Noranahiko bizikleta

Modan daude gravel bizikletak. Asfalto gainean nahiz zoru zakarrean azkar joateko aukera ematen dute. Egokiak dira abentura zaleentzat, baina lehiatzeko ere erabiltzen dira. Dikotomia horrek banatzen ditu Euskal Herrian egiten diren gravel probak.

LABA gravel proba
Txirrindulariak LABA gravel proban. LABA GRAVEL
enaut agirrebengoa
2023ko abenduaren 05a
05:00
Entzun

Nola mendian, hala errepidean. Ia edonon ibiltzeko balio du gravel bizikletak. Hibrido moduko bat da, oso moldakorra, eta txirrindularitza beste malgutasun batez hartzeko modua ematen du. Errepideko bizikletarekin doanak sarri izaten du bidezidorren batetik sartzeko tentazioa, baina berehala baztertzen du ideia. Hobe da zulatzeko edo erortzeko arriskurik ez hartzea. Mendiko bizikletak, berriz, ez du balio pista garbietan eta errepidean azkar joateko. Gravelekoak, ordea, desagerrarazi egiten ditu mugak. Txirrindulariak asfaltorik ez den tokietan sartu nahi duela? Bada, aurrera. Eta hortik puska batera errepidean arin ibili nahi badu? Ez da arazorik. Bide oso hautsi eta harritsuak kenduta, nonahi azkar joan daiteke gravel bizikleta baten gainean.

Modalitate gisa, gravelak AEBetan du jatorria, aurrez mendiko bizikletarekin gertatu bezala. Bizikletak lurbideetan sartzen eta zenbait proba antolatzen hasi ziren, eta, marken interes komertzialek bultzatuta, moda bihurtu da han eta hemen. Gravela, egiazki, aspaldi asmatu zen; garai bateko Frantziako Tourrak edo herri batetik bestera bizikletaz egiten ziren bidaiak ere gravela ziren. Hala moduzko bizikletak erabiltzen zituzten orduan; orain, ordea, bide lakarretan aritzeko propio prestatzen dira. Oso erakargarriak dira gravelak ematen dituen askatasuna eta zirrara, eta gero eta ziklista gehiago limurtzen ari da.

Horietako bat da Mirari Nazabal (Iruñea, Nafarroa, 1992). Errepideko txirrindularitzat zeukan bere burua, harik eta gravela ezagutu duen arte. Beren-beregi berarentzat egindako bizikleta iruditzen zaio. «Errepidea arriskutsuago dago egunetik egunera, eta mendian ez naiz oso abila teknika aldetik. Bada, gravelak aukera ematen dit errepidetik kanpo kilometro asko egiteko». Nazabalentzat, pistetan eta xendretan azkar joateko aukerak egiten du berezi gravela, eta beste abantaila bat ere aipatu du: naturara hurbiltzeko aukera. «Bidaiatzeko eta toki berriak ezagutzeko aukera ematen dizu. Mapa batzuk GPSra jaitsi, zakuetan lau gauza sartu, eta hainbat eguneko planak egin ditzakezu».

Abentura izpiritu horrekin jaio zen gravela, baina enbor horretatik lehiaketen adarra sortu da, eta azkar ari da hazten. Esaterako, iaz UCI Munduko Txapelketa antolatzen hasi zen, eta Ibon Zugastik (Lezo, Gipuzkoa, 1972) urrezko domina kolkoratu zuen Master 50 kategorian. Aurten, berriz, bigarren izan da. Bidaiatzeko baino gehiago, lehiatzeko darabil gravel bizikleta. «Eztabaida dago orain, ea gravela zer den. Aldaera asko izan ditzake, eta, tira, bakoitzak egin dezala gehien gustatzen zaiona. Niri gravel azkarra gustatzen zait, pistetan ziztu bizian joatea, alegia. Eta kirol helburuak badaude, hobe».

Gravel bizikleta «aurkikuntza ederra» izan da Zugastirentzat. «Mendirako moldatutako errepideko bizikleta bat da. Mendiko teknika ematen dit, eta, aldi berean, errepideko indarra edo abiadura. Konbinazio horrekin oso gustura sentitzen naiz». Abiadura sentsazioa «errepidean baino askoz ere handiagoa» dela zehaztu du.

Erosoak eta seguruak

Itxuraz, errepideko bizikleten antza dute gravelekoek. Lehen begi kolpean, ez da alde handirik nabari. Ordea, desberdintasunak agerikoak dira xeheki begiratuz gero, eta pedalei eragitean batez ere. Nazabalek, alde batetik, bizikletaren forma aipatu du. «Geometria poltsak eramateko dago prestatua, eta errepidekoan baino tenteago zoaz, erosoago». Heldulekuari dagokionez, zabalagoa da goiko aldean, eta muturrak irekiak ditu beheko aldean. «Jaitsieretan oreka handiagoa ematen dizu».

Gurpil azalak, berriz, takodunak dira, eta 35 eta 45 milimetro artean izaten dute. «Nik, gaur egun, zabalenak erabiltzen ditut; oso seguru sentitzen naiz jaitsieretan», azaldu du Nazabalek. Zugastik, berriz, 40 milimetrokoak darabiltza. «Horrekin aski dut. 45eko azalekin pisu handiagoa duzu, eta marruskadura ere handiagoa da zoru batzuetan».

Plater bakarra, edo bi plater? Horra hor ohiko beste galdera. Ibilbidearen arabera, bata edo bestea gomendatzen du Zugastik. «Desnibel aldaketa handiak daudenean, nik beti plater bakarra jarriko nuke. Mekanikoki arazo gutxiago ematen dizu. Ordea, aldapa bortitzik ez badago, hobe da bi plater erabiltzea. Garapena bera izan arren, bizikletak beti korrituko du gehiago plater handiarekin». 

