Claudio Bravo. Realeko atezaina

«Lotsagabe jokatu behar dugu, aurkariaren zain egon gabe»

135. neurketa jokatuko du gaur Bravok Realarekin. Arkonada, Alberto, Esnaola, Eizagirre eta Gonzalez atezainen atzetik, berak jokatu du partida gehien postu horretan

Donostia
2011ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Lana erruz egin beharko du gaur gauean txiletarrak Real Madrileko aurrelari trebeen amua ez irensteko. Neurri handi batean, haren eraginkortasunaren baitan daude txuri-urdinen aukerak. Behin baino gehiagotan lotu da inguruotan Bravoren izena (Buin, Txile, 1983) etxe zuriarekin, batik bat Manuel Pellegrini Santiago Bernabeura iritsi zenean. Horretaz guztiaz, aurkariaz, atezainen erantzukizunaz eta bere asmoez solastatu da BERRIArekin.

Hirugarren gola jasotakoan atezaina bakarrik geratzen da area barruan. Zer pasatu zitzaizun burutik?

Gauza asko. Esaterako, azken emaitzan zerikusia izan nuela; gehiago egin nezakeelako errezeloa daukat. Esku-hutsik ez itzultzeko moduko lana egin eta gero,are eta goibelago bueltatzen zara. Gehienbat lehen zatian izan ginen nagusi.

Kontrarioak gola sartzeak zer esan nahi du zuretzat?

Saminaldia. Amorrazioa. Une batez baino ezin dizu iraun, hori bai. Ezin zaitezke horrekin gera. Atezainak behin eta berriz altxatu behar du burua, handik gutxira jokaldi gehiagotan hartu beharko duelako parte.

Autoestimua urratu arren hutsak ikusten dituzten horietakoa zara?

Jakina. Geldiketa onak ez ditugu ia aztertzen. Gehienetan zer hobetuari eusten diogu. Ez dago beste biderik.

Sarri aipatu ohi da esker txarreko ogibidea dela atezainarena. Bat al zatoz?

Erantzukizun eta zailtasun handiko lana denez, ez da samurra. Burua hotz izaten jakin behar da une oro, urduritu gabe, eta desatsegina zaizun zerbait gertatu arren amore eman gabe lanean jarraitzen ikasi. Hori onartu ezean, jai daukazu.

Noizbait gogorregi hartu zaituztelako errezelorik ba al duzu? Kritikez ari naiz.

Bai, bai. Ezinezkoa da beti maila berean aritzea. Hanka-sartzeak saihestezinak dira, zoritxarrez, eta hori onartu beharra dago. Kontrakoa ere gertatu zait: lore gehiegi jasotzea.

Lan handia egin beharko duzula aintzat hartuta, Real Madrilen kontrako partida zer da zuretzat?

Bi gauza gerta litezke: lehenbailehen ahazteko modukoa izatea, edo sekulako txalo zaparradarekin uztea zelaia. Gogotsu eta irrikaz naiz.

Mourinhoren aroko unerik gozoenean omen daude.

Eraginkortasun beldurgarria dute, sekulako joa. Fisikoki ere oso talde indartsua da. Multzo baten gisa egin behar dugu lan: elkar hartuz, sendo, lotsagabe, eta haiek zer egingo zain egon gabe, gure eginahaletan itsu-itsuan sinetsiz.

Cristiano Ronaldok astintzen al du baloia hobekien?

Hoberenetarikoa da, zalantzarik gabe. Berak baino bortitzago, behinik behin, inork ez; zehaztasunez, gainera.

Aipatu zen bere garaian Real Madrilen asmoen barruan ote zeunden. Zenbat zuen egiatik hark guztiak?

Oporretan nengoenez, ez nion arretarik jarri. Pellegrini herrikidea zegoen orduan entrenatzaile eta horrek zurrumurruak indartzeko balio izan zuen. Iturri ofizialetatik ez dut ezer entzun.

Eta bestelako eskaintzarik?

Halako kontuez aldentzeko joera daukat. Handik edo hemendik zerbait iristen zaizu: hau eta hori begira dauzkazula, bakarren batek eskaintzarik egin ote dezakeen… Baina ez dut inoiz Realarena ez den bestelako kontraturik izenpetzeko aukerarik izan mahai gainean.

Denbora pasatu ahala geroz eta garbiago al daukazu ez zarela Donostiatik mugituko?

Beti izan dut hori garbi, nahiz eta gauza asko esan diren. Ez naiz inoiz nahastu kontu horiekin. Hemen egoteaz harro eta zoriontsu nago. Iruditzen zait jarraitzaileak zintzotasuna eskertu egiten duela. Bai zelaian egiten duzun lanagatik, baita hedabideen aurrean esandakoengatik ere. Alde horretatik, sekula ez ditut ezkutatu nire pentsamenduak; fin jokatu dut. Hasiera batean, epelak entzun behar izan nituen horregatik, nahiz azkenean begi onez ikusi. Deigarria egiten zait urte asko hemen egotea; aztarna utzi nahi dut. Ez daukat besterik buruan.

Ondo bidean, Kodrori eta Nihati aurrea hartuko diezu, zuk baino hamar partida gehiago jokatu baitzituzten. Txuri-urdinen historia liburuetan sartzen ari zara pixkanaka.

Poz handia ematen dit. Ez dut txintik atera gabe utzi nahi kluba, baizik eta arrastoa utziz. Lehen egunetik argi izan dut hori.

Tradizio handiko postua da, atezain on asko egon baita: eizagirretarrak, Esnaola, Urruti, Arkonada…

Jakinaren gainean nago. Hona etorri bezain pronto horiei buruz hitz egin zidaten. Nortzuk ziren, zenbat neurketa jokatu zituzten, nora joan ziren ondoren, zer irabazi zuten…

Zure etorrera aipatu duzunez, zer duzu gogoan egun haietatik?

Ilusioz beteta iritsi nintzen. Urte askoan joka nezakeela frogatzeko gogoz, ez zutela hanka sartu nigan sinistu zuten horiek. Iraunkortasunagatik txukun ari naiz, eta azken egunera arte berdin jarraituko dudalakoan nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.