negar. Imajinatu zer den arrapalara iritsi eta ikustea zure anaia aurpegia malkoz bustita, begiak puztuta, negar batean. Eta San Juango kamiseta jantzita. Asko hunkitzen gara, gauza onekin zein txarrekin».

Orain arte Kontxa guztiak «kanpotik» bizi izan ditu Mikelek, baina oraingoan biak ariko dira arraunean. Eta familiakoek, zer egin? «Anaia kamiseta arrosarekin eta zapi urdinarekin joango da, eta ama kamiseta urdinarekin eta zapi arrosarekin».

Kandela piztu, eta uretara

Igandean jokatuko dute Kontxako Banderako lehia erabakigarria. Biak gustura geratu ziren lehen igandean egindakoarekin. «Lehiakorrak izatea» zen Erreka ontzikoen helburua, eta lortu zuten; zazpigarren egin zuten, eta Isuntzari zortzi segundoko aldea atera zioten. «Oso kontent gaude. Orain lehiatzeko, bukatzeko eta herritarrekin ospatzeko gogoa dut, egia esan».

Arraun Lagunak-ek, berriz, eskura du bandera, hamar segundo atera baitzizkion bigarren sailkatuari, Tolosaldeari, eta ia 11 hirugarrenari, Oriori. «Dena eman genuen, eta estropada borobila atera zitzaigun. Hamar segundoren abantaila dugu: ez da ezer, baina, aldi berean, alde handia da. Segurtasun puntu horrekin goaz, baina hankak lurrean ditugu. Irabazteko gose handia dugu, eta horretan saiatuko gara. Dena emango dugu palakada bakoitzean».

«Hankak lurrean ditugu. Irabazteko gose handia dugu, eta horretan saiatuko gara. Dena emango dugu palakada bakoitzean»

LOREA ETXABE ETXEBERRIA Arraun Lagunak-eko arraunlaria

Fisikoki ez bada ere, alboan izango dituzte euren zalerik handienak: aitona-amonak. «Arraunean ezaguna aita da, baina arraunzaleenak ama eta amaren familia dira», azaldu dute, eta familiako ohitura bat kontatu: amonak beti kandelak pizten omen zizkien, estropada bat, azterketa bat edo dena delakoa izanez gero. Orain, haien lehengusuak hartu dio lekukoa, eta mezua bidaltzen die kandela bat piztuta aitona-amonen argazkiaren alboan: «Lasai, kandelak piztuta daude».

«Nik beti diot nire zalerik handienak nire amona Maria Cristina eta nire aitona Gregorio zirela. Ez naute inoiz ikusi Kontxa irabazten, eta zerbait irabazten dudan bakoitzean haietaz gogoratzen naiz. San Juanen aritu nintzen urtean bandera bat irabazi genuen, eta, harrera plazan egiten denez eta bertan bizi zirenez, baimena eskatu nuen bandera hartu eta argazki bat ateratzera igotzeko. Nire argazkirik kuttunenetako bat da», esan du Loreak. «Niri ere sailkatze estropadan malkoak atera zitzaizkidan aitonaz gogoratzean. Kandela piztuta eta bien argazkia bidali ziguten, eta uretara joan aurretik negarrez aritu nintzen. Berezia izan zen».

Kandela piztuta izango dute igandean ere. Batak gozatzea eta lehiatzea helburu; besteak, gozatzea eta irabaztea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.