Eta zer alde dago gravel eta ziklo-kros bizikleten artean? «Geometria aldetik, luzeagoak dira gravelekoak. Ez dira horren erreaktiboak. Ziklo-krosekoak, berriz, lehiatzeko daude pentsatuta, eta, erosotasuna baino gehiago, abiadura lortu nahi da».

Jite ezberdinetako probak

Ziklistek elkartzera egiten dute beti. Arnasestuak partekatuz gozatzen da gehien bizikleta gainean. Hala, gravel zaleak batu egin dira Euskal Herrian, eta zenbait proba sortu dituzte han eta hemen. Denetan lehena, Tierra Estella Epic izan zen. Estellerriko parajeak zeharkatzen ditu, eta 2020an antolatu zuten aurrenekoz. «Arreta eman ziguten AEBetako lasterketek, eta Eskoziako proba batean parte hartu ondoren, etxean halako zerbait egin genezakeela pentsatu genuen», azaldu du Iñigo Labatek (Iruñea, Nafarroa, 1979). Antolatzaileetako bat da, eta pozik dago lasterketak hartu duen ospeagatik. «Lehen aldian, 200 partaide inguru izan genituen; aurten, berriz, 670 lagun elkartu ditugu. Hemengo probarik jendetsuena gara, Arabako Errioxan egiten denarekin batera».

Ibilbidea osatzeko erraztasun handiak dituzte. Izan ere, gravelerako eremu bikaina da Lizarrerria. «Oso bide onak ditugu soroen ondoan. Halakoak dira gravelaren muina. Eta mendiak ere baditugu. Hortaz, ibilbide askotarikoa osa dezakegu». Proba motzak 51 kilometro izan ditu aurten, eta luzeak, 110. Partaideak «giro onean» ibiltzen dira, baina jarrera aldatu dute. «Lehen urtean, oso giro lasaia nabaritu genuen. Ziklismo erlaxatuago bat sustatzen du gravelak. Alkandorarekin ibiltzeko joera sortu zen hasieran. Orain, ordea, likra besterik ez da ikusten. Estutzeko gogoa du jendeak». Hori dela eta, tarte kronometratuak ipini dituzte, eta bukaeran sailkapena izaten da.

Bestelako ikuskera du Andoainen antolatzen den LABA probak. Leitzaran, Artikutza, Bidasoa eta Aralar lotzen ditu, eta horien akronimoa da lasterketaren izena. Lehia ez baizik abentura zaletasuna eta buruaskitasuna ditu ardatz, Igor Otaegi antolatzaileak (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1974) azpimarratu duenez. «Partaideei txipa ematen diegu, baina bakoitza non dabilen jakiteko bakarrik. Bidean ez dago markarik: GPSari jarraitu beharra dago. Eta ibilbidearen berri egun batzuk lehenago ematen dugu, jendeak aurrez ikuskatu ez dezan». Bi luzera daude aukeran: 110 eta 270 kilometro. «Luzean, hamalau eta hemezortzi ordu bitarte behar dira. Asko ibilita joan behar duzu». Proba bakoitzak 50 partaideko muga du. «Bestela, baimen eske hasi behar duzu».

Mapa eskutan hartu, eta trenbide zaharren pistak lotuz osatu zuten ibilbidea. Isurialde atlantikoa, orografia aldetik, ez da horren egokia gravela egiteko, baina badaude aukerak ondo arakatuz gero. «Are gehiago, uste dut aniztasun handiagoa dugula. Bidezidorrak, pista onak, pista txarrak, oinez ibili beharreko zatiak… Denetarik dute hemengo ibilbideek». Probaren nondik norakoa taxutzean, antolatzaileak esploratzaile bihurtzen dira. «Oso ondo pasatzen dugu nondik joango garen erabakitzen. Bideak probatzen eta esploratzen aritzen gara».

Luzarorako moda

Lasterketak garatuz doaz, bakoitza bere ildotik. Tierra Estella Epicen, esaterako, bi proba antolatuko dituzte datorren urtean: bata, lasai hartzekoa; bestea, lehia handikoa. «Geroz eta jende gehiago ari da gravelean lehiatzen. Ez genuen atzean gelditu nahi», esan du Labatek. UCI mailara iristen saiatuko dira. «2025 edo 2026rako lor dezakegu». LABAk, berriz, hirugarren ibilbide bat eskainiko du datorren urtean, 170 kilometrokoa. Erdibideko aukera izango da.

Era berean, Otaegi egun bat baino gehiagoko proba bat antolatzen ari da. Datorren ekainean egingo da, Lurra izenpean, eta bidaia formatuan: 500 kilometro izango ditu. «Donostian hasiko gara, eta Euskal Herriko bazter ezkutu asko ezagutu ahalko dira. 60 orduko muga egongo da, eta parte hartzaileek ez dute laguntzarik izango. Adibidez, bakoitzak ikusi beharko du gaua non eta nola igarotzen duen». Barne bidaiatik ere izango du, hortaz. «Ziurtasunik eza kudeatu beharko dute partaideek. Nire ustez, halako esperientziek ematen diote zentzua gravelari. Lehiaketa soil bihurtzen bada, esentzia galduko du».

Nazabali iruditzen zaio gravelak pil-pilean jarraituko duela modu batera edo bestera. «Ziklismoak indarra hartu du konfinamendu ostean, eta naturan denbora gehiago pasatu nahi dugu. Gravelak bi gauzak bateratzeko aukera ematen du». Zugastik uste du gravel bizikletak ez direla egun bateko lorea izango. «Denetarako balio dute, eta markak apustu irmoa egiten ari dira». Noranahiko bizikletak dira, abentura eta abiadura nahi dituen zeinahi ziklistarentzat eginak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.