Lur aginduan daude

Iaz Hegoafrikako Konfederazioen Kopan egindako lan bikaina errepikatu nahi dute AEBek

Julen Etxeberria.
2010eko ekainaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
AEBetako selekzioak oroitzapen bikaina du Hegoafrikan lehiaketa bat jokatu zuen aldiaz. Orain urtebete izan zen: Bob Bradleyk zuzendutako taldea Konfederazioen Kopan aritu zen, ederki aritu ere, titulua irabaztekotan izan baitzen. Espainia kanporatu zuen finalerdietan (2-0), Europako txapelduna eta 35 partida galdu gabe zeramatzan selekzioa. Finalean ere balentria errepikatzeko zorian izan zen, 73. minutura arte aurretik izan baitzen markagailuan, Brasil ahalguztidunaren aurka. Azken ordu laurdenean, ordea, amore eman behar izan zuen (3-2), eta esku-hutsik geratu zen. Titulurik gabe, baina burua tente, harro; horrela amaitu zuten estatubatuarrek euren lana Konfederazioen Kopan.

Orduan egindakoak estatubatuarren konfiantza handitu besterik ez du egin. Ez dute ikusten euren burua inor baino gutxiago, eta, haien ahalmen fisikoaren eta borrokarako grinaren ondorioz, oso talde deserosoa da. Atzealde sendoa dute, eta zelai erdi eta aurrealde bizi-bizia. Landon Donovan erdilaria eta Jozy Altidore aurrelaria nabarmentzen dira; Donovanek du taldean talentu handiena: haren oinetatik pasatzen dira erasoko jokalari guztiak. Altidore, berriz, azkarra da oso, eta abila atzelarien hutsak baliatzen. Konfederazio Kopan eman zuen bere dohainen berri, Espainiari irabazteko lehen gola sartuta.

Eskarmenturik ere ez zaio falta AEBetako selekzioari, seigarren aldiz jarraian ariko baita Munduko Kopa batean. Hastapenetan, apaingarria zen kasik, baina urteak joan ahala, gora egin du nabarmen, hango Ligak ere gora egin duen heinean. Estatubatuarrek orain zortzi urte jo zuten goia, Japonian eta Hego Korean jokatutako Munduko Kopan final-laurdenetara iritsita. Gutxienez beste horrenbeste egin nahi du Hegoafrikan. Ez dute lan erraza izango, lehia bizia izango baitute Aljeriarekin eta Esloveniarekin multzoko bigarren postua eskuratu eta lehen galbahea gainditzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.