Unai Lasok bigarren garaipena lortu du buruz buruko txapelketako final-laurdenetako ligaxkan, Iñaki Artolaren kontra 22-13 irabazita, Labriten (Iruñea), eta eskura du finalerdietara sartzea. Bihar lortu dezake, Peio Etxeberriaren eta Aitor Elordiren arteko partidan zer gertatzen den. Partidak iraun bitartean, pilota atzera bidaltzen ahalegindu da Laso, eta min handia egin dio hor Artolari. Bi partzial bikain lortu ditu, 7-0 eta 9-0ekoak. Lasok azaldu du sakean egon dela gakoa, ondo ibili baita jokoaren alor horretan, baina onartu du «sufritu» ere egin duela. «Pozik» dago, baina bihar zer gertatuko zain. Artolak, berriz, esan du ez duela bere burua ondo sumatu, bereziki eskuinarekin jotzen ez baitu «gozatu», eta, aldi berean, nabarmendu du Lasok oso ondo jokatu duela.
Artolak erasoan hasi du partida, eta Lasok, berriz, defentsan. Lasok ezker boleaz erantzun behar izan du ia gehienetan, eta bi huts eginda, aurrea hartu dio Artolak, 0-2. Hala ere, hurrengoa Lasorentzat izan da, Artolak oparitua. Pilota aldatuta, sake bihurria egin du Lasok, zabalera, baina Artolak, aurkariaren asmoaz ohartu, eta tantoa egitea lortu du: 1-3.
Hala ere, Lasok azkar berdindu du lehia: lehenbizi, Artola ezin izan da iritsi txokora, eta, segidan, beste tanto bat egin du Lasok: sakez eta pilota motz aterata. Hurrengo bi tantoak ere sakez egin ditu, eta aurretik jarri da lehenengoz: 5-3. Oihuka madarikatu du Artolak. Segidan, Artola ez da ausartu ezker paretara itsatsitako pilota bat jotzera, gaizki kokatuta baitzegoen kantxan, eta, hala, Lasok 6-3koa jarri du markagailuan. Artolak atsedena eskatu du.
Atsedena bukatu ondotik, sake izugarria egin du Lasok, oso atzera botata; Artolak jaurtitako pilota goxo utzi du zabalean, eta beste tanto bat egin. Hurrengoa oso antzekoa izan da: pilota luzea, eta Artolak eramateko denborarik ez: 8-3. Hurrengo tantoak ere antzekoa behar zuen, baina zabalera joan zaio pilota Lasori, eta Artola berriro sartu da partidan, 0-7ko partzial baten ostean.
Segituan aldatu du pilota Artolak, eta asmatu du: Lasok gaizki eraman du sakea, eta, nahiz eta barruan sartu den, alegiarrak ezker gantxo bat egin du, eta, hala, erroibartarrak ezin izan dio erantzun. Hurrengo tantoa ere antzekoa izan da, eta aldea bi tantora murriztu du Artolak: 8-6. Artolaren sakea airez errematatu du Lasok, ezustean, eta pilota behera bota du Artolak, jotzea erraza zirudien arren. Lasok sakea berreskuratu du, eta hiru tantoren aldea lortu.
9-0eko partziala
Partidako tantorik gogorrenetakoa izan da hurrena, hemezortzi pilotakadakoa, eta Artolak egin du azkenean, txokoan pilota goxo utzita, eta 9-7koa jarri du markagailuan. Beste atsedenaldi bat hartu dute, eta Artolak egin du berriro tantoa itzuleran; tanto bakarraren aldea zuten, beraz. Hala ere, gutxi iraun dio pozak Artolari, Lasok hiru tanto egin baititu segidan, zabalean bat, sakez bestea eta atzean hirugarrena: 12-8.
Beste atseden bat hartu, eta joera bera: Lasok sake luzea, Artolak erantzun, baina hurrengoa eramateko denborarik ez. Hurrena ere antzekoa izan da, luze atera baitu Lasok, baina, orduan, eramateko aukerarik ere ez du izan alegiarrak. Olatuari eutsi dio Lasok, tanto gogor batean, eta pilota zabalera bota du ezker bolea batekin, Artolak ezer ez egin ahal izateko moduan: 15-8. Atseden pixka bat hartu dute berriro, baina berdin jarraitu du kontuak, beste tanto bat egin eta zortzi punturen aldea lortu baitu Lasok: 16-8. Laso Artola zigortzen aritu da berriro atzean, eta hala iritsi da 17-8koa.
Sasoia berreskuratzeko esperantzarekin, enegarren atsedena hartu du Artolak, baina Lasok, sakez tantoa egin, eta ametsa zapuztu dio. Artolak, baina, Lasoren teknika erabili du gero, eta atzera bidali du pilota, erroibartarrak ez eramateko moduan; alegiarrak 9-0ko partziala hautsi du horrela. Partida irabaztea ia ezinezkoa bazuen ere, gogor hasi da berriro Artola, gusturago amaitu nahian, eta Lasori zabalera joan zaio pilota: 18-10. Hurrena ere gorri kolorekoa izan da, Artolarena, eta alegiarrak sakez egin duen bigarren tantoa. Artola Lasok egindakoa egiten saiatu da: aurkaria atzean zigortzen, baina oraingoan gaizki atera zaio, gora bota baitu pilota, eta hauspoa eman dio Lasori: 19-11. Beste tanto bat egin du jarraian Lasok, pilota atze-atzera bidalita, eta garaipenerako bidea lasaia izatea ziurtatu du hala.
Frontoian bildutakoak algaraka hasi dira hurrengo tantoan, alde batera eta bestera ibili baitira biak, eta Artolak batu du puntua azkenean, Lasok ez baitu jasotzerik izan ezker paretara joandako pilota. Beste atseden bat hartuta, partidaren azken txanpan sartu dira, eta sake gaizto batekin, Artolak Laso estutzea lortu du, eta markagailuan 20-13koa jarri. Beste sake bizi bat egitea lortu du Artolak, baina, aurkariak eraman, eta tanto luze batean sartu dira, pilotariak arnasarik gabe uzten dituzten horietako batean. Artolari zabalegi joan zaio pilota, eta Lasori eskura utzi dio azken sakea, baita partidako azkena ere: sake luzea egin du nafarrak, eta Artolak eramatea lortu badu ere, partidako gidoiari eutsi dio Lasok: ezker gantxo bat egin, eta pilota ezin eraman Artolak. 22-13 irabazi du Lasok. Hamazazpi tanto egitea lortu du erroibartarrak, sakez horietako bost.
Lehen garaipenaren bila
Elordik eta Peio Etxeberriak elkarren kontra jokatuko dute gaur (ETB1, 17:15), Zumaian (Gipuzkoa). Txapelketako bigarren partida izango da bientzat, eta lehena galdu egin zuten biek ala biek. Beraz, garaile ateratzen denak, lehen puntua eskuratu, eta Artola berdinduko du sailkapenean.